Garaiezinei irabaztera

Bartzelonari irabazteko, lana egin eta zorte ona beharko dutela esan du Camachok, baina estu hartu nahi du liderra Osasunak

Iruñea
2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
Zortzi partidatan zazpi garaipen eta berdinketa bat bildu ditu Bartzelonak Ligan. Iragan sasoian Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi ostean, Guardiolaren mutilek arrakastaren bidetik jarraitzen dute sasoi honetan ere -Txapeldunen Ligan 1-2 irabazi zien Kazango Rubin taldeak Nou Campen, halere-, baina Osasunak etxean jokatutako azken bi partidak irabazi egin ditu, eta azken hamabost puntuetatik hamar lortu ostean, Bartzelona menderatzen duen Ligako lehen taldea izan nahi dute gorritxoek. Bartzelona garaiezina ez dela erakutsi nahi dute nafarrek, baina Jose Antonio Camachok badaki dena ondo egiteaz gain, zortea aldeko izatea ere ezinbestekoa izango dela Pep Guardiolaren taldea mendean hartzeko: «Ez da ezinezkoa, iragan sasoian euren aurkako partidan lan ona egin genuen, adibidez, baina zorterik ez genuen izan. Ea sasoi honetan lan ona egiteaz gain, zortea ere alde izaten dugun. Bartzelonak ere baditu ahuleziak, baina beste taldeek baino gutxiago; maila goreneko jokalariak izateaz gain, lana egiten ere badakite. Non jokatzen duen aintzat hartu gabe, Bartzelona faboritoa da beti, baina garaipenaren bila zelairatuko gara, indar askorekin», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Camachok badaki erronka zaila dutela, baina jardunaldiko ustekabea ematea ez du ezinezkoa ikusten, dena dela.

Osasunako jokalariak aldarte onean dira azken emaitza onen ostean -Ligan jokoan izandako azken hamabost puntuetatik hamar lortu dituzte gorritxoek, eta Kopan ere irabazi egin dute aste honetan-, eta Bartzelonaren jokoak errespetu handia eragiten duen arren, irabaz dezaketela sinetsita dira gorritxoak: «Gure jokoa egiten badugu partida zaila izango da Bartzelonarentzat, eta horixe da gakoa, Bartzelona zelaian deseroso egotea. Hiru puntuak lortuko ditugula uste dut», esan duJuanfranek.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Camachok gaur bertan ezagutaraziko du partidarako aukeratu duen jokalarien zerrenda, baina ez dirudi aldaketa askorik izango denik Osasunak hasieratik zelairatuko duen taldean. Aldaketarik izatekotan atzeko lerroan izan daiteke: Sergio Fernandez erdiko atzelariak hamaikakora itzultzeko aukera izan dezake, asteazkenean Xerezen aurkako Kopako kanporaketan maila onean aritu eta gero. Baina seguruenik, Ligako azken bi partidetan erabili duen hamaikako bera jarriko du Camachok hasieratik.

Bartzelona, izar guztiekin

Pep Guardiolak, bestalde, taldeko izar guztiak sartu ditu gaur iluntzeko lehiarako deialdian, nahiz eta asteartean Txapeldunen Ligako partida garrantzitsua jokatu beharko duten Errusian, Rubin Kazan taldearen aurka. Espainiako Kopan atseden eman zien taldeko jokalari onenetako askori, baina Nafarroako Erresumako hitzordurako prest nahi ditu guztiak.

Aste honetan jakin denez, FIFAk antolatutako munduko jokalaririk onenaren izendapenerako zerrendan, Bartzelonako sei jokalari daude: Andres Iniesta, Thierry Henry, Zlatan Ibrahimovic, Carles Puyol, Xavi Hernandez eta Lionel Messi. Eta gaur iluntzean Iruñean izango dira seirak. Denak ez badira, lauzpabost hasieratik ariko dira Osasunaren aurka, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.