Ostegunetik zebilen bolo-bolo Gaizka Garitanok kontratua berrituko zuela Athleticekin, eta klubak gaur baieztatu du. Beste denboraldi baterako berrituko du entrenatzaileak, eta gaur goizean sinatu du. Harekin ziren Aitor Elizegi presidentea, Rafa Alkorta kirol zuzendaria eta Jon Berasategi zuzendari nagusia. Garitanoren hirugarren denboraldia izango da Athleticen gizonezkoen lehen taldean. Bigarren taldetik igo zen lehenengora. Lehen denboraldi horretan, Espainiako Ligan zortzigarren sailkatu zen,, eta Kopan final-laurdenetara iritsi zen.
Athleticek gaur ohar batean nabarmendu du Garitanok Espainiako Kopako finalera eraman duela gizonezkoen taldea; geratzen diren 11 jardunaldietan Europako txapelketarako sailkatzea du helburu. 61 partidatan eseri da Garitano Athleticen aulkian, 27 irabazi ditu, eta gaurko ekitaldian pozik agertu da klubak erakutsi duen konfiantzarekin. "Txikitatik izan naiz Athleticekoa; nire bihotzeko taldea da. Hura zuzentzeko ardura izatea erabat pozgarria da niretzat, eta erantzukizuna osoa da", esan du. Eskertu egin du horregatik klubaren babesa, eta jokalariei eta zaleei ere eman dizkie eskerrak.
Garitanok esan du Espainiako Kopan bizi izandakoa izugarrizko esperientzia izan dela, eta titulu bat irabazteko aukera hor dagoela gogoratu du. "Gauza positiboekin geratu behar dugu, eta hobetzen saiatu". Datorren astean hasiko da Espainiako Liga, eta, Europarako sailkatzeko, bost punturen aldeari buelta eman beharko dio Athleticek.
Asteartean agerraldi bat egingo du Garitanok kontratu luzapenaren inguruan.