Schalke 04 0. Manchester United 2

Futbola sortzeko makina

Manchester Unitedek futbol erakustaldia eman du Txapeldunen Ligako lehen finalerdiko joanekoan, eta gertu du finalaLehen zati zoragarria egin dute ingelesek, eta beste hiruzpalau gol sartu ahal izan ditu

unai zubeldia
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Schalke 04. Neuer; Uchida, Matip, Metzelder, Sarpei (Escudero, 72. min.); Farfan, Papadopoulos, Jurado (Draxler, 82. min.), Baumjohann (Kluge, 53. min.); Raul eta Edu.

Manchester United. Van der Sar; Fabio, Ferdinand, Vidic, Evra; Valencia, Carrick, Giggs, Park (Scholes, 73. min.); Rooney (Nani, 82. min.) eta Chicharito (Anderson, 73. min.).

Golak. 0-1. Giggsek (67. min.); 0-2. Rooneyk (69. min.).

Epailea. Velasco Carballo. Txartel horiak Schalke 04ko Metzelder eta Sarpeiri; eta Manchester Unitedeko Fabiori.

Bestelakoak. Lepo beteta Veltins Arena futbol zelaia, Txapeldunen Ligako lehen finalerdiko joaneko partidan.

Schalke 04 eta Manchester United lehiaketa berean jokatzen ari direla esan, eta ez da erraza sinestea. Inter Milani bere zelaian 2-5 irabazita, puztu egin ziren alemaniarrak, eta merezimendu osoz sartu ziren Txapeldunen Ligako finalerdietan. Baina, gaur-gaurkoz, askoz talde hobea da Manchester United. Futbol erakustaldia eman zuten atzo ingelesek. 0-2 irabazi zuten, baina emaitza izan zitekeen 0-5 edo 0-7 ere. Ez da handikeria, Chicharito, Rooney, Giggs eta enparauak hamasei gol aukera argi-argi sortzeko gai izan zirelako. Datorren asteazkenean jokatuko da lehen finalerdi honetako itzuliko partida, Manchesterren, baina, oker izugarririk ezean, Txapeldunen Ligako finalean egongo da Manchester United.

Futbolean ondo jokatzea zer den ez dakienak ikus dezala atzoko partida. Hiru minutuko ilusioa eduki zuten etxekoek; epaileak partida hasiera adierazi, Baumjohannek lehen minutua betetzerako Van der Sarren atera jaurti, eta zelai erdian bizpahiru pase eman zituzten tarte huraxe. Ilusioz ekin zioten zaleek partidari, baina laster hasi ziren bisitariak gol aukera argiak sortzen. Rooneyk eduki zuen lehenengo aukera, hirugarren minutuan. Ezker hegaletik jokaldi ona egin, eta eskuinez jaurti zuen, baloia urrutien zuen zutoinaren ondo-ondoan jarriz. Eta, ingelesekin batera, jokaldi horretan hasi zen agertzen etxekoen atezaina: Neuer. 0-2 amaitu zen partida, baina lan bikaina egin zuen etxekoen atezainak.

Manchester Unitedek lehen zatian sortutako hamar gol aukera onei begiratu besterik ez dago. Parkek eduki zuen bigarren aukera ona seigarren minutuan; Chicharitok hurrengo laurak, ordu erdia betetzerako; Giggsek ere burukada ona bidali zuen Neuerren ate ingurura 27. minutuan; Parkek eta Fabiok ere ospakizunetan hasteko ilusioa izan zuten lehen zatiaren hondarrean; eta Giggsek eduki zuen lehen zatiko azken aukera argi-argia Neuerren aurrean bakar-bakarrik geratu zenean. Hamar aukera argi-argi. Baina golik ez. 0-0.

Lehen zatiko datuak aztertu, eta Manchester Unitedi txaloka hasi beste erremediorik ez dago. 11 jaurtiketa, horietako zazpi atera; %64ko baloi jabetza; orotara Schalke 04k baino hiru kilometro gutxiago korrika... Talde handia da ingelesa, eta talde handien gisan jokatu zuen atzo: baloi jabetza hartuz, Rooney eta Parken mugimenduei esker zelai erdian nagusituz, eta gol aukera argi-argi asko sortuz. 0-0 amaitu zen lehen zati hori, baina hiruzpalau gol sartzeko adina meritu egin zuten ingelesek.

Sarritan esaten da barkatzen duenak ordaindu egiten duela gero. Baina atzo ez zen halakorik gertatu. Bigarren zatiko bigarren minuturako gola sartzeko zorian izan zen Vidic, buruz. Nork zapuztu ote zuen bisitarien ahalegina? Neuerrek. Etxeko zaleek txaloka agurtu zuten atezaina lehen zatiaren amaieran, eta txaloka jarraitu zuten bigarren zatian ere.

Giggs eta Rooney golegile

Chicharitok eta Valenciak 51. eta 55. minutuetan Neuerren parean huts egin ondoren, bazirudien bigarren zatia ere lehenengoaren bide beretik joango zela. Baina Manchester United lasaitzearekin batera iritsi ziren bisitarien bi golak. Ingelesek bi pauso atzera eman zituzten, eta lehen zatiko eraso joko itsua ahaztuta, buruz jokatzea erabaki zuten. Arriskatu gabe. Eta, hain justu, orduantxe agertu ziren Giggs eta Rooney. 67. minutuan pase sakon neurtua eman zion Rooneyk Giggsi, eta erdilariak ez zuen barkatu _sasoi honetan Txapeldunen Ligan sartu duen lehen gola da—. Bi minutu geroago, berriz, Rooneyk berak jaso zuen area barruan Chicharitoren pasea, eta aurrelariak ere sareetara bidali zuen baloia. 0-2. Futbol erakustaldia emanda, Txapeldunen Ligako finaletik gertu dago Manchester United.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.