Osasunak sasoi honetan duen gaitz nagusia atzealdean izandako zalantzak dira. Geldikako jokaldietan min gehiegi egiten diete sasoi honetan Javier Aguirreren mutilei eta, horrez gain, aurkariei opari gehiegi egin dizkiete nafarrek. Zorionez, iragan denboraldietan baino argiago dabil Osasuna aurrealdean, eta golak egiteko erraztasunak ezkutatu egin ditu defentsako gabeziak, eta atzealdearen ezegonkortasuna. Valentziaren aurka, ordea, beste proba batzuk ere egin nahi ditu Aguirrek. Atzealdea sendotzeko asmoz bi hegaletan berritasunak izango dira gaur arratsaldeko lehian: Unai Expositok Jose Izquierdori utziko dio bere tokia eskuin hegalean, eta ezkerrekoan Clavero ariko da Corralesen ordez. «Aurkaria ez dut aintzat hartu aldaketak egiterakoan, geure taldean pentsatu dut lehendabizi», esan zuen atzo Aguirrek berritasunen inguruan. Exposito eta Corrales deialdian ere ez zituen sartu mexikarrak.
Jose Izquierdo min hartuta izan da azken bi hilabeteetan, eta oraindik ere eskuin orkatilean mina nabaritu arren, eskuin hegaleko errioxarra Getaferen aurkako Kopa partidan itzuli zen zelaietara. Gaur, Ligan ere jarraitzeko aukera emango dio Aguirrek. Izquierdok Unai Expositok baino eskarmentu handiagoa duen bezalaxe, ezker hegalean Claverok ere Corralesek baino eskarmentu handiagoa du. Halere, sasoi honetan 2.B Mailatik iritsitako Corrales gazteak ez dio aukera bakar bat eman Claverori. Udan Murtziatik fitxatutako jokalari beteranoak ez du oraindik Ligan minutu bakar bat jokatu, besteak beste Corrales delako orain arteko hemezortzi jardunaldietan minutu bakar bat zelaitik at egin ez duen jokalari gorritxo bakarra. Gaur, ordea, Claveroren txanda izango da. Osasunako elastikoarekin jokatutako estreinako minutuak izango ditu ezker hegalekoak. Bi aldaketa horiek atzoz gerotik ezagutzen ditugu, baina Aguirrek beste aldaketaren bat ezkutatzea ere ezin da baztertu.
Valentzia, bolada bikainean
Nafarren entrenatzaile mexikarrak laudorioak besterik ez zituen izan Claudio Ranierik zuzendutako taldearentzat: «Oso ondo zuzendutako taldea da Valentzia; gol gutxi jasotzeaz gain, oso gol aukera gutxi egiten dizkiete aurkariek, eta zelai erditik aurrera kalitate handiko jokalariak ditu», esan zuen, esaterako, Ranieriren taldearen inguruan. Aguirrek badaki Valentzia bolada bikainean dela, azken zortzi jardunaldietan sei partida irabazi eta bi berdindu baititu azken txapeldunak. Halere, taldearengan itxaropenik badu mexikarrak. «Gaizki hasi baziren ere, orain bikain ari dira Valentziakoak. Aurkariaren edozein opari ederki baliatzen dakien taldea da Valentzia, eta guk inork baino opari gehiago egin ditugu sasoi honetan. Huts horiek saihestuz gero, ordea, etxeko partidetako bolada onarekin jarrai dezakegu geuk ere», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Gainera, Valentziaren bolada onaren aurrean kikiltzerik ez dagoela argi utzi zuen Patxi Puñalek herenegun Taxoaren joan den larunbatean Levanten aritu zirenekin alderatuta, aldaketak iragarri ditu Claudio Ranierik. Kontrarioen bolada ona aipatu orduko, Puñalek garrantzia kendu nahi izan zion kontu horri: «Liga hasiera irregularra izan bazuten ere, Valentzia Ligako talderik onenen artean da oraindik, eta onenek sarri izaten dituzte emaitza bolada onak. Valentziak zortzi partida jarraian porrotik jaso gabe egitea ez da albistea!», esan zuen Uharteko erdilariak. Nolanahi ere, ea Sadarren amaitzen den valentziarren bolada ona. Puñalek ere onartuko du, hori bai, albiste izan daitekeela.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Txapelduna hartzeko,
Atzealdeko bi hegaletan aldaketak egingo ditu Aguirrek: Izquierdok Expositoren tokia hartuko du, eta Corralesena Claverorentzat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu