FUTBOLA. Etxeko onena, kanpoko onenaren aurka

Osasunak Sadarren jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu, eta Celtak ez du partidarik galdu etxetik kanpo. Gaur aurrez aurre izango dira

2005eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Liga hasiera honetan ezusteko atsegina eskaintzen ari dira gaur arratsaldean Sadarren aurrez aurre izango diren bi taldeak: Osasuna eta Celta. Galiziarrek nafarrek baino puntu bat gehiago dute lehendabiziko sei jardunaldien ostean, eta Txapeldunen Ligarako postuetan daude Fernando Vazquezen mutilak zein Javier Aguirrerenak. Arrasto guztien arabera, norgehiagoka orekatua izango da. Gaur Sadarren garaile suertatzen den taldeak jardunaldia lider gisa amaitzeko aukera du, gainera. Ez da erronka makala, Bigarren Mailatik igo berri den talde batentzat bezalaxe Osasunaren gisako talde apal batentzat.

Bi taldeek bolada onari eustea ez da erraza izango, ordea. Osasunari ez dio puntu bakar batek ihes egin Sadarretik sasoia hasiz geroztik, eta Celtak ez du partidarik galdu etxetik at. Vila-real (2-1), Sevilla (1-0) eta Cadiz (2-0) hartu ditu mendean Osasunak etxean; Santiago Bernabeun eta El Madrigalen Real Madril (2-3) eta Vila-real (1-2) mendean hartuz hasi zuen Liga Celtak etxetik kanpo, azken irteeran berdinketa besterik lortu ez bazuten ere Cadizen (1-1).

Erne Baianorekin

Fernando Baiano aurrelari brasildarra gertutik zaindu beharko dute gaur Osasunako atzelariek. Celtako golegilea Ligako jokalaririk onenetakoa da azken metroetan. Lehendabiziko sei jardunaldietan Celtak lortu dituen hamar goletatik bost bereak izan dira. Eto'ok eta Villak baino bat gutxiago, Ronaldok adina egin ditu. 2002an odisea hasi zuen: Corinthians utzi eta Portoalegreko Internacionalen, Flamengon, Wolfsburgon (Alemanian), Sao Caetanon eta Malagan aritu da harrezkero. Bazter guztietan egin ditu golak, baina inon ez zen denbora luzez geratu. Celtak hiru urterako lotu zuen udan, Baianok Coruñako anaia aberatsaren, Deportivoren, eskaintza ere mahai gainean zuen arren. Laugarren urterako ere luza dezake akordioa Celtak, baina dagoeneko kontratu berria negoziatzen ari dira Baianorekin, talde asko ari baita brasildarra jarraitzen.

Mementoz, Lubo Penev bulgariarrak edo Baltazar eta Catanha bere herrikideek Vigon egin zituzten balentriak hobetzeko bidean dela dirudi. Batez besteko horri eutsi egin behar zaio, ordea: bost gol sei partidatan!Osasunazaleek ez dituzte bere dohainak berriz ikusi nahi. Ez gaur arratsaldean, behintzat. Orain zortzi hilabete nahikoa gozatu zuten haren jokoarekin. Malagarekin Sadarrera etorri zenean txikizio ederra egin zuen Baianok nafarren atzealdean: Bi gol egiteaz gain, bi gol eman zituen, eta 1-6 nagusitu zen Malaga. Gorritxoak jakinaren gainean daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.