Mamuak behin betiko uxatzeko duen aukera aprobetxatu behar du derrigor, azkeneko txanpa hurbiltzen den heinean gero eta zailago baita behetik ateratzea. Horretarako, Sevillari gaur Anoetan irabaztea da egin behar duen lehen urratsa. Zaila, baina ez ezinezkoa, kontutan harturik talde handien aurka ematen duela Realak bere onena. Eta goi mailako taldea da Sevilla une honetan, Ligan sasoi onenean dagoena. Zaleentzako ordutegi desegokian jokatuko da neurketa, gaueko hamarretan, eta klubak sarrera prezio erdian erosteko aukera eman die bazkideei, zale kopurua asko jaitsi delako azken jardunaldietan. Gaur zelaira doazen jarraitzaleek Valentziaren kontra bezainbeste animatzea eskertuko luke taldeak. Gaur ikusle gehiago egongo da ziurrenik, baina lanak izango dituzte orduan joan zirenak adina zarata ateratzen.Atzealdean sendo jokatzera behartuta dago gaur Reala, zer edo zer lortu nahi badu. Amorrortuk eginiko eskema aldaketarekin errazago aurkitzen du erasorako bidea, inspirazio handiagoa dauka, eta joko ikusgarriagoa egiten du. Defentsan, ordea, ahulago dabil, gol gehiago jasotzen ditu eta aukera gehiago ematen dizkio arerioari. Argi geratu zen hori Racingen eta Valentziaren kontra; markagailuan aurretik egon arren, taldea ez zen gai izan aurkariari bideak ixteko, jokoa mantsotu eta erritmo geldoagoa ezartzeko. Sevilla, tamalez, punch handiagoko taldea da, aukera duenean sekula barkatzen ez duenetakoa. Eraginkorra, hitz batean. Lehentasuna, beraz, entrenatzaileak hainbeste desio duen oreka lortzeak izango du gaur.Atzealdean ditu Realak, hain zuzen, hutsune garrantzitsuenak. Hegalekoek, Garridok eta Zubiaurrek, min hartu zuten Racingen kontra eta ezingo dute gaur jokatu. Pena handia da, biak ala biak maila bikainean ari zirelako, gazteak izan arren berme handiko atzelariak direla erakusten. Rossatok eta Lopez Rekartek beteko dituzte horiek utzitako hutsuneak. Brasildarra deialditik at geratu zen azken partidan, eta arrasatearrak aulkitik ikusi ditu azken biak. Batak zein besteak aukera izango dute gaur euren jokoa aldarrikatzeko. Gainerakoan ez da ezusterik espero, nahiz eta Amorrortu tartean dela zaila den beti asmatzea. Gauzak ondo-ondo doazenean ezer ez aldatzea agintzen du logikak, eta Realak itxura politagoa eman du azken bi norgehiagoketan, hamaikakoari konfiantza emateko modukoa. Hala eman zuen aditzera entrenatzaileak atzo: «Goiztxo da gure jokoa finkatu dugula esateko, oraindik apur bat falta da, baina oinarri onak dauzkagu». Gainera, Santanderren irabazitako kreditua gaur amaitzen zaiela gaineratu zuen.
-
DRAGAN MLADENOVIC
«Santanderren taldeak irabazi egin zuela da garrantzitsuena»
Realaren azken fitxaketa, Dragan Mladenovic, aulkian geratuko da gaur bigarren aldiz, itxura guztien arabera. Serbiarra, baina, pozarren agertu zen atzo Zubietan egin duen lehen agerraldian: «Etxean bezala sentitzen naiz. Oso gustura nago, beste lagun bat banintz bezala hartu naute». Ez zuen estreinakoan eginiko lanaz hausnarketarik egin nahi izan, eta hamaikakoan sartzeko gogor lan egingo duela esan zuen: «Garrantzitsuena taldeak irabazi egin zuela izan zen, ez nik nola jokatu nuen. Talde honetan ez dago izarrik, jokalarien arteko maila nahiko parekoa da. Hutsuneak egotea ez dio taldeari erasaten».