Aguirrek defentsarekin egin du lan aste honetan. Iragan sasoiko sendotasun defentsiboa berreskuratu nahi du entrenatzaile mexikarrak, orain arteko bederatzi jardunaldietan behin ere ez baitute lortu gorritxoek partida bat golik jaso gabe amaitzea. «Atzean sendoago azaldu beharra dugu. Ordena mantentzea eta partidan une oro erne egotea ezinbestekoa da horretarako, eta aste honetan lana gogotik egin dugu hori lortzeko asmoz. Aste honetako lanaren ardatza defentsa izan da, atzealdearen lana aztertzeko bideoak ere ikasi ditugu, eta aste barruan egindako lana zelai gainean erakusteko aukera izango dugu Vila-realen», adierazi zuen atzo Aguirrek. Hargatik, «horrek ez du esan nahi atzean sartuta zelairatuko garenik», Aguirreren esanetan. Atzeko lerroa aurreratuta ere defenda daitekeela badaki entrenatzaile mexikarrak.Atzean sendoago agertu beharra azpimarratu arren, Aguirrek ez du aldaketarik egingo atzelarien eta euskarrien artean. Izquierdo, Krutxaga, Josetxo eta Corrales izango dira atzeko lerroan eta Puñal eta Pablo Garcia euskarri bikoitzean. Azken partidetan Sadarreko zaleek txistuka hartu badute ere, atean Ritxar Sanzol izango da gaur ere. «Taldeari mesederik ez diotela egiten uste dut, baina jendeak nahi duen bezala adieraz dezake sentitzen duena. Iraganeko kontuak dira horiek jada, eta Sanzoli animo berezirik eman beharrik ez dut izan», erantzun zuen atzo nafarren entrenatzaileak atezainaren inguruan galdetu ziotenean.
Milosevic, hamaikakoan; Morales, aulkian
Zelai erditik atzerako postuetan aldaketarik izango ez den heinean, zelai erditik aurrera ere ez da berritasun hadirik izango, baina ezker zangoan zuen zuntz haustura txikia gainditu ostean, Savo Milosevic golegile serbiarra hasieratik jokatzeko moduan da, eta Aguirrek Aloisiren aurretik jarriko du serbiarra, eta, hala, orain arte Osasunak sasoi honetan izan duen aurrelari bikote eraginkorrena berreskuratuko du. Milosevic itzulita, Valdo eskuin hegalera bueltatuko zela ere bazirudien, baina atzoko deialdiko ustekabe nagusia Valdoren hutsunea izan zen. Real Madriletik iritsi den jokalari gaztea deialditik at utzi zuen Aguirrek, nahiz eta arazo fisikorik ez duen. «Gauzak kontra jarritakoan hazi egiten diren jokalariak badira, eta Valdo hori ikasten ari da, gazterik iritsi baizen Real Madriletik. Valdok eta Webok izan dituzte aukerak eta orain beste batzuk ikusi nahi ditut», laburbildu zuen mexikarrak Valdoren hutsunea arrazoitzeko.
Eta beste batzuk ikusi nahi dituela zioenean, Chengue Morales aurrelari uruguaiarra zuen buruan Aguirrek. Castellon Kopan jokatu zituen Moralesek sasoi honetako lehen minutuak, baina orain artean ordezkoen aulkian esertzeko aukerarik ere ez du izan aurrelari handiak. Gaur, lehendabiziko aldiz sasoi honetan, Espainiako Ligan jokatzeko moduan izan daiteke.
- JAVIER AGUIRRE OSASUNAKO ENTRENATZAILEA
«Osasunak 26 urteotan inoiz ez du Europa helburutzat izan»
Javier Aguirre entrenatzaile mexikarrak amaitutzat eman nahi izan zuen atzo Levanteren aurkako porrotaren ondotik eginiko adierazpenek eragindako zurrunbiloa. «84 urteko historian 26 urtez izan da Osasuna Lehen Mailan, eta inoiz ez du Europa helburutzat izan sasoi hasieran. Gure helburua mailari eustea dela esateak halako egonezina sortzea ez dut ulertzen, beraz», esan zuen atzo entrenatzaile mexikarrak. Aguirreren ustez, «jendea ohitu egin da hainbeste astetan taldea jaitsiera postuetatik at ikusten, beste egoera batera ohitzen hasiak gara, baina esku artean zer daukagun aztertzea komeni da: fitxaketak, aurrekontua, soldatak, helburuak eta dena aztertzea komeni da». Prentsa aretoan zen kazetari beteranoenak soilik erantzun zion entrenatzaileari: «UEFArako lehen sailkapena lortu ondoren Europan sartzea lortzen ez zuten urtea urte txartzat jotzen genuen, 80ko hamarkadaren erditik jaitsiera bitartean gutxi gorabehera», nabarmendu zuen kazetariak.