OLYMPIAKOS 86 - 78 BASKONIA

Gau iluna liderraren etxean

Baskoniak galdu egin du Olympiakosen aurka. Greziarrak nagusi izan dira, eta huts egindako jaurtiketek kondenatu egin dute Baskonia. Zalgirisek gaur jokatuko du Bayern Munichen aurka

Matt Costello, Baskoniako pibota, atzo, Bakearen eta Laguntasunaren pabiloian jokatutako partidan. GEORGIA PANAGOPOULOU / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Markagailua. 19-11, 45-33 (atsedenaldian); 66-55 eta 86-78. Saskiratzaile onenak. Olympiakosen, Xaxa Vezenkov (23 puntu), eta Baskonian, Marcus Howard (29 puntu).

Egun handietan dardara gehiago izaten da eskuetan, eta partida hasieran antzeman zuen Baskoniak. Laugarren minutuan iritsi zen arabarren lehen saskiratzea, eta horrela zail izaten da garaipena lortzea. Are gehiago Grezian ari bazara, eta Euroligako liderraren aurka. Ez zen Baskoniaren eguna izan, eta galdu egin zuen Bakearen eta Laguntasunaren pabiloian. Marcus Howarden argitasunak soilik mantendu zuen Gasteizko taldea partidan, baina greziarren talde lana nagusitu zen. Georgios Bartzokasen taldeak ez zuen partida osorik egin—hamasei baloi galdu zituen—, baina nahikoa izan zuen atzean sendo mantentzearekin.

Baskoniak hotz ekin zion partidari Europako pabiloi beroenetako batean. Lehenengo laurdenean jaurtiketak bata bestearen atzetik huts egin zituen (1/9 hiruko jaurtiketetan lehen hamar minutuetan), eta Olympiakos 10-2 aurreratu zen. Hala ere, etxeko taldeak sei baloi galdu zituen lehen laurden horretan, baina Baskoniak ez zuen aukera hori baliatu. 19-11 amaitu zen lehen laurdena, eta geroztik partida irauli beharrean egon ziren arabarrak.

Bigarren laurdena, berriz, hiruko batekin hasi zuen Joan Peñarroyaren taldeak. Howard kamuts ibili da azkenaldian, baina atzo azken hilabeteetako unerik gozoena izan zuen. 29 puntu sartu zituen guztira, eta horien artean zazpi hiruko. Kontrara, Vanja Marinkovic eta Matt Costello kostata aritu ziren.

Bigarren laurdenean Kostas Slukasek hartu zuen aginte makila eta antolatzaile beteranoak min handia egin zuen ohikoak dituen barnekaldiekin. Gainera, zuloa topatu zuten greziarrek saski azpian. 44 errebote hartu zituzten greziarrek guztira, horietako bost erasoan. Baskoniak, berriz, hamahiru errebote gutxiago hartu zituen: 31. Gauzak horrela, 45-33 joan zen partida atsedenaldira.

Bigarren zatiari hobeto ekin zion Baskoniak. Berriro ere, Howard izan zen erasoan erantzukizuna hartu zuena, eta 27. minutuan lau puntura hurbildu ziren arabarrak (53-49), 0-9ko partzial batekin. Baina, partida osoan bezala, Peñarroyaren taldeak markagailuan gerturatzea lortzen zuen bakoitzean, ondo erantzun zion Olympiakosek. Orduan, Xaxa Vezenkov agertu zen, fase erregularreko jokalari baliotsuena. Bulgariarrak 23 puntu sartu zituen, horietatik hamar hirugarren laurdenean.

Pixkanaka-pixkanaka itzaliz joan zen Baskonia. Slukasek eta Thomas Walkupek jarri zioten erritmoa neurketari —bien artean hamahiru asistentzia banatu zituzten—, eta taldekideek ondo baliatu zuten antolatzaileen nagusitasuna. Horrela, lau hiruko jarraian sartuta hamazazpi puntuko aldea hartu zuen Olympiakosek (72-55). Hala ere, Baskoniak ez zuen etsi, eta zonakako defentsa bat ere jarri zuen entrenatzaileak lau jokalari txikirekin (2-3). Olympiakosek, baina, ondo egin zion aurre defentsa horri, eta banakako defentsara itzuli ziren arabarrak. Bi minutu gelditzen zirenean, zazpi puntura hurbildu zen Baskonia, baina azken minutuetan ez zuten asmatu, eta ametsa zapuztu egin zen.

Orain, itxarotea besterik ez zaio gelditzen Baskoniari. Bayern Munichek eta Zalgirisek gaur jokatuko dute (20:30), eta, Lituaniako taldeak irabazten badu, kanporaketetatik kanpo geldituko da Baskonia. 34 jardunaldietatik 33 eman ditu bertara sailkatzeko aukera ematen zuten postuetan, baina, azken partida galduta, kanpoan gelditu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.