FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. JOHN ALOISI. «Ea 100. partida gol batekin eta garaipenarekin ospatzen dudan»

2004ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Izen handirik gabe iritsi zen John Aloisi Iruñera Javier Mirandaren eskutik, eta osasunazale askok akatsak barkatzen ez badizkiote ere, Lotinarentzat zein Aguirrerentzat ezinbesteko jokalaria da australiarra. Azken hiru denboraldietako golegile gorritxorik onena da, eta lana erruz egiten duela ukatzerik ez du inork. Osasunako elastikoarekin 100 Liga jardunaldi beteko ditu gaur.

100.a izanik, partida berezia al da hau zuretzat?

Bai, oso berezia da, klub batean ehun partida jokatzea ez da erraza, eta ea ehungarren partida gol batekin eta garaipenarekin ospatzen dudan.

Iritsi zinenean hainbeste partida jokatzea espero al zenuen?

Ez dakit, lau urteko kontratua sinatzerakoan partida asko jokatzea espero duzu, baina futbolean ez dago jakiterik zenbat iraungo duzun toki berean. Inoiz ez nituen hainbeste partida jokatu klub batean, eta gustura nago. Osasunan beste ehun partida jokatu nahiko nituzke.

Zure unerik onenean zaude?

Baietz uste dut, fisikoki oso ondo nago, eta taldea ondo ari denez denontzat da errazagoa ongi jokatzea.

Orain sasoi onean zaude, baina opor laburrak izan dituzu Olinpiar Jokoen ondorioz, eta horrek eraginik izan dezake aurrerago. Fisikoki beherakada bat izatea aurreikusi al duzu?

Hiru asteko oporraldia izan nuen Olinpiar Jokoetara joan aurretik, eta futbolari batentzat nahikoa dela uste dut. Ez dut beherakadarik espero. Gainera, Real Madrileko edo Bartzelonako jokalariek 60 edo 70 partida jokatuko badituzte ere, guk 38 partida bakarrik jokatuko ditugu Kopaz gain, eta ez dut uste gehiegi nekatuko naizenik.

Sasoi amaieran kontratua amaitzen zaizu. Jarraitu nahi duzu?

Beno, klubak kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera ere badu, eta, egia esateko, une honetan ez dut gai horri buruz gehiegi pentsatu.

Malagari irabazteko garaia bada.

Bai, baina partida zaila da. Zelai arraroa da Malagakoa, eta ez da erraza izaten han jokatzea. Malaga talde sendoa da gainera, eta fitxaketa onak egin dituzte. Wanchope esaterako Ingalaterran aurkari izan nuen, aurrelari ona da, garaia, sendoa eta teknika onekoa. Dena den, ea partida onik egiten ez duen eta garaipena lortzen dugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.