noiz ez nuen pentsatu beste talde baten elastikoa janztea. Arraroa egiten zait aldaketa», adierazi du Agustin Aranzabalek aste honetan. Zaragozako jokalariak guri ere arraroa egiten zaigu oraindik hori idaztea bihotzean daraman taldearen kontra arituko da gaur, Realaren kontra. 15 urtez eraman zuen bergararrak elastiko txuri-urdina soinean: 351 partida jokatu zituen guztira lehen taldean, bere adinarekin inor gutxik lortutakoa. Tatxarik gabeko ibilbidea egin zuen, beti umil, beti prestu, sekulan adierazpen arranditsuak egin gabe. Futbolari aparta dela erakutsi zuen, baina dohain horiek bigarren mailan geratzen dira berari buruz hitz egitean, gauza guztien gainetik bere jokabide zintzoagatik izan delako eredu. Agurra, ordea, ez zuen izan berak eta esker oneko zaleek espero zuten bezalakoa. Ondorioz, gaurko partidaren karietara, Donostiako komunikabide guztiek jomugan izan dute bergararra, titulu zirraragarri baten gose.
Jai daukate, dena den, erantzun morbosoren bat entzun nahian dabiltzanak. Realari adio esan zionean adierazitakoa errepikatu du Aranzabalek: «Konturatu nintzen egin nezakeen onena Reala uztea zela». Ez du gustuko nabarmentzea, horretan ez da aldatu. Bere garaian, baina, ezusteko handia eman zuen erabaki horrekin. Gogoratu behar da otsailean 2006. urtea arte berritu zuela kontratua Realarekin. Pozik agertu zen orduan: «Nire adina kontuan hartuta [30 urte], kirol ibilbidea Realean amaituko dudala esan dezaket, hasi nintzen taldean». Esanak esan, ordurako kluba uzteko asmoa zerabilkien buruan, kontratu berrian hori egiteko aukera sartu baitzuen. Ekainean eman zuen alde egiteko erabakiaren berri: «Kontratua negoziatzen hastean dena ondo zihoan. Baina une batean jabetu nintzen ezin nuela Realean jokatzen jarraitu. Orduan klubari esan nion nire erabakia taldea uztea zela. Klubak ez zuen amore eman eta ni iritziz aldarazten saiatu zen. Nik ere atea irekita utzi nuen, denboraldia bukatu arteko hilabeteetan agian egoera hobetu eta iritziz aldatuko nintzelako. Hori ikusita, klubari exijitu nion kontratu berrian gustura egon ezean taldea uzteko askatasun osoa izatea. Egoera ez da aldatu, eta azkenean alde egitea erabaki dut, nire aroa bukatu dela jabetu bainaiz». Maletak egin, eta Zaragozara egin zuen alde, majo sufrituta, emaztea, alaba eta lagunak Donostian utzi behar izan zituelako.
Urte txarra
Zaila, oso zaila da erabaki horren atzean dagoenari tankera hartzea. Kirol arloan urte txarra izan zuen iazkoa, taldeak bezala. Lesioekin arazo dezente izan zituen, eta Potillonek tokia kendu zion askotan. Txistuak entzun behar izan zituen sarritan, txistu mingarriak, bere ibilbidearen gailurrean iritsi zirelako Realak Txapeldunen Liga jokatu zuela iaz. Horrenbeste urte sakrifikatu ondoren behar bezala baloratzen ez zutela sentituko zuen, agian. Alferrikakoa da errudunak bilatzea; isilean alde eginda, arrasto sakona utzi du zaleengan, taldekideengan, eta Garridorengan, bere lekukoa hartu duen gaztearengan alegia. Bigarren itzulian jasoko du merezitako omenaldia, Anoetan. Ordura arte, zorte onena opa diogu; gaur izan ezik, noski.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. Kapitain isila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu