«Gol premia dugu, baina 90 minutu ditugu gol bat sartzeko, eta patxadaz zelairatu behar dugu, burua galdu gabe», esan zuen atzo Javier Aguirrek. Entrenatzaile mexikarrak badaki joaneko lehia galdu ostean, gaur, berdinduz gero Sevilla egongo dela Espainiako Kopako finalaurrekoetan, eta, horregatik, Aguirrek badaki «golik ez jasotzea aurrerapausoa izango litzatekeen arren, kanporaketa gainditzeko gola sartzera behartuta» daudela. Nolanahi, mexikarrak ez du nahi bere jokalariak ero-ero zelairatzerik, eta «patxadaz eta burutsu» jokatu beharra dutela gogoratu zuen. Azken finean, Osasunak ez du sarritan izaten final bat hain gertu: «Aukera historikoa dugu, eta ez dugu alferrik galdu nahi», esan zuen atzo.
Finalerdietan sartzea historikotzat jotzea gehiegizkoa izango da agian, Osasunaren historiari begiratu txiki bat emanez gero, aurrez nafarrak Kopako finalerdietan hiru aldiz izan direla konturatuko baikara (1930eko hamarkadan bi aldiz, eta orain bi denboraldi azkenenekoz). Halere, Kopako finalean sartzerik ez dute lortu nafarrek inoiz, eta balentria hori jarri dute helburutzat. Gainditu beharreko lehen erronka ez da samurra, nolanahi. Joaneko lehian 2-1 irabazi izanari probetxua ateratzeko asmoz etorriko da Sevilla, eta Ligan, Bartzelonaren aurka 0-4 galdu berri duenarren, talderik orekatuenetako bat da.«Etxetik kanpo sartu genuen golari etekina ateratzen ahalegindu behar dugu, eta, horretarako, oso garrantzitsua izango da golik ez jasotzea. Erlojua kontra izango dugu, baina neurtutako arriskuak soilik hartu behar ditugu», adierazi zuen atzo Javier Aguirrek. Eta erlojua kontra izango badute ere, zaleen babesa alde izango dutela argi dago: «Bai, zale onenak ditugu, eta Athleticen aurka 1-5 galdu ostean izan zuten jarrera ez dut inoiz ahaztuko. Sevillaren aurka elur gainean jokatu genuen Kopa kanporaketa hartan ere zeresan handia izan zuten orain bi urte, eta giro hura errepikatzea oso lagungarria litzateke guretzat».Joanekoan Sanchez Pizjuanen zelairatutako hasierako hamaikako bera zelairatuko du gaur ere Aguirrek, eta ohi bezala Ligan minutu gutxien jokatzen ari diren jokalarien aldeko apustua egingo du. Igandean Deportivoren aurka hasieratik aritutako bi gizon soilik izango dira gaur hasierako hamaikakoan: Izquierdo eta Pablo Garcia. Halere, «jokalari onenak» dira, Aguirreren ustez, «Osasunan ezin baita titularren eta ordezkoen arteko bereizketarik egin».Sevilla aldean epaile gipuzkoar batek sortutako mesfidantzari ez zion inolako sinesgarritasunik eman Aguirrek: «Espainiako Ligan ari garen bi talde izango gara aurrez aurre, eta epailea ere espainiarra da. Ez dakit non dagoen arazoa».
FUTBOLA. patxadaz, golaren bila
joaneko partidan hasieratik zelairatutako hamaikako bera erabiliko du gaur ere javier Aguirrek, eta historia egiteko aukera alferrik ez duela galdu nahi esan du osasunako entrenatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu