Txirrindulari ohia

Jonathan Castroviejo: «Gaur egun zaila da gozatzea txirrindulari profesional moduan»

Castroviejok agur esan dio eliteko ziklismoari, hemezortzi urtez ibilbide aparta osatuta. Langile estimatua izan da, eta erlojupekoetan lortu ditu emaitzarik onenak. Aitortu du kosta egin zaiola txirrindularitzaren molde berrira egokitzea.

Jonathan Castroviejo. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Jonathan Castroviejo. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun hauetan Kanaria uharteetan dago Jonathan Castroviejo (Getxo, Bizkaia, 1987), ziklismoari lotutako ekitaldi baten harira. Dortsala urri hasieran ipini zuen azkenekoz, baina ez da guztiz ahaztu bizikletaz. Txirrindularitza profesionala, ordea, iraganeko kontua da harentzat.

Zer moduz zaude txirrindulari profesional izateari utzi ostean?

Arraro samarra egiten da. Hala ere, Giroaz geroztik hasia nintzen oraingo errealitatea barneratzen. Paris-Toursen lehiatu nintzen azkenekoz [urriaren 12an], eta hortxe bukatu zen nire ibilbidea. Egia esan, ongi nago. Ziklista profesionala izatea ardura handia da, eta presioa dakar etengabe. Eguneko ordu guztietan zara txirrindularia: ez duzu inoiz deskonektatzen. Beraz, asko eskertu dut zama hori gainetik kendu ahal izatea.

Asko kosta zitzaizun agur esateko garaia zela erabakitzea? Nolakoa izan zen prozesua?

Esango nuke prozesu naturala eta ondo hausnartua izan dela. Iaz erabaki nuen aurtengo denboraldia izango zela azkena. Zorte handia izan dut; izan ere, neuk erabaki dut noiz eta non hartu erretiroa. Horri esker, lasaiago egon naiz hilabete hauetan, eta hobeto prestatu dut bizimodu aldaketa. Batzuek ezinbestean eta bat-batean utzi behar izaten dute txirrindularitza, eta, horrelakoetan, bortitzagoa izaten da trantsizioa.

Erabakia aurrez hartu izanak lagundu dizu azken denboraldiaz gehiago gozatzen?

Gozatzea ez da erraza. Askok esaten zidaten: «Gozatu azken urteaz!». Baina gogor entrenatu behar duzu, batzuetan altueran, eta etxetik kanpo egun asko igaro. Lan handia egin behar da ziklista profesional moduan duin jarduteko. Gero, egia da lasterketetan ez dudala hainbesteko presiorik izan. Ahalik eta gehien gozatzen saiatu naiz. Hala ere, gaur egun zaila da gozatzea txirrindulari profesional moduan.

Zuri dagokizunez, eta atzera begiratuz, gozatzeko modukoak izan ziren Skyren egituran [Ineos 2019az geroztik] egin zenituen lehen urteak: Frantziako Tourra irabazi zenuten bai 2018an eta bai 2019an. Nolakoa izan zen garai loriatsu hura talde barruan?

Nire urterik onenak izan ziren, Movistarren igaro nituenekin batera. Oso zaila da Tourra bi urtez jarraian irabaztea, eta sekulakoa da txirrindulari moduan hori bizitzeko aukera eduki izana. Asko eskertzen diot hori taldeari. Gainera, oso giro ona genuen. Garai hartan, aldaketa handia nabaritu nuen antolaketa aldetik. Movistarrekin alderatuz, oso bestela egiten ziren gauzak Sky taldean.

«Nahiko erregularra izan naiz beti. Gauzak zail jartzen zirenean, hortzak estutu, eta aurpegia ematen nuen»

Lasterketak irmo kontrolatzen zenituzten, igoeretan erritmo itogarria jarrita. Eta engranaje horretan, funtsezko pieza izan zinen zu.

Taldeak txirrindulari sendo eta fidagarriak behar zituen itzuli handietan, eta ni nahiko erregularra izan naiz beti. Horrek asko lagundu dit. Gauzak zail jartzen zirenean, hortzak estutu, eta aurpegia ematen nuen. Horri esker, estimatua sentitu naiz taldean. Konfiantza handia izan dute nigan. Beste ziklista batzuek errendimendu hobea zuten aldi jakin batzuetan, baina ez ziren ni bezain erregularrak.  

Aurrez, sei urte egin zenituen Movistarren. Eta garai haietan, hain justu, Tourrean Skyri aurre egiten saiatu zineten, Alejandro Valverde eta Nairo Quintanaren gidaritzapean.

Urte haietako oroitzapenak ere onak dira. Tourra irabaztear izan ginen, faborito izan gabe, eta antolaketarik eta estrategiarik gabe. 2015ean, adibidez, podiumean izan ziren bai Quintana eta bai Valverde. Lehiatzeko beste modu bat genuen; nolabait esatearren, txirrindularion erabakiei esker lortzen genituen emaitza onak.

Guztira hogei itzuli handitan izan zara, eta horietatik sei irabazten lagundu diezu lau taldebururi [Quintana, Geraint Thomas, Egan Bernal eta Tao Geoghegan Hart]. Garaipen horiek zure palmaresean ere agertu beharko lukete?

Ezin ditut neure egin, baina badakit, neurri batean, lanean aritu garen guztion esfortzuari esker lortu direla. Hor, bakoitzak ikusi behar du zenbat asetzen duen ziklista bati itzuli handi bat irabazten lagundu izanak. Niri dagokidanez, sekulakoa iruditzen zait hiru asteko horrenbeste itzulitan lehiatu izana, kontuan izanda helburu handiak zituzten taldeetan aritu naizela. Ezin zinen erlaxatu egun bakar batean ere. Oso nekagarria da.

11 garaipen lortu dituzu, denak ere erlojupekoetan. Penaz geratu zara bestelako etaparik ez irabazteagatik?

Bada, bai. Nire urterik onenak besterentzat lan egiten igaro ditut, eta oso aukera gutxi izan dut ihesaldietan sartu ahal izateko. 2020ko Giroan eta 2022ko Tourrean askatasuna izan nuen, ordea, eta bi aldiz izan nintzen bigarren. Gertu ibili nintzen. Gainontzean, ez dut beste aukerarik izan. Horrez gain, ez da gauza bera ihesean irabazten saiatzea 36 urte dituzunean edo zure ibilbideko boladarik onenean zaudenean.

«Tourra irabaztear izan ginen Movistarren, faborito izan gabe, eta antolaketarik eta estrategiarik gabe»

Bizikleta gainean paratzeko modua izan da zure bereizgarrietako bat: zorrotz bete dituzu aerodinamikaren arauak, bizkarra bizikletaren koadroarekiko paraleloan ipinita. Naturalki egin duzu hori, edo lanketa luze baten emaitza izan da?

Berezkoa izan da. Niri ez zitzaidan batere kostatzen horrela ipintzea. Malgutasun kontua da. Heldulekua apur bat gorago ipinita, agian, abantaila handiagoa lor nezakeen, baina ez zitzaidan erosoa. Erlojupekoetan, etekina atera diot aerodinamikari, eta, horri esker, aurrez aurre aritu naiz munduko espezialista onenekin [Europako Txapelketa irabazi zuen 2016an, eta hirugarren izan zen urte bereko Munduko Txapelketan]. Pozik nago diziplina horretan lortutako emaitzekin, baina, era berean, arlo horri hainbesteko arreta ipini izan ez banio, agian aukera izango nukeen beste eremu batzuetan nabarmentzeko. Azken urteetan ongi ikusi da hori, igoeretan laguntzaile zeregina hartu ahala.

Hasieran esan duzu ez dela erraza gozatzea ziklista profesional moduan. Ofizioa asko aldatu da debuta egin zenuenetik?

Lehengo ziklismoa bizi izan dugunontzat da zaila, bereziki. Gauzak asko aldatu dira azken lauzpabost urteetan. Lehiatzeko beste modu bat dago gaur egun; lasterketak bete-betean jokatzen dira hasieratik bukaerara, erlojupekoak balira bezala. Hori dela eta, prestaketa zorrotzagoa da, eta xehetasunek are garrantzi handiagoa daukate. Umetatik funtzionamendu hori barneratu baduzu, ohitu egiten zara. Baina beste garai batean hazi ginenontzat, aldiz, arrotza da. Lehen, elikadura ez zen hainbeste zaintzen, eta entrenatzeko modua ere ezberdina zen.

Zeren hutsunea nabarituko duzu aurrerantzean?

Nituen helburu guztiak bete ditudanez, uste dut ez dudala ezeren hutsunea sumatuko. Tourrean sasoi betean egotea, adibidez, sentsazio paregabea izan da, baina urte asko izan dira bizikleta gainean, eta jada bizi izan dut ziklista moduan bizi beharrekoa.

«Euskal ziklismoaren etorkizuna eskoletako lizentzia kopuruaren araberakoa izango da. Kantitateak kalitatea dakar»

Euskal ziklismoak, ordea, sumatuko al du Euskaltelen aritu zineten eta apurka erretiroa hartzen ari zareten txirrindularien falta?

Belaunaldi aldaketa zaila izango da. Epe luzera begira, euskal ziklismoaren etorkizuna eskoletako lizentzia kopuruaren araberakoa izango da. Kantitateak kalitatea dakar, kasu honetan. Harrobietan gorakada izan omen da azkenaldian lizentzia kopuruari dagokionez, eta ea hemendik urte batzuetara goi mailako txirrindulariak agertzen diren.

Eta nolakoa izango da zure etorkizuna? Txirrindularitzari lotuta jarraitu nahiko zenuke?

Lehenik eta behin, lasai egon nahi dut, eta denbora hartu familiaz gozatzeko. Oraingoz, ez naiz aspertzen. Bestalde, ia erabat ziur esan dezaket ez dudala txirrindularitzan lanean jarraituko. Laguntza eskatzen badidate, lasterketa bat antolatzeko adibidez, baliteke prest egotea, baina baldin eta gauza puntuala bada, ez lanbide moduan hartuta.

MOTZEAN

Inoizko txirrindularirik onena? Tadej Pogacar. 
Zuzendari bat?
Nicolas Portal.
Lasterketa bat? Frantziako Tourra
Igoera bat? Alpe d'Huez.
Talde bat? Sky.
Datuak ala sentipenak? Bien arteko uztarketa.
Lider bat? Ezin dut bakarra aukeratu. Denak izan dira esker onekoak.
Lorpen bat? Rioko Olinpiar Jokoetako laugarren postua. Kolpe txar bat hartu eta gutxira lortu nuelako.
Zer eman dizu txirrindularitzak? Ordena izateko eta ardurak hartzeko gaitasuna.  
Eta zer kendu dizu? Etxekoekin egoteko denbora. Oso zaila da ziklista izan eta familia edukitzea.
Damurik badaukazu? Nire lehen urteei zuku guztia atera ez izana.
Bizitzeko leku bat? Getxo.
Eta galtzeko lekuren bat? Filipinak.
Zaletasun bat? Eskia.
Zeri diozu beldurra? Ziklista gisa, eroriko larriei izan diet beldurra.
Zerk egiten zaitu zoriontsu? Etxekoekin egoteak, eta jateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.