Larri ibili zen atzo Sky taldeko Chris Froome lidergoari eusteko lanetan. Izan ere, AG2R taldeko Romain Bardetek erasora jo zuen une berean, atzean geratu zen Froome, arazo mekanikoen ondorioz. Ordea, gertatzen ari zenaz ohartuta, hari laguntzera heldu zen Mikel Nieve, eta, ondoren, baita Mikel Landa ere. Taldekideen sostenguari esker, aurretik zihoazenekin bat egin zuen berriz ere Froomek.
Faborito guztiak batera heldu ziren helmugara; denak, Nairo Quintana kolonbiarra izan ezik, zeinak hamar minutu baino gehiago galdu baitzituen sailkapenean. Bauke Mollema izan zen lehena helmugara iristen, eta hark irabazi zuen. Haren ondoren sartu zen Diego Ulisi italiarra.
Pozik agertu da Mollema garaipenarekin. Izan ere, aurten Alberto Contadorrena izanik Trek taldeko lidergoa, lasaiago hartu du lasterketa. "Albertok denbora asko galdu du, eta ihes egin dut. Bakarrik egin ditut azken 30 kilometroak, eta luze egin zait, baina azken bietan nuen guztia eman dut. Gustora nago. Handia da Tourrean etapa bat irabaztea".
Gaur atsedena izango dute txirrindulariek. Datorren asteburuan amaituko da lasterketa, baina horren aurretik etapa gogorrei egin beharko diete aurre: besteak beste, Alpeei eta Marseillako erlojupekoari.