Euskaldunoi ligako lehen bidaia luzea egitea tokatu zaigu joan berri den asteburuan: Galiziara. Ia zortzi orduko bidaia egin dugu, eta eskerrak bi estropadak ondoan dauden bi herritan izan diren; ez dugu gehiago mugitu beharrik izan. Abuztu bukaerako asteburuan, ordea, bi orduko bidaia izango dugu larunbateko estropada eremutik igandeko eremura.
Asteburua ostiralean hasi ohi dugu horrelakoetan: taldeko gehienek ostirala jai hartu behar izaten dugu. Goizeko 8:00etan elkartetik atera, 17:00etarako gutxi gorabehera bertara iritsi, eta estropada aurreko azken entrenamendua egiten dugu.
Orduan ohartzen gara galiziarrek duten merituaz. Udara osoan zehar egin behar izaten dute guk joan den asteburuan egindako esfortzu hori. Eusko Label ligan, guztira, hamar asteburutan jokatzen dira estropadak. Horietatik zortzi gure herritik gertu izaten dira. Horregatik iruditzen zait hain adierazgarria Galiziako elkarteek zein arraunlariek egiten dutena. Ziur nago zaila eta neketsua dela. Eta horrelako bidaia luzeetan asteburuko emaitzek zeresan handia izaten dute animoei dagokienez; bueltako bidaian, batez ere.
Udak laburra dirudien arren, luze joaten da: estropada asko dira epe laburrean, eta maila eman behar da. Galiziako traineruek urtero-urtero lantzen dute Eusko Label ligan mantentzeko egin beharrekoa: gogor ematen diete arraunei sailkapenean ahalik eta puntu gehien lortzeko; denok bezala, alegia. Baina haiena goraipatzeko modukoa iruditzen zait, baldintzen ezberdintasunaz jakitun.
Arraunlari bakoitzak bere egoera pertsonala du, eta Eusko Label ligan egoteko guk baino gehiago sakrifikatzen dute denbora. Horrelakoa da Galiziako arraunlaria izatea: euskaldunak bezalakoa, baina bizkarrean motxila handiagoarekin.