Errugbi jokalari ohia

Julen Goia: «Gaur egun zerbait banaiz, errugbiari esker naiz»

Ibilbide oparoa osatu du Goiak, eta egindakoarekin «harro eta bakean» hartu du erretiroa. Bi alaba ditu, eta bikien esperoan daude; hori izan du errugbia uzteko arrazoi nagusia.

Julen Goia errugbi jokalari ohia. GOTZON ARANBURU / FOKU
Julen Goia errugbi jokalari ohia. GOTZON ARANBURU / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Lazkao
2025eko maiatzaren 7a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Lazkaoko Maizpide euskaltegian lotu du hitzordua Julen Goia errubgi jokalari ohiak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1991); hango irakaslea da. «Hemen BERRIA erabiltzen dugu, eta gustura irakurriko dute ikasleek». Luze eta zabal aritu da bere kirol ibilbideaz. «Eskerrak eman nahi dizkiet zaleei, entrenatzaileei, fisioterapeutei... Punta-puntan egonda, jende asko izan dut inguruan, denak beti laguntzeko prest».

Hemeretzi urte errugbian aritu eta gero, erretiroa hartu berri duzu. Azken partida eguna zure bizitzako zirraragarrienetako eta zailenetako bat izan zela aitortu zenuen. Zer moduz zaude?

Ondo, ondo. Trantze moduko batean, ezin sinetsita hau bukatu dela, eta pixka bat bizitza berriari begira. Uste dut mastekatzen ari naizela oraindik, tragatu ez dut egin; baina gogotsu nago, eta bakean, era berean.

Asko gogoratu zara egun hauetan bizitako guztiaz?

Bai... Elkarrizketetan-eta orain askotan ari zaizkit esaten zer palmares dudan, edo hainbat urtetan zenbat gauza egin ditudan. Egia da garrantzitsua izan dela. Hamahiru Europako txapelketa, zazpiko errugbiko Munduko Kopa bat, liga amaieran jokalari hoberena, entsegugile nagusia... Horrelako mila istorio ditut, eta motxilan daramatzat. Bitarte horretan ez zara jabetu ere egiten; zure egunerokoa da. Harro eta bakean nago egindakoarekin.

Noiz hartu zenuen errugbia uzteko erabakia?

Bi alaba ditut, eta Gabon inguruan enteratu ginen bikiak etorriko zirela. Hor ja etxean komentatu genuen garai eta aitzakia polita zela kirol ibilbide hau bukatzeko; arrazoi nagusia hori izan da. Denboraldi hasieran galdetu izan bazenit, orduan ez nizukeen esango azkeneko urtea izango zenik.

Zaila da aitatasuna eta goi mailako kirola uztartzea?

Bai. Fisikoki, edo klubean zaude edo familiarekin, ezin baitzara aldi berean bi tokitan egon. Horrek esan nahi du klubean pasatzen duzun denbora guztia ez duzula seme-alabekin pasatzen. Eta alderantziz: familiarekin zauden bitartean, ez zara behar bezala egiten ari zure kirol errendimenduko entrenamenduak eta zainketa horiek denak. Adibidez, orain hartuko dut lehen aldiz aitatasun baimena, hirugarren eta laugarren alabekin batera. Lehenengo bietan hartzeko aukera izan nuen, baina garai hartan ezin izan nuen: ‘Lau hilabetez ez naiz azalduko, e? Beste bat entrenatu dadila nire partez’. Ez doaz bat.

Denbora kudeatzea zaila da?

Denbora asko exijitzen dute biek. Atsedena entrenamenduen atalik garrantzitsuenetako bat da, eta, bi alaba jaioberri dituzula, hala moduz egiten duzu lo; ez da erraza.

«Fisikoki, edo klubean zaude edo familiarekin, ezin baitzara aldi berean bi tokitan egon. Horrek esan nahi du klubean pasatzen duzun denbora guztia ez duzula seme-alabekin pasatzen; eta alderantziz»

Azken lau partidak irabazi dituzue, baina min hartu zenuen azken neurketan. Zapore gazi-gozoa utzi dizu horrek?

Partida aurretik zera ari nintzen pentsatzen: ‘Jo, Julen, zapatilen lokarria lotzen ari zaren azkeneko aldia da; edo behatza lotzen ari zaren azken aldia’. Gogotsu nengoen. Gainera, entrenamenduak oso ondo joan ziren, eta dena zoragarri zihoan. Baina bigarren edo hirugarren minutuan ziztada bat izan nuen iskiotibialean, eta haustura bat egin nuen. Irrist eginda izan zen, keinu txar batean. Zera hori badut hor barruan. Taldekideek esan zidaten: ‘Horrela ezingo duzu bukatu, beste urte bat jokatu beharko duzu’ [barrez]. Bukaera nola izaten den ez da aukeratzen, eta hala suertatu da. Egindako guztiarekin geratu beharko dut.

Zer eman dizu errugbiak?

Nortasuna; gaur egun naizen hau, gaur egun den Julen, horri esker da. Hainbeste urtetan hainbeste jende ezagutu dut, hainbeste kultura, hainbeste buelta eman dizkiot munduari... bertako bizipenak, garaipenak, porrotak... Uste dut horrek denak nolabait hezten zaituela; heziketa bat da. Gaur egun zerbait banaiz, zati handi batean errugbiari edo kirol ibilbideari esker naiz.

Eta zuk errugbiari?

Gauza asko eman dizkiot kirolari. Adibidez, nerabezaro guztia. Jendea parrandara ateratzen zenean, ni Madrilen egoten nintzen kontzentratuta, edo, bestela, entrenatzen. Nire parrandak eta gauzak egin ditut, baina ezohiko nerabezaro bat izan dut. Nire lagunek egiten zuten kontrakoa egiten nuen askotan. Gazte garai hori dena nik kirolari eskaini diot. Eta gerora ere, familiarekin edo lagunekin pasatu ditzakezun momentu horietako asko entrenamenduetan pasatu ditut, bidaiatzen, maletak egiten, hotelez hotel... Bizitzaren parte handi bat eskaini diot kirolari.

Merezi izan du?

Bai, bai, ez naiz damutzen. Gainera, sakrifizio horrek gerora saria ekarri du.

«Bizitzaren parte handi bat eskaini diot kirolari, baina ez naiz damutzen. Gainera, sakrifizio horrek gerora saria ekarri du»

Ordizian hasi zenuen zure ibilbidea, eta hantxe bukatu duzu. Nolabait, zure etxea izan da?

Hala izan da. Hasierako pausoak bertan eman nituen. Dena oso azkar joan zen: hiru bat urteren bueltan debuta egin nuen lehenengo mailan, eta saltoa ere bai. Frantziako Ligara joan nintzen garaia ere orduantxe izan zen. Europako txapelketa batean entsegugile nagusi izan nintzen, eta hori erakusleiho bat izan zen. Lau urte eta piko pasatu nituen han. Gerora, kirol proiektu polit bat egin zuten Ordizian, eta nahi zuten horko partaideetako bat ni izatea. Horrekin batera, kapitain lanak eta beste rol batzuk hartu nituen. Oso gustura nago. Etxeko lehen jokalari profesionala izan naiz. Amateur moduan joan nintzen, eta profesional bueltatu. Ea etorkizunean gehiago dauden; seinale ona izango da.

Zure anaiarekin ere aritu zara. Berezia izan da hori?

Bai. Gaztetan, edozein herri txikitako bi anaia bezala, katua eta txakurra bezala ibiltzen ginen egun guztia. Zelaian, elkarrekin lehenengoz Espainiako selekzioan egin genuen bat, Georgian. Gerora, makina bat partida jokatu ditugu elkarrekin. Zerbait polita izan da.

Klubaren aro loriatsuenetako baten parte izan zara. Besteak beste, Ordiziarekin bigarren amaitu zenuen liga 2011. eta 2012. urteetan, eta Kopa irabazi 2012an. Zure etapako urterik politenak izan ziren?

Politenetakoak, bai. Lehenengo mailara iriste hori oso azkar suertatu zen, eta, aldi berean, ligako final bat, 2012an Kopako lehenengo titulua, partida guztiak jokatu, entseguak sartu... Momentu onenetariko bat bezala oroitzen dut une hori.

Baduzu bereziki gogoan denboraldi edo garaipen bat?

Testuingurua kontuan izanda, Kopako partida horrekin geratzen naiz: Valladoliden jokatu genuen, eta hamasei bat autobus joan ziren Ordiziatik, lehenengo Kopako finala baitzen. Irabazi egin genuen, minutu bat falta zela galtzen ari ginela... Gainera, Salvador aurkaria izugarrizko taldea zen, eta nazioarteko jokalari pila bat zituen. Zerbait oso-oso polita izan zen: zoragarria.

Miarritzeko harrobiko taldera joan zinen gero, eta han zinela debuta egin zenuen Top14 ligan. Nola oroitzen dituzu urte haiek?

Errugbiaren unibertsitatera joan nintzela esan daiteke. Baliabideak hogei aldiz hobeagoak dira han: inbertsioa askoz handiagoa da, eta, azkenean, diruak ekartzen du hori dena. Uste dut hori dela egin dudan gauza garrantzitsuenetariko bat, Top14an debutatu eta partida batzuk jokatzea. Denera bost-edo izan ziren. Telebistan ikusten nituen jokalari horiekin jokatzera pasatu nintzen. Haien posterrak nituen etxean, eta, urte batzuk geroago, haiekin nengoen aldageletan.

Alde handia dago bi ligen artean, ezta?

Frantziakoa mundu mailan gehien ordaintzen den ligetako bat da, eta horrek esan nahi du jokalari onenak etortzen direla, diruak agintzen baitu. Sekulako maila dago; guztiz profesionala da.

Errugbiaren unibertsitatera joan zinela esan duzu. Ikasteko balio izan zizun?

Asko. Neure buruari esaten nion esponja baten efektua egin behar nuela: hau da, ahalik eta gehien xurgatu. Hemen, helburua entsegua sartzea da; han, berriz, entsegua modu jakin batean sartu behar da. Bideari garrantzi handia ematen diote. Xehetasun eta detaile denak hartzen dira kontuan; begirada zabalagoa da.

Denboraldi bat Maulen egin ondoren, 2016an itzuli zinen Ordiziara, gaur arte. Kapitaina izan zara, eta 150 partida baino gehiago jokatu dituzu denera. Ze balorazio egiten duzu?

Baionako eta Miarritzeko jokalari dezente joan ginen Maulera; Toulonetik ere etorri zen baten bat. Nationale 2. mailan lehiatu ginen, talde oso lehiakorren kontra, baina urtea nahiko gogorra egin zitzaidan. Ohituta ez nengoen liga mota bat zen, eta kostatu zitzaidan. Ordizia harremanetan jarri zen nirekin, kirol proiektu polit bat planteatu zuten, eta horri esker itzuli nintzen. Aberasgarria izan zen; hala gogoratzen dut.

Bide onean utzi duzu kluba?

Bai. Aldaketa garai bat etorriko da. Entrenatzailea ere aldatu dute, eta datorren denboraldian ligako azken biak zuzenean jaitsiko dira Ohorezko B Mailara. Egoera ez da erraza, baina taldea ondo dago. Bada jendea urte asko elkarrekin aritu dena, eta, orain, fitxaketekin asmatu beharko dute. Zergatik ez? Nahiko baikorra naiz.

Proiektua sendo dago?

Bai. Etxeko jendeak garrantzi handia hartu du azken urteetan, eta erakutsi dute prest daudela. Gure oinarria hori da, harrobia. Zimenduak ondo daude azpi horretan.

«Etxeko jendeak garrantzi handia hartu du azken urteetan, eta erakutsi dute prest daudela. Gure oinarria hori da, harrobia. Zimenduak ondo daude azpi horretan»

Errugbi jokalaria izan zara, baina, haurra zinela, pilotan, futbolean eta atletismoan ere nabarmendu zinen. Zergatik aukeratu zenuen errugbia?

Anaiari esker hasi nintzen. Bera hasi zen jokatzen, eta ni urtebete geroago hasi nintzen. Igandero bera ikustera joaten nintzen, baina kanpotik, barreratik. Eta, egun batean, haren entrenatzaileak esan zidan: ‘Julen, sartu eta probatu’. Kaleko arropekin sartu nintzen, praka motzetan. Baloia eman zidaten, eta korrika oso azkar egin nuen. Hortik hasi zen dena. Nik ihes egiten nuen, ihes egin eta ihes egin. Anaiari esker, hantxe aritu nintzen egun batean, kaleko arroparekin, baloi bat eskuetan hartuta, korrika.

Ibilbidea ikusita, asmatu zenuen.

Bai, bai [barrez].

Zeren falta sumatuko duzu gehien?

Etxean nahiko lan izango dut, baina hutsunerik handiena egunerokoan sumatuko dut, zerbaiten parte izate horretan. Taldekideak, entrenamenduak, barreak... dinamika horren falta izango dut, saltsa horrena.

Motzean

Zelai bat?
Ordiziako Trevijano.

Entrenatzaile bat?
Inazio Araña Axio.

Taldekide bat?
Nire anaia, Oier.

Entsegu bat?
Lehenengo Kopako finalean sartutakoa.

Ibilbideko garairik onena?

Top14ko debuta Miarritzeko Aguilera estadioan.

Eta gogorrena?Lesioak... sorbaldako ebakuntza 2016an.

Mania bat?
Altamiran azken hamar urteetan toki berean aldatu naiz; eta, kanpora joatean, autobuseko eserleku berean bidaiatzen dut.

Errugbia ez balitz, ze kirol?
Kontaktuzko kirolen bat.

Beste afizio bat?
Autoak eta motorrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.