FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. dena alde, postua izan ezik

zaleen babesa ezinbestekoa izango du gaur Realak denboraldiko lehen garaipena lortzeko; atletico madrilek ez du inoiz irabazi anoetan, eta hutsune larriak ditu, gainera

Xabier Lopetegi.
2004ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Gezurra badirudi ere, dena alde dauka Realak gaur Atletico Madrilen kontra jokatu behar duen partidan. Dena alde, postua izan ezik. Presioa, hori da gaur txuri-urdinen etsai nagusia; garaipena lortzeko duen premia itogarria ahaztu beharko du, partida jokoan dagoen bitartean bederen. Hori lortuta, asko dauka irabazita Amorrorturen taldeak, gainerako guztia alde duelako: zaleen babesa, estatistika, eta Atleticoren lesioak. Realak, gainera, hobera egin zuen Sevillan, eta Atleticok, emaitza onak lortu baditu ere, ez du beste munduko jokorik erakutsi azken bi norgehiagoketan.

Zaleen laguntzak duen garrantziaz hitz egitea topikotzat joko dute askok, baina ezin da ukatu faktore horrek eragin handia izan dezakeela neurketa batean, are gehiago gaurkoan. Anoetan jokatutako azken partidan, gutxi egin zuen Realak animoak merezitzeko, baina zaleen erantzuna txalogarria izan zen neurketa hasi eta bukatu bitartean. Gaur ere halakoa izango da, hasieran behintzat, kontrako gol batek giroa gaiztotu dezakeelako. Horren jakitun, Amorrortuk zaleen laguntza eskatu zuen atzo. «Racingen kontra, laguntza handia eskaini ziguten. Hori errepikatzea eskatuko nieke. Talde honek babesa behar du», adierazi zuen. Gaurko partidaren aurrekariak ere Realaren aldekoak dira, Anoeta eraiki zutenetik, Atleticok ez baitu sekulan garaipenik lortu bertan, Ligako partidetan, behintzat. Zazpi bider galdu du eta bi berdinketa baino ez ditu lortu. Jakina da Realeko zaleek ez dutela oso begiko Atletico Madril, eta presiopean arituko dira madrildarrak gaur ere. Zergatia edozein dela ere, Anoeta zelai zaila da Atleticorentzat.

Realari gaurkoan jokalari garrantzitsuak falta bazaizkio ere De Paula, Xabi Prieto eta Brechet, Atletico Madrilen hutsuneak askoz larriagoak dira. Hamaikakoa erabat itxuraldatu beharko du Cesar Ferrandok: Ibagaza, Luccin eta Salva lesionatuta daude, eta Perea kolonbiarrak partida bateko zigorra bete behar du. Ez dira nolanahiko jokalariak. Ibagaza oinarrizkoa da Ferrandoren eskeman; bera da erasoko jokaldiak antolatzen dituena, eta bere irudimena eta talentua faltan botako ditu taldeak, ziur asko.

Luccin berak ere garrantzi handiko lana egiten du zelai erdian, baloiak lapurtzen eta jokoa banatzen. Salva gabe, berriz, Torres isolatuta gelditzen da askotan aurrealdean, askoz arriskutsuagoa baita madrildarra ondoan beste jokalari bat duela. Perea ez jokatzea ere asko eskertuko du Realak, kolonbiarra primerako zentrala baita, altzairua baino gogorragoa, gaindiezina ia. Beraz, lesioek ere Realaren alde egiten dute. Halere, hobe izango dute txuri-urdinek lotan ez geratzea, geratzen zaionarekin sarraski handi samarra egin baitezake Atleticok. Zerbaitegatik daude sailkapeneko goikaldean.

Sevillako hamaikako bera

Itxura guztien arabera, Luis Mari Amorrortuk Sevillako hamaikako bera zelairatuko du gaur. Rossatok, beraz, zelai erdian jokatuko du, eta Mikel Alonsok eta Aranburuk osatuko dute euskarri bikotea. Mikel Artetak aulkitik ikusiko du partida, beste behin ere. Hamaikako finko baten aldeko apustua egin nahi duela erantzun zuen Amorrortuk atzo, antiguarraren inguruan galdetu ziotenean.«Hamaikakoari jarraipena eman nahi diot, eta planteamendu horrek Mikel Arteta hasierako taldetik kanpo uzten du, baina ez diot gai horri garrantzi handirik ematen, eta ez diot eman nahi ere», azaldu zuen.

Entrenatzaile deustuarrak ezinbestekotzat jo zuen taldea lasai aritzea. «Atleticok lasai jokatuko du eta guk urduritasuna alde batera utzi behar dugu. Lasaiegi ere ez, baina antsietateak sortzen dituen akatsak ekidin behar ditugu». Atzelariengan «konfiantza osoa» duela berretsi zuen. «Taldea prest dago Brecheten hutsuneari aurre egiteko. Daukagunarekin konponduko gara. Jauregi oso ondo dago, ahaztutak ditu bizkarreko arazoak, eta Luiz Alberto eta Labakarengan ere konfiantza osoa daukat».

jose mari amorrortu

Realeko entrenatzailea

«Racingen kontra, laguntza handia eman ziguten zaleek, eta gaur ere hori eskatuko nieke»«Hamaikakoari jarraipena eman nahi diot, eta horrek Arteta hasierako taldetik kanpo uzten du»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.