FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. Presiopean, beste behin

Darko Kovacevicek minberatuta dauka orpazurda tendoia, eta ez da ariko gaur Levanteren aurka

Xabier Lopetegi.
2005eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
2005. urtea era kaskarrean hasi izanak presiopean jarri du Reala, amildegitik gertu. Ez da lehenengo aldia denboraldi honetan. Aukera bat baino gehiago izan du taldeak taula erdian finkatzeko, baina une garrantzitsuetan kale egin du eta horrek lasaitasuna lortzeko hamaika ahalegin egitera behartu du. Orain ere, jaitsiera postuak lau puntura ditu. Bartzelonaren kontra maila polita emate hutsarekin konformatu bazen ere, gaur, Levanteren aurka, joko onaz gain, emaitza ona behar du Realak. Gaurkoaren gisakoak dira derrigor irabazi beharreko batailak.

Hainbeste desiatzen duen lasaitasun hori lortzeko, espero ez zuen hutsunea bete beharko du Jose Mari Amorrortuk, Darko Kovacevicena. Orpazurda tendoia minberatuta dauka eta Donostian geratu da. Txuri-urdinen erasoko jokaldietan ardatza da, taldearen jokoa erabat baldintzatzen duen ikurra. Golarekin ez da askorik asmatzen ari bost egin ditu, baina baloiari ezin hobeto eusten dio eta aukera asko sortzen ditu bere taldekideentzat. Aurten, gainera, partida guztiak jokatu ditu, Mestallakoa izan ezik. Orduan, Amorrortuk aurrelari bakarra jarri zuen eta 4-1 galdu zuen Realak.Nou Campen euskarri hirukoitzak lan bikaina egin bazuen ere, entrenatzailea ohikoa duen eskemara itzuliko da, 4-4-2kora, alegia. Zalantza bakarra, itxuraz, aurrealdean Nihat nork lagunduko duen da. Bi dira hautagaiak, De Paula eta Uranga. Durangarra deialdira itzuli da aurrenekoz bi hilabete inguru zelaietatik kanpo eman ostean. Aurten ere makina bat arazo izaten ari da lesioekin: 57 minutu besterik ez ditu jokatu, eta gol bat sartu du.Nolanahi ere, De Paulak erritmoa hartzeko denbora behar duelarik, Urangak jokatzeko aukera gehiago ditu. Ezaugarri aproposak ditu tolosarrak aurrealdean jokatzeko: indartsua eta azkarra da, eta buruz errematatzen ez da gaizki moldatzen. Entrenatzaileak behin baino gehiagotan adierazi du aurrelaria izateko gaia badaukala. Erronka bere gain hartzeko prest azaldu zen jokalaria atzo Zubietan: «Aukera hor dago, zelai erdian zein aurrealdean joka dezakedalako. Beheko kategorietan aurrelaria nintzen, eta gora egin ahala pasatu ninduten zelai erdira».Denboraldi gazi-gozoa izaten ari da Urangarentzat, etxean dagoen arren, aukera gutxi izan dituelako orain arte. Halere, ez dauka amore emateko asmorik. «Pozik nago, Realean nagoelako eta hori izan delako betidanik nire ametsa». Gaur aulkian geratzea berarentzat kolpe handia izango al zen galdetu ziotenean, honakoa erantzun zuen: «Niretzat beti da kolpea ez jokatzea. Dena den, ez dut uste gaur atzerapausoa izango litzatekenik».Kovacevic ez da partida etxetik ikusi beharko duen bakarra, Mikel Aranburuk eta Xabi Prietok zigorra bete beharko baitute gaur, txartel horiengatik azpeitiarrak eta gorriagatik donostiarrak. Ondorioz, zelai erdian ohi baino aukera tarte txikiagoa izango du Amorrortuk. Karpin, Alkiza eta Luiz Alberto ere kili-kolo ibili dira duela gutxi arte, baina normal entrenatu zuten atzo eta hasieratik ariko dira gaur. Oskitz ere kanpoan geratu da azken jardunaldietan deialdian sartu da.

Levante, behar gorrian

Azken boladan puntuak lortu ezinik dabil Levante. Hasiera bikaina egin ostean, Ligako ezuste nagusia bilakatu zen Valentziako taldea. Hirugarren postuan sailkatua egotera iritsi zen. Harrezkero, ordea, gainbehera doa: bederatzi jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe eta bi puntu baino ez ditu bildu azken hogeitazazpietatik. Sailkapeneko gailurrean dabilen haizeak hainbat zale eta komunikabide nahastu omen ditu, asko dira-eta Bernd Schuster entrenatzailea kaleratzeko eskatzen hasi direnak. Azkar asko ahaztu dute taldeak iaz Bigarren Mailan jokatzen zuela. Hutsekoari eutsi edo markagailuan aurretik jarriz gero, giro horrek mesede egingo dio Realari, pazientzia erraz bukatzen baitzaie Levanteko zaleei. Nolanahi ere, argi ibili beharko dute txuri-urdinek, Levantek oso jokalari arriskutsuak dauzka-eta. Ettien da horietako bat: eskuin hegaletik erraz hartzen die bizkarra atzelariei bere indarrari eta abiadurari esker. Anoetan, lanak eman zizkion Garridori. Riverari ere metro gutxi utzi behar dizkio Realak, iaioa baita erasoko jokaldiak antolatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.