Hotzagatik izango da agian (-3 partida orduan Vienan). Hegazkin bidai nekezengatik, hoteletako egonaldi aspergarriengatik, agian. Zelaiaren egoera txarrarengatik, agian, baina Athleticek burua Bilbon zuela jokatu zuen, behartu gabe. Hankak Vienan, baina burua Bilbon. Behartu gabe eta uneoro bigarren aukeran, itzuliko partidan pentsatzen, eta hori egiten denean, talde apalena gainditzeko zeregin erraza ere korapilatu egiten da.
Austria Viena, atzo ikusitakoaren arabera, talde apala delako. Jokoz, eta kalitatez. Espainiako Ligan jokatzen ari den Athletici erreparatu ezkero, ez dago zalantzarako tarterik. Askoz hobea da Bizkaiko taldea, eta ez luke arazorik eduki behar final-hamaseirenetako langa aise gainditzeko. Austria Vienak komeriak pasako lituzke Lehen Mailari eusteko.Hobeagoak diren taldeek, halere, nagusitasun hori erakutsi behar dute, eta bigarren aukeran zain egon gabe, lehenengoan bada, askoz hobe. Arazorik ez luke eduki behar esana gogoratzea ez litzateke derrigorrezkoa izango, hala balitz. Erabakita utzi du esan beharko litzateke. Athleticek, baina, uko egin zion aukera horri. Edo ez zuen baliatzen asmatu. Saiatu ere ez zelako gehiegi saiatu. Ez espero bezala behintzat.Valverdek ere nahiko planteamendu defentsiboa egin zuen. Del Horno aulkian utzi zuen eta Casasi eman zion ezker hegalean jokatzeko aukera. Casas hainbestean moldatzen da atzean, baina Del Hornok erasora joateko duen joeraren arrastorik ez du, ezta haren buruko erremate bikaina ere, eta gabezia hori dezente nabaritu zuen talde zuri-gorriak, batik bat area ertzeko falta jaurtiketetan eta kornerretan.Yestek ere ohi baino zokoratuago jokatu zuen, ezkerraldean, eta horrek Athleticeko zelai erdiko joko azkar eta eraginkorra eten zuen. Basaurikoa erdipuntan moldatzen da ondoen, baina Austria Vienako zelai erdiak nahiko ondo zaindu zuen Yeste, eta bere eremura hurbiltzeko egin zituen ahaleginak antzuak izan ziren. Aukera izan zuenean ere normalean egiten ez dituen akatsak egin zituen Yestek atzo. Gaizki ohitu ditu zaleak, gaizki ohitu bere taldekideak, hark zer egin, zer erabaki zain egoten direlako sarri. Lemazainak kale egiten duenean, ontziak asko nabaritzen du haren hutsunea. Zenbaitzutan, galduta zirudien Athleticek, noraezean. Zergatia, jakina: Yeste galduta zebilen.Athleticena izan zen baloiaren jabetza lehen zatian, dena den. Austriako jokalariak ziren baloiaren bila ari zirenak, baina azken pasean kale egin zuten Yestek, Iraolak, Orbaizek edo Etxeberriak. Yestek izan zuen gol aukera on bakarra, urruneko jaurtikera batekin. Austriak, aldiz, ezer gutxi egin zuen. Irizpiderik gabe jokatzen ari ziren, nahi eta ezin, Athleticek Blanchard erdilari frantziarrari gidaritza hartzen utzi zion arte, metroak eman zizkion arte. Badu kalitatea Blanchardek, eta hark egin zizkion bi pase on Sionko eskuin hegalekoari. Lafuente ondo moldatu zen arriskutsuenean, 42. minutuan, halere.
Bigarren zatian, joko txarra, baina gol aukera gehiago
Dezente traketsagoa izan zen bigarren zatia. Nahasiagoa, zatarragoa, jokaldi loturik gabekoa. Orain area batean, orain bestaldean. Alderatze ugari eta ikuskizun gutxi. Futbola nola den, egoera itsusi horrekin izan zituzten bi taldeek gol aukera onenak. Joseba Etxeberriak, batez ere, 11. minutuan. Eskuinez jaurtiketa ona egin zuen, baina gehiegi gurutzatu zuen. Are argiagoa izan zen Austriako Gilewiczek eduki zuena, bigarren zatiko 30. minutuan. Lokartu egin zen, ordea, eta Iñaki Lafuentek ondo eutsi zion.
Esan bezala, arazorik ez luke eduki behar Athleticek. Gehiago da, eta etxean jokatzen da. Baina hobeto jokatu behar du.
AUSTRIA VIENA 0
ATHLETIC 0
Austria Viena: Didulica; Dospel, Afolabi, Antonsson, Papac; Sionko, Kiesenebner (Wagner, 85. MIN.), Blanchard, Vachousek; Vastic (Mila, 75. min.) eta Rushfeldt (Gilewicz, 66. min.).
Athletic Club: Lafuente; Murillo, Lacruz, Prieto, Casas; Iraola (Del Horno, 73. min.), Orbaiz, Gurpegi, Yeste (Bordas, 90. min.); Etxeberria eta Ezquerro (Urzaiz, 83. min.).
Epailea: Alon Yefet (Israel). Txartel horiak: Austriako Dospeli eta Athleticeko Yesteri eta Murillori.
Bestelakoak: 15.000 lagun inguru Vienako Ernst Happel estadioan, horietatik 100 bat Athleticeko zaleak. Zelaia jokatzeko moduan zegoen, baina gogorra eta irregularra zenbait lekutan.
FUTBOLA. UEFA KOPA. hankak han, burua hemen
behartu gabe jokatu zuen Athleticek, itzulikoa gogoan; talde hobea da, ez luke arazorik eduki behar sailkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu