Gaur ez zaizkio ilusioa eta adorea faltako Realari: taldeko gazte askok ez dute inoiz Bernabeun jokatu, eta lehenbizikoz egiteko irrikan dira. Horietatik lau, gutxienez, hasierako hamaikakoan izango dira: Riesgo, Labaka, Prieto eta Garrido. Zubiaurre eta Alonso ere bertan izango dira ziurrenik, Rekarte eta Alkiza jokatzeko prest badaude ere. Amorrortuk ez ohi du aldaketarik egiten taldearen azken emaitza ona izan bada, eta halakoa izan zen Betisen kontra. Ezusterik ezean, Zubietan hazitako zortzi jokalari zelairatuko ditu entrenatzaileak, hau da, sasoi honetako kopururik handiena. Batezbeste 25 urte baino gutxiago dituen talde batekin egingo dio aurre Real Madril ahalguztidunari.Xabi Prieto izango da berritasun nagusia. Karpin ordezkatuko du eskuin hegalean, errusiarrak minberatuta daukalako oraindik ezker izterreko iskiotibala. Neurketa berezia izango da Prietorentzat, iaz aho bete hortz utzi baitzituen Bernabeuko ikusleak bere jokoarekin. Bi gol sartu zituen, egundokoak biak: areaz kanpoko jaurtiketa eder batekin bata, eta panenka erako penalti jaurtiketa batekin bestea. Denboraldi honetan, ordea, zorteak bizkarra eman dio. Racingen kontra, laugarren saioan, Karpin aulkian utzi eta hasieratik jokatzeko aukera eman zion Amorrortuk. Taldeko onena izan zen, baina entrenamendu batean besaburuan lesionatu zen hiru asterako eta harrezkero ez da hasierako hamaikakoan sartu. Duela pare bat aste amigdalitisak jota egon zen donostiarra, baina jada ahaztuta du eta onena emateko prest ikusten du bere burua. «Aste batzuk eman ditut geldirik baina prest nago jokatzeko. Taldea ondo ari da jokatzen eta gogoz eta ilusioz goaz Madrilera. Gazteontzat oso neurketa polita da, ilusio handia egiten digulako Ronaldo eta Zidane bezalako jokalarien kontra aritzea». Zubiaurrerekin batera Bernabeun eskuin hegala osatzeak ere xarma berezia dauka berarentzat, Reala Bn ere hainbatetan jokatu dutelako elkarrekin: «Duela zenbait urte hori gertatuko zela esan balidate ez nukeen inondik inora sinetsiko».Prietok argi dauka zer egin behar duen Realak. «Ondo defenditu, eta ditugun aukerak aprobetxatu. Haiei tarte gutxi utzi. Munduko jokalari onenak dira eta oso ondo aprobetxatzen dituzte aurkariaren hutsak». Bere ustez, garrantzi handia izango du toki arriskutsuan baloiak ez galtzeak. Hori da astean zehar ikusi dituzten bideoetatik atera duen ondorioa. «Levante eta Albaceteri hiru gol sartu zizkien hamar minututan, zelai erdian galdutako baloiei esker, batez ere. Galduz gero, arriskutsua ez den tokian galdu behar dugu, eta atzealdean tinko eutsi».
Alkiza, deialdian; Oskitz, ez
Karpinen hutsuneaz gain, bi nobedade daude deialdian: Bittor Alkiza itzuli da, partida bateko zigorra bete ondoren, eta Oskitz kanpoan gelditu da. Beraz, Nihat eta Kovacevic dira Amorrortuk Madrilera eraman dituen aurrelari bakarrak. Halere, entrenatzaileak adierazitakoaren arabera, Realak ez du bere jokatzeko era aldatuko, ez daukalako zertan aldatu.
-
REAL MADRIL
Etxean, talde onenetariko bat
Inoiz baino zailagoa da aurten Santiago Bernabeun punturen bat ateratzea, Real Madril Ligako hirugarren talderik onena baita etxean, Bartzelona eta Sevillaren atzetik. Hamasei gol sartu eta bi baino ez ditu jaso, eta alerik ez diote sartu bost partidetan. Bartzelonaren itzalpean egon da Liga guztian, baina aukerak ditu oraindik betiko arerioa harrapatzeko eta Espainiako Kopan eta Txapeldunen Ligan aurrera jarraitu du ÃErroma gaindituta sailkatu da aste honetan-. Ez dago futbolaz gehiegi jakin beharrik Real Madril deskribatzeko. Talde bezala ez du inolako nortasunik, eta jokalari asko, Raul kasu, gainbehera doaz, baina kalitatea oparitzeko adina dauka. Asko sufritzen du lerro arteko tarteak estutu eta euskarriei presioa egiten dietenean, ez baitira ondo moldatzen pentsatzeko astirik ez dutenean. Gorriak ikusten ditu aurkaria baloiaz jabetzen denean ere, eta horretan ahalegindu beharko du Realak, gehien kostatzen zaiona bada ere. Ezker hegalean zulo handia uzten du askotan, Roberto Carlosek gora ero-ero egiten duelako eta Zidanek erdira joateko joera duelako. Era berean, zentralak ez dira oso azkarrak eta Nihatek min handia egin diezaieke bizkarra hartuta. Atzean sendo eutsi eta gabezia horiek baliatzea izan daiteke gakoa.