Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic. Javi Martinez. Athleticeko jokalaria

«Galtzen badugu, egindakoak ez du ezertarako balioko»

Final bat jokatzeak sortzen duen presioak ez diela eragingo uste du Javi Martinezek. Diego Simeonek Athletico Madrili emandako izaerak eta aurrelarien joak kezkatzen du gehien.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsak zelaian pauso bat atzera egitera behartu zuen Javi Martinez (Aiegi, Nafarroa, 1988). Euskarri postutik erdiko atzelari postura atzeratu zuen Athleticeko entrenatzaile argentinarrak. Baina atzerapauso horrek bi pauso egiteko balio diezaioke futbolari nafarrari. Europa mailako erdiko atzelaririk onenetakoa izateko gaia daukala erakutsi baitu. Fernando Amorebietarekin batera itxi du talde zuri-gorriaren defentsaren atea. Europako talde indartsuenen agendan, aurreko postuetan ageri da haren izena. Inork ez daki non egongo den datorren denboraldian, baina aurrez baditu etxeko lanak: Athleticekin final bi jokatuko ditu, Europako Ligakoa bihar eta Espainiako Kopakoa hilaren 25ean. Oso argi dauka helburua: 28 urteko lehortearen ostean, gabarra ateratzea.

Heldu da Athletice historian letra larriz sartzeko unea. Horretarako, Europako Ligan egin duzuen lan ikusgarria biribildu egin behar da. Ondo amaitu, alegia.

Hala da. Txapelketa guztian egindako lanak ez du ezertarako balioko, baldin eta finala galtzen badugu. Kolpe gogorra izango litzateke. Hori gerta ez dadin, gure esku dagoen guztia egin beharko dugu.

Nola hartu duzu azken hilabete hauetan Athleticen inguruan gertatu dena: bi final jokatzeko txartela, inguru guztia talde zuri-gorrien inguruan berbetan,ilusioa gainezka…

Guk normal hartu behar ditugu gauzak. Alde batera utzi behar ditugu gure inguruan gertatzen ari diren gauzak. Guk pentsatu behar dugu hemendik aurrerakoa dela garrantzitsuena. Orain arte egindakoak ez duela askorako balioko saria lortzen ez badugu. Burua argi eta prest izan behar dugu finalari ganoraz aurre egiteko.

Finalak ez dira egunero jokatzen. Are eta gutxiago Athleticen. Eta jakinekoa da ez direla jokatzen errazak: presioa, urduritasuna, tentsioa… Prest al dago Athletic gazte hau horri guztiari aurre egiteko?

Gure taldeak behin baino gehiagotan erakutsi du une latzetan oso ondo aritzeko gaitasuna daukala. Finalean ere behar bezala ariko gara. Ez daukat zalantzarik.

Baikor eta seguru ageri zara. Athletic txapeldun izango al da maiatzean jokatuko dituen bi finaletakoren batean?

Esperantza hori daukagu. Txapeldun izateko behar den guztia daukagula uste dut: jokalari onak, entrenatzaile bikaina, zale apartak… Beraz, zergatik ez?

Bi aukera ditu Athleticek gabarra ateratzeko. Baina badirudi bietatik Atletico Madrilen kontrakoa dela errazena.

Finaletan ez dago jakiterik zein izango den errazena. Biak izango dira neurketa gaitzak. Bietan %200 eman beharko dugu irabazteko.

Bietako bat aukeratu behar izanez gero, zein aukeratuko zenuke?

Ez dizut ezer esango. Horrelako galderei erantzuteak zorte txarra ekartzen du.

Jose Angel Iribar eta enparauak Athleticen historian sartu ziren, besteak beste, 1977an, duela 35 urte, UEFA kopako finala jokatzea lortu zutelako. Galdu egin zuten, baina inork ez ditu ahaztu. Imajina zenezake zer ekarriko duen klub zuri-gorrian Europako txapelketa bat irabazteak?

Ez da erraza. Ez dakit zer gertatuko den Bilbon eta inguruetan irabazten baldin badugu. Klubak 114 urteko historian sekula lortu ez duen zerbait izango litzateke.

Iribar aipatu dugu.Zuk Twitter bidez egin zenuen komentario batek ondo islatzen du zer izan den Athleticentzat beste final bat, bigarrena, jokatzeko sailkatu izanak.

Finalerako sailkatu ginen egunean aldagelan bota zituen malkoen inguruan ari zara, ezta? Emozio handiko unea izan zen. Iribar, guretzat, handiena da. Bera hunkituta ikusteak gu hunkitu gintuen.

Europako txapelketa bateko finala da, baina Atletico Madrilen aurka ariko zarete. Aukeran, politagoa izango litzateke beste lehiaketa bateko talde baten kontra jokatzea?

Beharbada, bai. Xarma handiagoa izango luke. Baina hauxe daukagu. Atletico Madrilek ere oso lan ona egin du, eta merezita pasatu da finalera.

Ondo ezagutzen duzue Atletico Madril. Zerk kezkatzen zaitu gehien Diego Simeonek entrenatzen duen taldean?

Talde lehiakorra da. Oso zaila da haiei irabaztea. Simeonek taldearen ardura hartu zuenetik indarra hartu du. Aurrean jo handiko jokalariak ditu.

Erasoko jokalarien talentua aipatu duzu. Radamel Falcao eta Adrian Lopez daude guztion ahotan. Bada, zuri haiek zaintzea egokituko zaizu. Bi aurrelariak kate motzean edukitzea da finaleko giltza nagusietako bat.

Bai. Finaletan ezinbestekoa da defentsan lan ona egitea. Denboraldi guztian ondo jokatu dugu eta, beraz, ez dago zalantza egiteko arrazoirik.

Azken egunotan egin al duzu amets itsasadarrean behera gabarra gainean zoaztela milioi bat lagunen txalo artean?

Pentsatzearekin bakarrik oilo larrua jartzen zait [bi besoetara begiratzen du]. Ikaragarria izango litzateke.

Baina galtzea ere posible da. Orduan, zer?

Onena da zer gerta daitekeen ez pentsatzea. Finala ondo prestatu, jokatu eta lehiakor izaten ahalegindu behar dugu.

Horrenbesteko arrakastak talde indartsuenen arreta piztu du. Zu zara talde onenek gertutik jarraitzen duten futbolarietako bat. Non dago zure etorkizuna?

Kontu horiei ez diegu aparteko garrantzirik eman behar. Hedabideek asko hitz egiten dute, baina niregana ez da inor gerturatu. Gainera, une honetan norberaren gainean pentsatzen hastea berekoikeriaz jokatzea izango litzateke.

Florentino Perez Real Madrileko presidenteari zure etete klausula ordaintzeko eskatu omen zenion Santiago Bernabeuko aldagelan. Egia al da?

Ez da egia. Agurtu egin nuen, besterik ez.

Real Madrilek fitxatu aurretik, bakeak egin beharko zenituzke Cristiano Ronaldorekin…

Futbol kontuak dira. Ez zitzaidan gustatu egin zuena, baina ni ere damu naiz berari kontuak eskatzeagatik. Zelaian gertatzen diren gauzak zelaian geratu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.