Iritsi da eguna. Egutegian gorriz azpimarratuta zeukan aspalditik Osasunak Recreativoren aurkako partida. Ez du gehiago zain egon beharrik: gaur da eguna. Hil edo biziko norgehiagoka da, zalantzarik gabe. Mailari eutsi nahi badio, Recreativo ezin da gaur esku-hutsik itzuli etxera, eta azken jardunaldia arte arriskuan izatea saihestu nahi badu, Osasunak ere derrigorrean irabazi behar du. Recreativo sailkapenean hondoratzea eta bide batez jaitsiera postuetatik aldentzea da Jose Antonio Camachoren taldearen helburua. Lucas Alcarazen taldeak, ordea, ez du erraztasunik emango.Etxean jokatzearen abantaila izango du Osasunak, harmailak beteta egongo baitira. Hala ere, tentsioz eta urduritasunez betetako norgehiagoka izango da. Garrantzitsuenetan garrantzitsuena da. Bi taldeentzat, nola edo hala irabazi beharreko partida.
Partida berezia dela argi dago. Iruñean beste mintzagairik ez da futbolzaleen artean. Eta salgai jarri orduko bukatu dira aste honetan sarrera guztiak. Aurkariak dakartzan oroitzapenez ere asko hitz egin da. Osasunako zaleek ez dute ahazten taldea azken aldiz igotzea Recreativori irabazita lortu zuela. 2000ko ekaina zen, eta orduko hura ere hil edo biziko lehia zen. Recreativo Bigarren B Mailara ez jaisteko ari zen lehian. Osasuna, berriz, Lehen Mailara igotzeko. Eta, Recreativok aurre hartu bazuen ere, 2-1 nagusitu zen Osasuna. Recreativo mailaz jaitsi zen, eta zazpi urtez Bigarren Mailan aritu ostean Osasuna Lehen Mailara igotzea lortu zuen Miguel Angel Lotinak egun hartan. Festa ikaragarria izan zen, eta gaur antzeko zerbait errepikatzea nahi dute zale gorritxoek. Orduan ez bezala, gaurko emaitzak ez du behin betiko erabakiko sailkapena, dena dela. Baina, irabaziz gero, Recreativo bederatzi puntura utziko dute nafarrek, eta jaitsieraren mamuak gaur artean baino urrunago ikusiko dituzte Camachoren jokalariek, zalantzarik gabe.
Oroitzapen gazi-gozoak
Oroitzapen garratzagoak ere badakartza gogora Recreativok, dena dela. Huelvako taldeak (Espainia), esaterako, ez du inoiz galdu Osasunaren aurka Lehen Mailan. Ez bere zelaian -hiru aldiz irabazi du eta behin berdindu-, ezta Nafarroako Erresuman ere: 0-1 irabazi zuten 2002-03 denboraldian -Iruñean irabazi aurretik partidarik irabazi gabe ziren-; banako berdinketarekin amaitu zen lehia 2006-07 sasoian; eta 0-1 irabazi zuten Huelvakoek aurreko sasoian. 2002-03 denboraldian Espainiako Kopako finalerdietan ere bi taldeon arteko kanporaketan Recreativo nagusitu zela aintzat hartuz gero, oroitzapen txarrak gehiago direla argi dago. Baina gaur joera aldatu nahi dute nafarrek. Lehen Mailan jarraitzea da saria, eta gaur galtzen duen taldeak urrun ikusiko du saria.
Camachok bi aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan: Pandianik gainditu du eskuin zangoan zuen gainkarga, eta Kike Sola deialditik at utzi du uruguaitarraren itzulerak. Bestetik, Puñal zelai erdira itzuliko da behin partida bateko zigorra Valladoliden bete ostean. Antonio Hidalgok utziko dio tokia Uharteko erdilariari.
Garrantzitsuena
Mailari eusteko lehian, partida erabakigarria jokatuko dute gaur Nafarroako Erresuman Osasunak eta Rrecreativok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu