Zeruan aritzea gustuko du Athleticek. Are eta gehiago Bilboko zeruan bada. Partida gaitzak, gogorrak, intentsitate eta tentsio handikoak jokatu gura izaten ditu. Orduan ematen du barruan daraman onena. Zaleen berotasunak iluntzeko partidek ez dute zerikusirik izaten arratsaldean jokatzen direnekin indartu egiten dute jokalaria. Fisikoki garaiezinak dirudite, jan egiten dute aurkaria sarri askotan.
Athleticen alde ona da. Alde txarra ere badu, ordea. Kanpoan eta Ligako talde ahulenen aurrean erakusten duena. Itxuraldatu egiten da. Ez du berea ematen. Tentsio barik, indar gutxirekinÉ gora begira egoten dira jokalariak. Zeruan egon gura, baina lokatzetan daude. Hankak mugitzea ere kosta egiten zaie. Alfonso Perez futbol zelaian egon ziren 1.000 zale zuri-gorriek badakite zer den hori. Trabzonspor merezita kanporatu ostean, dena eginda zegoelakoan zelairatu ziren zuri-gorriak Getaferen aurka. Lehen minutuan galtzen ari zen Athletic. Hurrengo 89 minutuak negargarriak izan ziren. Zer pentsatuko ote zuten Madrilen bizi diren Athleticeko zaleek?Athleticen itxuraldaketaren arrazoiak buruan eta hanketan aurki daitezke. Buruan, onenei irabazteko gai direla ikusi eta jokalariek ez dutelako behar den moduan prestatzen neurketa. Horrek mintzen du gehien Valverde. Teknikariak asko haserretu zen Getafen, eta hurrengo egunean luzaroen aritu zen berbetan euskarri eta atzelariekin. Ez zuten behar adinako arreta erakutsi. Behin zuzentzen hasita, erasoan aritu zirenei ere gehiago eskatzerik bazuen. Ordutik hausnarketarako denbora izan dutela uste du entrenatzaileak, gaizki egindakoak konpontzeko, alegia.Buruak ez eze, hankek ere badute zerikusia. Athleticek %100 eman behar du partida bakoitza irabazteko. Teknika aldetik, beste talde asko baino eskasagoa da. Horri aurre egiteko, lana eta borrokarako jarrera dira Athleticen armak. Lehenago edo geroago nabaritu egiten du, ordea. Partidak joan, partidak etorri, ezin da jokatu Athleticek jokatzen duen erritmoan are eta gutxiago aste erdian beste neurketa bat badago. Ez, behintzat, jokalari berberekin. Beraz, zenbait jokalariri atsedena eman behar zaie. Zelai erdikoei, batik bat, horiek nekatzen dira-eta gehien. Orbaizek eta Gurpegik, adibidez, lan handia egiten dute. Orain aurrean, orain atzean, sekulako ekarpena egiten diote Athletici. Jokalari garrantzitsuak dira, baina aurrera begira indartsu egoteko beharrezkoa dute atseden hartzea.
Bordasen aukera
Bietako batek horretarako aukera izango du gaur, baliteke-etaEndika Bordasek hasieratik jokatzea. Bermeotarrak sasoi bi daramatza lehen taldean, baina aukera gutxi izan du jokatzeko. Teknikariak adina denbora eman du aulkian. Nahiz eta partida bat sekula ez den nahikoa norberaren maila erakusteko, Athleticen jokatzeko gaitasuna duen erakusteko parada izan dezake. Bide batez, teknikariak jokalariarengan zenbaterainoko konfiantza duen neurtzeko ere balio dezake gaurko partidak.
Aurrealdean ere badira aldaketak. Ezquerrok min hartu zuenetik Espainiako Kopan itzuliko da taldera, Arriagak eta Angulok jokatu dute erasoan ezkerretik. Gaur ez dira egongo. Del Hornoren postua aurreratu edo Etxeberria edo Yeste lekuz aldatzea dira aukerak. Era berean, Aranzubia langapera itzuliko da. Jokatzen duenak jokatuta, Albaceteren estrategia zaindu eta talde ahulen zelaian orain arte erakutsi ez duen tentsioa erakustea izango da futbolarien zeregina. Horrela, Albacete mendean hartzeko aukera izango dute.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Lokatzetara
Getafen eginiko akatsak berriz ez egitea da Valverderen helburua, eta taldean aldaketak egingo ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu