«Otsailean jipoi dotorea eman ziguten Sadarren, 1-6, eta egia da arantzatxo bat barruan geratu zitzaigula porrot haren ostean. Gogo berezia daukagu, eta ea behingoz Malaga mendean hartzea lortzen dugun», esan zuen herenegun Carlos Cuellarrek, bere kontratu berriari buruz azalpenak emateko Taxoaren eskainitako prentsaurrekoan. Erdilari madrildarra deialditik at utzi zuen atzo Javier Aguirrek, eta bere gogo berezi hori baliatzerik ez du izango Osasunak gaur. Hargatik, Cuellarrek ez ezik, beste jokalari gorritxoek ere sasoi honetan gauzak ezberdinak direla erakutsi nahi dute: «Anoetan ere ez genuen irabazi azken lau urteetan, eta 1-2 nagusitu ginen orain hilabete. Edozein zelaitan irabazteko gai garela erakutsi dugu», esan zion, esaterako, Valdok berriari.Eta Valdo hasieratik ariko da gaur. Baita Juantxo Elia ere. Ordezko atezainak Riazorren jokatu zuen azken aldiz hasieratik (0-1, urriaren 2an) eta iragan sasoian sei gol egin zizkion taldearen aurka izango du atepera itzultzeko aukera. Gogo eza ez da aitzakia izango gaur. Ez dirudi, behintzat. Javier Aguirrek berak ere ziurtatu zigun atzo hori: «Ni Osasunan nagoenetik Malagan galdutako hiru partidak antzekoak izan dira: jarrera ez zen behar bezalakoa izan, hotz aritu ginen, lotuta. Kasu honetan hori ez da arazoa izango, aukera hori bazter daiteke. Lehia estua izango da, eta irabazi nahi badute, izerdia gogotik bota beharko dute Malagakoek», esan zuen atzo entrenatzaile mexikarrak.
Sei aldaketa hasierako hamaikakoan
Juantxo Eliak Ricardoren tokia hartuko duen bezalaxe, Aguirrek beste bost aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan. Lerro guztietan izango dira berritasunak, baina batik bat atzealdea eraberrituko du entrenatzaile mexikarrak: Eliaz gain, Krutxaga, Miguel Flaño eta Clavero sartuko ditu Aguirrek, Cuellar, Josetxo eta Corralesen kaltetan. Zelai erdian Valdok David Lopez ordezkatuko du, eta aurrealdean Webok hartuko du, aldiz,Romeo argentinarraren tokia.
JUANTXO ELIA-OSASUNAKO ATEZAINA
«Berdinketaren bila zelairatuta, galtzeko aukera asko izaten da»
A. L. - IRUÑEA
Juantxo Eliak ez du iragan sasoian lortutakoari eusterik izan. Ritxar Sanzolen itzalean hasi zuen iragan denboraldia, baina Sanzolek baino askoz gehiago jokatu zuen azkenean. Ricardok titular izatearen ohorea ostu dion honetan, Eliak ez du burua galdu, ordea. Lanean, egunero, lasai aritu dela dio. Inoiz gol gehien egin dizkion taldearen aurka hasieratik atea zaintzeko ardura emango dio, berriro, Javier Aguirrek.
Berriz ere hasieratik jokatuko duzu gaur.
Bai, hala dirudi, pozik eta gauzak ondo egiteko gogoz nago. Ea taldeak orain arteko bolada onari eusten dion.
Kezkatzen hasia al zinen, azken bi hilabeteetan aukerarik izan ez duzula ikusita?
Ez, hau talde bat da, eta taldearen helburuak betetzea da garrantzitsuena. Jokatuz bada hobe, baina jokatzen ez dugunean ere laguntza ematea da gauza.
Eta Malagan zein izango da zuen helburua: irabaztea ala ez galtzea?
Zelai zail batera goaz, baina irabazteko asmoz zelairatu behar dugu, nahitaez. Berdinketaren bila zelairatuz gero, galtzeko aukera asko izaten da. Helburua hiru puntuak lortzea da,baina gero ikusiko dugu zer gertatzen den.
Joan den otsailean Sadarren gertatutakoagatik, Malagari gogo berezia al diozue?
Ez, ez, gu geure erritmora goaz, igandero helburu berdinarekin eta aurrean dugun taldea aintzat hartu gabe. Egia da etxetik kanpo defentsan ondo aritzeak garrantzi handia duela, baina horrek ez du esan nahi atzean sartu eta erasotzeari uko egin behar diogunik.