Arrauna

Galizian ere, zaharrak berri: Arraun Lagunak izan da azkarrena

'Lugañene' ontziak orain arte jokatutako estropada guztiak irabazi ditu: sei. Tolosaldea izan da bigarren, eta San Juan hirugarren. Azken postuan, berriz, Orio geratu da.

Arraun Lagunak, lehian, Chapelako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Arraun Lagunak, lehian, Chapelako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko uztailaren 18a
18:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arraun Lagunak gainerako taldeak baino koska bat gorago dago, eta estropadaz estropada ari da erakusten. Galizian ere, ez du bere neurriko lehiakiderik izan gaur, eta aise irabazi du Redondelan jokatutako estropada. Euskotren ligako traineruak estreinakoz aritu dira eremu horretan, eta Lugañene ontzikoek hartu diote neurria ondoen. Orain arte jokatutako bandera guztiak astindu dituzte: sei. Eta garaiezinak direla dirudi.

Tolosaldea izan da bigarren, ia bost segundora, eta San Juan hirugarren, ia bederatzi segundora. Laugarren, berriz, lehen txandako irabazlea izan da: Astillero. Txanponaren beste aldean, Orio. Ohorezko txandan lehiatu da, baina ezinean aritu da. Ondorioz, azken postuan amaitu du estropada. Kostata aritu da Zumaia ere, eta azken-aurreko postuan geratu da.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Donostiarrak segitzen du zuloan. Hala ere, geroz eta hobeto ari da. Seigarren egin du Chapelan, baina hamar segundoren aldea atera dio Zumaiari. Beraz, Saregileak ontzikoek badituzte kezkatzeko motiboak. Oraintxe, hamalau puntu ditu Donostiarrak, eta hamasei Zumaiak.

Estu daude kontuak azpialdean, baina ez goian. Aise ari da Arraun Lagunak. Gustura hitz egin du Itziar Eguren klubeko presidenteak: «Gauzak ongi doaz. Taldea oso batuta dago. Gaur Eider Uribarrenak debutatu du, eta poza eman digu horrek. Nork ez luke nahiko debutean halako emaitza lortu?».

Arraunlari indartsuak ditu Lugañene-k, eta, arraunerako baldintzak ikusita, hura zen bandera irabazteko faboritoa. Eta halaxe izan da. Kontrolpean izan du estropada. Dena den, gogor egin dute lan San Juanek eta Tolosaldeak, eta estu hasi dute estropada ohorezko txandakoek. Arraun Lagunak jarri da aurretik, baina gertu segitu diote bi ontziek. Gehiago kostatu zaio Oriori. Gainera, istriborrera jo dute San Nikolas ontzikoek, lehen kaleari eskapu egin nahian.

Arraun Lagunak-etik bost segundora eman dute ziaboga Batelerak ontzikoek, eta seira Zerkausia trainerukoek. Itzulerakoan, biziago aritu da Tolosaldea, eta hura izan da Arraun Lagunak-en atzetik helmugaratu dena. Irabazlearen abiadura berean aritu dira bueltakoan.

Astillero, indartsu

Lehen txandan, berriz, berehala hartu du Astillerok estropadaren burua. Hasi eta gutxira, lau-bost segundoren aldea atera die aurkariei: Zumaiari, Hibaikari eta Donostiarrari. Eta aldea handituz joan dira. Zumaia, berriz, atzean geratuz joan da.

Kantabriarrak txanda irabazteko gosez uretaratu dira, argi eta garbi. Ohorezko txandan aritu nahi dute, eta ikusi da ahala badutela. Haiek izan dira ziaboga ematen aurrena. Atzetik, ia parean eman dute Hibaikak eta Donostiarrak: sei segundora Madalen ontziak, eta zazpira Bantxa-k.

Joera horri eutsi diote itzulerako luzean. Astillero izan da nagusi, Hibaikak bigarren postuari eutsi dio, hirugarren izan da Donostiarra, eta azkena Zumaia. Saregileak makal aritu dira, eta sufritu egin dute. Astillero baino hamasei segundo gehiago behar izan dituzte lanak amaitzeko. 

Bihar ere Galiziako uretan lehiatuko dira traineruak. Bueun, hain zuzen (11:25, ETB1). Azkenekoz 2024an aritu ziren han, eta orduan ere Arraun Lagunak izan zen nagusi. Bolada onari segida ematen saiatuko dira donostiarrak. Eta aurkariak, behingoz bolada hori eteten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA