Realak norgehiagoka bakarra irabazi du denboraldi honetan. Mallorcaren aurka irabazi zuen, 1-0, irailaren 24an, asteazkenean. Horrenbestez, Realeko zaleek, oraingoz, ezin izan dute asteburu bat irribarretsu hasi edo amaitu. Talde txuri-urdinak egoera hori aldatu nahi du gaur, zaleek pozik igaro dezaten asteburua. Horretarako, Sevilla hartu beharko dute mendean, Anoetan (21:00, Dazn). Hiru puntu horiek poltsikoratzeko, denboraldian zehar izan dituen gabeziak konpondu beharko dituzte, gabezia horietako asko behin eta berriz agerian geratu baitira partidaz partida. Joera aldatzeko garaia dute, egoera gehiago korapilatu ez dadin.
Urrian ez da ohikoa izaten finalak jokatzea, baina taldea sailkapenaren zuloan murgilduta dago, eta final baten kutsua izan dezake gaurko neurketak; batez ere Sergio Francisco teknikariarentzat. Gaur irabazi ezean, litekeena da haren kargua kolokan egotea. Txuri-urdinek Espainiako Kopako neurketa dute asteartean Negreiraren aurka, eta ondoren, larunbatean, derbia Athleticen kontra. Hori kontuan hartuta, beharbada egun batzuk atzeratuko dute erabakia. Baina azken asteetan hasi da izen dantza: Thiago Motta, Garcia Pimienta... Prestatzailea, ordea, baikor dago gaurko neurketari begira: «Bai ni, bai taldea gogotsu gaude. Aukera gisa hartuko dugu biharko [gaurko] partida. Ez dugu irabaztea lortzen, hori horrela da, baina taldea indartzen ari dela uste dut, eta pixkanaka hobeto lehiatzen. Nahi dugun taldea eraikiz goaz pixkanaka. Gero eta jokalari gehiago daude beren sasoi onenetik gertu». Dena den, oraingoz ez du lortu taldea bide onera ekartzea, eta, aipatu bezala, ahulgune berberak izan dituzte partida guztietan: trantsizioetan sartu dizkiete gol gehienak, defentsako lanean akats erabakigarriak egin dituzte, eta kamuts aritu dira aurkariaren ate aurrean.
«Ez dugu irabaztea lortzen, hori horrela da, baina taldea indartzen ari dela uste dut, eta pixkanaka hobeto lehiatzen. Nahi dugun taldea eraikiz goaz pixkanaka»
SERGIO FRANCISCORealeko entrenatzailea
Baloia galdu osteko jokaldietan gol ugari jaso dituzte. Aurkariek pase gutxi batzuekin egiten diete min, eta atzelari txuri-urdinei erraz hartzen diete bizkarra, defentsa nahiko aurrean kokatzen dutela baliatuz. Aurreko jardunaldian horixe egin zuen Celtak, nahiz eta Realak bost atzelarirekin jokatu zuen. Hori konpontzeko funtsezkoa izango da buruz buruko jokaldietan sendoago eta oldarkorrago aritzea. Sasoia berreskuratu ahala, horixe eman diezaioke Yangel Herrerak taldeari, eta ikusteko dago erdiko atzelari postuan Caleta Car eta Zubeldiaren alde egingo duen berriz ere entrenatzaileak, edo Jon Martini jokatzeko aukera emango dion, osatu baita jada. Erdiko atzelariak defentsan ez ezik, erasoan ere egin dezake ekarpena, batez ere geldikako jokaldietan. Bestalde, etxean jokatuta, eta puntuen beharra horren handia izanda, ez dago argi bost atzelarirekin jokatuko duen. Vigon hala aritu ziren, baina Franciscok ez zuen zehaztu gaur zer marrazki erabiliko duen: «Horrek ez nau kezkatzen».
Aurrean ere badu zer hobetua Realak, golak sartzeko arazoak baititu oraindik. Aurreko denboraldian ligako partiden erdian txuri-urdinek ez zuten golik sartu; hemeretzi norgehiagokatan, hain zuzen. Sasoi honetan bederatzi partida jokatu dituzte, eta bakar batean lortu dute gol bat baino gehiago sartzea. Espanyolen kontra izan zen. Bi sartu zituzten: bat Barrenetxeak, eta beste bat Oskarssonek. Baina golak sartzeko zailtasuna ez da gol aukerak sortzen ez dituztelako, baizik eta jokalariek ez dutelako aurkariaren ate aurrean asmatzen. Sergio Franciscoren taldea da gol bat sartzeko erremate gehien egin behar dituen taldeetan laugarrena: 5,12 erremate, hain justu ere. Guztira 41 erremate egin ditu aurkariaren atera, eta zortzi gol sartu ditu. Datu horren inguruan hausnarketa hau egin zuen Sergio Franciscok: «Aukerak sortzeari eman nahi diot garrantzia, eta ziur nago berandu baino lehen golak sartzen hasiko garela».
Aurreko igandean, Celtaren aurka, Karrikaburuk jokatzeko aukera izan zuen. Neurketa amaitzeko 20 minutu falta zirenean zelairatu zuen Sergio Franciscok, eta ondo aritu zen. «Aurrerapauso bat eman du, gehiago jokatu ahal izateko». Baliteke gaur hasieratik aritzeko aukera izatea, eta Oiartzabal zelai erdiko hegalera mugitzea. Guedes eta Zakharian ere aulkitik irten ziren Vigon, eta ondo aritu ziren. Agian haiek ere abagunea izango dute jokatzeko.Â
Take Kubo, berriz, ez da osatu oraindik. Asteak daramatza orkatilan min hartuta, eta nahiz eta etenean Japoniako selekzioarekin jokatu zuen, aurreko jardunaldian deialditik kanpo geratu zen, azken entrenamenduan minez egon baitzen. Aste honetan ere ez da entrenatu: «Espero dugu ahalik eta azkarren osatzea, eta datorren astean jokatzeko moduan egotea». Oskarssonek ere aste batzuk beharko ditu jokatu ahal izateko.
Sevilla, hobeto
Sevillak sufritu egin du azken denboraldietan, baina liga hasiera nahiko txukuna egiten ari da. Oraindik gorabehera asko dituen taldea da, baina Matias Almeida aulkian dagoenetik garai bateko nortasuna eta izaera lehiakorra berreskuratu ditu. Duela bi jardunaldi, adibidez, Bartzelonari irabazi zioten: 4-1. Aurreko denboraldian, gainera, hiru puntuak eskuratu zituen Donostian. 1-0 irabazi zuen Sevillak, Ejukek sartutako gol bati esker. «Sevilla talde ona eta osoa da. Zuzen jokatzeko gai da, eta ondo menderatzen ditu bigarren jokaldiak. Baina, aldi berean, atzean sartu, eta ondo baliatzen ditu aurkariak uzten dituen hutsuneak». Dena den, Franciscok «prest» ikusten du bere taldea. «Jokalariei beharrezko erremintak eta informazioa eman diegu ondo lehiatzeko eta hiru puntuak lortzeko. Bete-betean aritu gara hasieratik, jakitun gara eta garaipena lortzeko beharraz». Sevillan ere hainbat jokalari min hartuta daude, tartean Cesar Azpilikueta, Osasunako jokalari izandakoa.