FUTBOLA. Klubaren historian tokia nahi dute

Sadarren inoiz izan duen boladarik onena errepikatu nahi du Osasunak, Mallorcaren aurka jarraian zortzigarren partida irabazita

2005eko abenduaren 11
00:00
Entzun
1983-84an zortzi garaipen lortu zituzten jarraian Sadarren Osasunako jokalariek. Denboraldi hura larri samar amaitu zuten nafarrek, baina Bikuña, Etxeberria, Purroy, Lumbreras eta enparauak klubaren historian tokitxo bat egitea lortu zuten, inoiz etxeko partidetan izandako boladarik onena egitea lortu baitzuten. «Bikuña talde hartan zegoen, eta dena ongi ateratzen zitzaiela esan dit. Gu ere klubaren historiako parte izan gaitezke, eta horixe lortu nahi dugu», esan zuen atzo Javier Aguirrek prentsaurrekoan. Eta gaur Sadarren Mallorca mendean hartuz gero, Ricardo, Flaño, Puñal, Milosevic eta enparauak ere 1983-84ko talde hartako kideak bezalaxe gogoratuko dituzte. Klubaren historian orritxo bat, behintzat, idatzita izango dute. Halere, Javier Aguirrek erne nahi ditu jokalari guztiak. «Euforiak ez du etenik, zuhurtzia eskatu arren handitu eta handitu ari da euforia, eta taldeak nahi baino gehiago hitz egiten jarraitzen du jendeak. Orain pare bat egun, gogor hitz egin behar izan nien jokalariei, zenbait kontuk erlaxatzeko arriskua zegoela ikusarazi baitzidaten», ohartarazi zuen atzo mexikarrak, badaezpada.

Gainera, bera Osasunako entrenatzailea denez geroztik Mallorca Sadarren mendean hartzerik ez dutela lortu gogoratu zuen Aguirrek: «Hiru denboralditan ez diegu irabazi Sadarren (0-0, 1-1 eta 1-1), eta bolada hori amaitzen ahalegindu behar dugu. Mallorca jokatzen ikusiz gero, ezin da ulertu Cuperren taldeak 15 puntu soilik lortu izana. Entrenatzailetik hasita, talde ona daukate, eta nire jokalariak ohartarazita ditut dagoeneko: talde ona da Mallorca, eta garaipenaren bila etorriko dira», adierazi zuen gorritxoen arduradunak.

Raul Garcia gabe, lehendabiziko aldiz

Partida horretarako, Javier Aguirrek aukeratu dituen jokalarien zerrendan ez dago Raul Garcia. Liga hasiz geroztik, erdilari gazteak jokatu ditu minutu gehien jokalarien artean, baina kasu honetan Javier Aguirrek Rauli atseden ematea erabaki du. «Urte amaiera gogorra izango dugu [Real Madrilen zelaian ariko dira datorren asteburuan eta Atletico Madrilen aurka amaituko dute urtea Sadarren], eta Rauli atseden txiki bat emateko garaia dela uste dut», esan zuen mexikarrak atzo.

Aguirrek gaur bertan erabakiko du hasierako hamaikakoa zein izango den, baina Malagan 1-2 nagusitu zen talde bera ateratzerik ez du izango. Raulen tokia hartzeko hautagai nagusia Iñaki Muñoz da, baina Sosak ere izan dezake aukerarik. Beste zalantza nagusia atean dago; bigarren astez jarraian Ricardo ordezkoen aulkian eserita ikustea ustekabea litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.