Gaur izan beharra dauka

Eibarrek helburu argi bat du gaur iluntzerako: Ipuruan Malagari irabazi, eta ia hiru hilabete irauten ari den bolada txarra eten

Julen Etxeberria.
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Iritsiko da txakalaldia». Zenbat aldiz emango zuten Eibarreko jokalari, entrenatzaile eta ordezkariek abisua taldea gozo-gozo zebilenean. Denek oso argi zeukaten ez zela normala talde igo berri batek, are gehiago Eibarren gisako talde apal batek, Lehen Mailan horren lan bikaina egitea: lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bat falta zela, zortzigarren postuan zen, 26 punturekin, eta jaitsiera postuekiko hamar punturen aldearekin.

Baina gauza bat da txakalaldi bat aurreikustea, eta beste gauza bat talde armaginari gertatu zaiona aurreikustea, hots, zulo sakon batetik irten ezinik egotea. Estatistikak edonor beldurtzeko modukoak dira. Eibarrek ia hiru hilabete darama irabazi gabe. 11 partida jokatu ditu: bederatzi galdu ditu eta bi berdindu. Ezina agerikoagoa da tarte horretan bildutako puntu kopuruari erreparatuz gero: 33 puntuetatik bi besterik ez du eskuratu. Bolada txar horrek, noski, izan du ondoriorik, eta sailkapenean koska dezente egin ditu behera. Hala ere, eta harrigarria badirudi ere, oraindik ez dago jaitsiera postuetan. Hamabosgarrena da, eta hiru puntura du oraindik jaitsiera. Eibartarraren zorionerako, azken postuetan dauden taldeak ere ez dabiltza batere fin.

Gaur Ipuruan Malagaren aurkagalduta ere ia ziur ez du jaitsieran amaituko jardunaldia. Bada zerbait, baina gaizki egingo lukete eibartarrek garaipena ez den beste emaitza batekin konformatuta. Irabazi beharra daukate, bolada txarra eteteko eta aspaldian kolpeak baino jaso ez dituen konfiantza berreskuratzeko. Gainera, larunbat honetan Santiago Bernabeun jokatuko dutela kontuan hartuta, beharrezkoa dute gaur hiru puntuak eskuratzea. Hori egin ezean, oso litekeena da asteburu hau pasatuta jaitsiera postuetan egotea, sasoi honetan lehen aldiz.

Malaga da gaur gainditu beharreko aurkaria, aurkari zaila. Espainiako taldea ere puntu premian da, baina datorren denboraldian Europan jokatzeko. Lehen itzulian, 2-1 hartu zuen mendean Javi Graciak entrenatzen duen taldeak Gaizka Garitanorena. Hain zuzen, Eibarreko entrenatzaileak aldaketak egin beharko ditu gaurko partidarako. Navasek eta Piovaccarik partida bateko zigorra bete behar dute. Lillo edo Ekiza ariko da atzean, eta Manu del Moral aurrean.

EIBAR-MALAGA

Eibar. Jaime; Boveda, Añibarro, Lillo, Didac Vila; Errasti, Dani Garcia; Capa, Arruabarrena, Saul Berjon; eta Manu del Moral.

Malaga. Kameni; Rosales, Angeleri, Weligton, Torres; Darder, Recio, Horta, Amrabat, Samu Garcia: eta Juanmi.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua.Ipurua (5.500 ikusle).

Ordua. 22:00 (C+Liga / Gol T).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.