FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. BENETAKO AURKARIA. BENETAKO AURKARIA

Azken asteko gorakadari segida ematen saiatuko da gaur reala, miguel angel lotinaren espanyolen kontra

Xabier Lopetegi.
2004ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Gora begira hasteko moduan» ikusten du Reala Jose Mari Amorrortuk, «taldeak azkenaldian bezala» jarraitzen badu bederen. Asmo handiko helburuekin pentsatzen hasi baino lehen, ordea, taldeak orain arte tantaka erakutsi dituen oinarriak gehiago finkatzea nahi du. Eta oinarriak ez dira finkatzen Numancia, Burgos eta halako arerioen kontra, kontrario gogorragoen aurka baizik. Benetako kontrarioen aurka, alegia. Horregatik, hiru puntuez haragoko garrantzia dauka gaur Realak Espanyolen kontra jokatuko duen partidak, taldeak aurrerantzean egin dezakeenari traza hartzeko baliagarria izango delako.

Jaitsiera Txapeldunen Liga bezain gertu dauka Realak sailkapenean. Ondorioz, gaurko neurketa mugarria izan daiteke aurtengo denboraldian. Irabaztea sekulako aurrerapausoa izango da; galtzea, ordea, kolpe bortitza, presioa aste batean joan eta hurrengoan itzuli egiten da-eta futbolean. Zer esanik ez, Kopan Mirandesen kontra ere porrot egiten badu. Hiru puntuak lortuta, aurrera egiteko indarberriturik aterako da taldea, batez ere itxura polita ematen badu. Galduz gero, ordea, zabu-zabuka jarraituko du Amorrorturen taldeak.Izan ere, ez da gauza bera Ligako talde txarrenari irabaztea (Numancia) eta Espanyol edo halako talde bat mendean hartzea. Gol gutxien sartu dizkioten bigarren taldea da Lotinarena, eta sekula ez diote sartu partida batean gol bat baino gehiago. Harkaitza baino gogorragoak dira meñakarraren taldeak, trinkoak eta sendoak defentsan. Beraz, duda-mudak alde batera uzteko eta konfiantza hartzeko kontrario ezin hobea dauka gaur Amorrorturen taldeak. Entrenatzaileak badaki Espanyol kontraerasoan talde arriskutsua dela eta horrek Realaren jokoa baldintzatuko duela. Goi-goian egin zuen presioa Numanciaren kontra, baina gaur badirudi kontu handiagoarekin egingo diola aurre Espanyoli: «Sorian ez bezala jokatu behar dugu. Aurrean kokatu behar dugu, baina atzean sendo jardun behar dugu. Hortik abiatu behar dugu». Estrategian bai, baina eskeman eta hamaikakoan ez da berritasunik espero. Gauzak gaizki zihoazenean Amorrortuk ez zuen hamaikakoa aldatu, eta orain, emaitzak alde dituenean, are gutxiago. Labakak Ligako hirugarren partida izango du gaurkoa, Jauregi ez baita osatu. De Paula, berriz, deialdian sartu du, eta jokatzeko moduan dago; ez, ordea, Alkiza, gastroenteritisak jota ibili baita aste honetan.

Taldearen egoerak hobera egin du, baina Amorrortuk ez du oraindik helburuez hitzik ere entzun nahi: «Duela bi aste gauzak oso bestelakoak ziren. Guztiak zeuden beste partida bat galduz gero gertatuko zenaren beldur. Helburuak bainoago, taldeak bere nortasuna aurkitzea da garrantzitsua». Haren iritziz, ez zaie lortutako azken garaipenei duten baino garrantzi handiagoa eman behar: «Lehen ez genuen lasaitasuna eman digute, baina garai oparoak baliatzen ikasi behar dugu, lasaikerian ez erortzeko».

-

ESPANYOL



Iazkoaren antzik ere ez



Azken urtean zeharo aldatu da Espanyol. Iaz, urte sasoi honetan, sailkapeneko azpen postuan zen. Denboraldi erdian ia ezinezkoa zirudien taldeak mailari eustea, baina azkenean lortu zuen, latz sufrituta. Zerikusi handia izan zuen lorpen horretan Luis Fernandez entrenatzaileak eta Tamudo eta De la Peñak osatutako bikoteak eginiko lan bikainak. Aurten, ordea, sailkapeneko goiko aldean dago, hamalau punturekin, Txapeldunen Ligatik bi puntura.

Luis Fernandezekin talde erasokorra zen Espanyol, nahiko ikusgarria, arrisku handiak hartzen zituena. Lotinarekin, ostera, guztiz kontrakoa da. Golak sartzea kosta zaio gehien, jokalari eta indar gehienak defentsan erabili ohi dituelako meñakarrak. Ikuskizuna ez, eraginkortasuna du gustuko, eta espiritu horiere Espanyoli kutsatu dio. Hutsune garrantzitsua bete beharko du gaur, Tamudorena. Taldeak komeriak izaten ditu zelai gainean ez dagoenean, goleatzaile nagusia baita. Haatik, Anoetan bera ordezkatuko duena ere, Dani beteranoa, aurrelari aparta da, berme handikoa.Gainerakoan, aldaketarik ez du egingo Lotinak. Kanpoko partidetan De La Peña kendu eta Fredson brasildarra jartzen ari da, zelai erdia sendotzeko asmoz. Gaur ere defentsari emango dio lehentasuna. Zelai erdira bost gizon borrokalari aterako ditu: Maxi, Ito, Alex, Fredson eta Serrano, alegia. Maxi eta Serrano hegalekoak dira erasoan trebeenak; gainerako hirurak presio lanetan arituko dira, Ito eta Alex batik bat. Galtzak bete lan izango dituzte gaur Alonsok eta Aranburuk, zelai erdiko jokoa menderatzeko. Atzelarien lerroan datza, nolanahi ere, Espanyolen indarra. Lopok eta Pocchetinok osatutako zentral bikotea ez da batere gainditzen erraza. Gogor jokatzen dute, denak emanda, txartelen mugatik gertu, aurrelaria ernegatzeraino askotan. Hori dela eta, pazientziaz jardun beharko dute gaur Nihatek eta Kovacevicek, talde guztiak bezala. Jokoa sortzean izaten ditu gabeziak Realak, eta Espanyol abila da oso arerioaren jokoa deuseztatzen. Markagailuan aurreratzea lortzen badu, asko izango du irabazita Amorrorturen taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.