Garaipena, sendagai

Abenduan eguraldiagatik atzeratutako lehia jokatuko du gaur Realak, Deportivoren zelaian. Itxaso Uriarte eta Barbara Latorre ez dira osatu

Damaris Egurrola eta Ane Etxezarreta lehian, igandeko derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun

Azken hamar egunetan, hiru kolpe gogor jaso ditu Realak. Lehenbizi, Espainiako Superkopako finalean 10-1 galdu zuen Bartzelonaren aurka; ondoren, Madrilek Espainiako Kopatik kanpo utzi zuen penaltietan; eta, bukatzeko, aurreko igandean 2-1 galdu zuen Athleticen aurkako derbian, Lezaman. Gonzalo Arkonadaren taldeak pizgarri edo sendagai bat behar du, kolpe horiek utzitako zauriak arintzeko. Gaur izan dezake horretarako aukera, Deportivoren zelaian irabazita. (19:00, Vamos)

 

Ligako hamalaugarren jardunaldiko partida da gaur txuri-urdinek Galizian jokatuko dutena. Berez, iazko abenduaren 21ean jokatu behar zen, baina, eguraldi txarra zela eta, bertan behar utzi zuten orduan. Hortaz, bi taldeak bi partida gutxiagorekin daude sailkapenean: greba zela-eta jokatu ez zuten neurketa, eta hau. Bai bata bai bestea garaipen beharrean dira ligan. Realak hiru jardunaldi daramatza irabazi gabe, eta Deportivok ligako azken bi neurketak galdu ditu.

Arkonadarenek, dena den, ez dute erronka erraza. Deportivo sasoiko ezustea izaten ari da. Lehen denboraldia du maila gorenean, eta sailkapenaren goialdean da. Bosgarren dago, 30 punturekin. Gainera, etxean aurkari zaila da. Partida bakarra galdu du Abegondon. Athleticen aurka izan zen, duela bi jardunaldi: 0-2. Coruñatik puntu bat urratu zuen, berriz, Granadillak: 1-1. Baina hirugarren jardunaldian izan zen hori. Gainontzeko kontrarioek esku hutsik egin dute etxerako buelta.

Koska bat beherago eta puntu bat gutxiagorekin da Reala. Seigarren da, 29 punturekin. Beraz, gaur irabaziz gero, bosgarren jarriko litzateke. Hala, buruz buru jarraituko luke lehian Athleticekin eta Deportivorekin, laugarren postua lortzeko. Izan ere, Bartzelona, Atletico Madril eta Levante sendo daude lehen hiruretan.

Lezaman egin zuten lan ona nabarmendu du Ana Tejada jokalariak. «Ondo lehiatu ginen, eta uste dut haiek baino hobeto jokatu genuela. Baina erreskadan izan zituzten bi aukeretan asmatu egin zuten, eta hor joan zitzaigun partida. Pena izan zen. Dena den, pozik gaude egindako lanarekin, eta sentipen onak berreskuratzen jarraitzeagatik».

Gaurko partidaren garrantzia nabarmendu du atzelariak. «Oso gogotsu gaude, eta maila onean lehiatzen segitu nahi dugu. Hiru jardunaldi daramatzagu garaipena lortu gabe, eta joera hori aldatu nahi dugu, goian segitzeko».Tejada gustura da taldean izaten ari den rolarekin. «Azken partidetan, euskarrian eta atzean jokatzen ari naiz. Ni Gonzalok eskatzen didana egiteko nago, eta taldeari nire onena emateko».

Cecilia eta Roda, deialdian

Gaurko neurketari begira, Arkonadak bi jokalari garrantzitsu falta izango ditu zelai erditik aurrera: Itsaso Uriarte eta Barbara Latorre. Biak min hartuta daude, eta, asteburuan bezala, deialditik kanpo utzi ditu entrenatzaileak. Haien lekuan, bigarren taldeko Cecilia Marcos eta Sara Roda izango dira Coruñan.

Deportivon, aurreko bi jokalariak dira arrisku nagusia: Gabriela Antonia eta Ainize Barea. Bien artean hamazazpi gol sartu dituzte, taldeak ligan daramatzan erdiak. Bederatzi sartu ditu lehenak, eta zortzi bigarrenak. Barea Arrigorriagan (Bizkaia) jaiotakoa da. Taldeko izarretako bat da, eta zaleen kuttuna. Duen gol senari esker, hainbat lehia erabaki ditu. Hiru asistentzia ere eman ditu aurrelariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.