Garai bateko aurrelaria

Sasoi honetan inork ez du Manu Barreirok baino gol gehiago sartu Alavesen. Hara eta hona ibili ostean, Gasteizen egonkortu nahi du.

Manu Barreiro, Miguel Flaño Osasunakoarekin lehian, derbian. JUANAN RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Lehen itzuliko partida batean, Alavesek Racingen zelaian jokatu zuen hartan hain justu, bigarren zati osoa baloia luze joz ibili zen Gasteizko taldea. Galtzen ari zen, eta bi jokalari gehiago zituen zelaian. Etxekoen area inguruan, jokalari luze-luze bat aritu zen pase haiei etekina atera nahian. Lan ona egin zuen. Manu Barreiro (Santiago de Compostela, Galizia, 1988) zen aurrelari hura. Garai bateko jokoa, garai bateko aurrelariarentzat.

Partida hartatik joan dira hilabete batzuk, eta Alaves gora begira jarri da, Mendizorrotzan elkarren jarraian irabazi dituen sei partidei esker. Santanderko partida hartan emaitza iraultzeko konponbide hutsa zen aurrelari hura taldeko golegile onena bilakatu da orain. 11 gol sartu ditu: hamar ligan, eta bat Espainiako Kopan. Hamaikakoan titular lekua erabat bereganatua dauka.

Golak sartzeko ekarri zuen kirol zuzendaritzak udan. Aurreko bi sasoietan nabarmendu zen, Racing Ferrolen, Bigarren B mailan. 43 gol sartu zituen bi denboraldi horietan. Sena duela erakutsi zuen orduan, eta orain ere horretan dabil. «Baliteke hau izatea nire denboraldirik onena», esan dio BERRIAri. Ferrolgo bi denboraldiei baino balio handiagoa ematen dio Alavesen egiten ari denari: «Ferrolgoak maila bat beherago egindako lanak dira. Alaves Bigarren mailan dago, eta zailagoa da hemen nabarmentzea eta golak sartzea».

Gola garesti dagoela badaki, eta talde askoren buruko mina izaten da golegile ona aurkitzea. Ez litzateke harritzekoa izango beste klub batzuek begiz jota izatea Barreiro, baina berak beste asmo batzuk dauzka: «Hainbat urtez ibili naiz hara eta hona. Jokatu dut Valentzia B-n, Lalinen, Algecirasen, Cadizen, Jerezen, Zamoran, Cercedan, Pontevedran eta Ferrolen; eta behingoz, nonbait egonkortu nahi dut. Alaves aukera ona da horretarako». Ekainean bukatuko zaio kontratua, baina partida kopuru bat jokatzen badu, berez luzatuko da bi aldeen arteko hitzarmena.

«Gijonen gaur, irabaztera»

Pozik da Gasteizen: «Hiri egokia da bizitzeko, eta inguruan ere leku politak daude ikusteko», kontatu du metro eta 92 zentimetro luze den aurrelariak. Taldea bolada onean egoteak ere bizipoza handituko zion: «Etxean indartsu gaude, eta kanpoan hasi behar dugu emaitza onak ateratzen. Alcorconen irabazi genuen azkenekoan, eta ea gaur Gijonen ere lortzen dugun». Ez du batere dudarik egin helburua zehazterakoan: «Igotzeko kanporaketan sartu nahi dugu». Gaur irabaztea, aurrerapausoa litzateke Barreiro eta taldekideentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.