Paula Ostiz (Iruñea, 2007) txirrindulari profesionala da jada. Larunbatetik asteazkenera bitarte estreinako hiru lasterketak jokatu zituen Movistarren elastikoarekin, eta sentipen onak izan ditu. Era berean, harrituta utzi du tropelaren abiadurak, eta aitortu du «ahalmenen mugara» eraman dutela. Asteazkenean Belgikatik Madrilera egin zuen bidaia, eta biharamunean Ruandarantz abiatu zen. Junior mailako munduko txapeldun bilakatu nahi du bertan. Etorkizunera begira ere, helburu handiak ditu.
Zer moduz sentitu zara profesional artean, Movistarrekin jokatu dituzun lehen hiru lasterketetan?
Ufa, tropela oso azkar zihoan! Uste nuen beste era batera izango zela. Telebistaz ikusita, iruditzen zitzaidan mantso samar zihoazela. Baina behin tropelean egonik, azkar aldatu dut iritzia. Uste dut abiadura egin zaidala deigarriena. Horrez gain, gehiago kosta zait tropelean mugitzea. Zeure kasa nekez molda zaitezke; taldean mugitu behar duzu, eta ohitu beharra dago.
Abuztuan bilakatu zinen ofizialki Movistarreko txirrindulari. 18 urte eskasekin, World Tourrean zaude jada. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Ilusio handia da. Txikitatik gorenean aritzeko ametsa nuen, eta errealitate bilakatu da. Orain, gogor lan egin eta pixkanaka hobetzea dagokit. Ikastea da lehen gauza. Bide luzea dut aurretik. Orain arte juniorretan lehiatu naiz, eta aldea sekulakoa da. Azken lasterketan, adibidez, ahalmenen mugara eraman ninduten azken igoeran. Sentsazio berria da niretzat, eta pozik nago; asko hobetuko dut onenen artean lehiatuta.
Iaztik zen jakina denboraldi honetan Movistarren elastikoa jantziko zenuela. Noiztik aritu zara haiekin lanean? Aldaketa handia sumatu duzu prestakuntzari dagokionez?
Iazko urrian taldearen egonaldian izan nintzen, eta entrenatzailea aldatu zidaten. Egia esan, ez dut aldaketa handirik nabaritu. Entrenamenduak apur bat ezberdinak dira, baina erraz hartu diet neurria. Alderik handiena, agian, materialean nabaritu dut: bizikleta berriarekin oso azkar noa. Nutrizioari dagokionez, orain garbiago dut zer eta noiz jan behar dudan lasterketan zehar. Iaz karranpa dezente izan nuen; aurten, berriz, atzean utzi dut arazo hori.
Erraz egin duzu tokia taldean? Nolako harrera egin dizute?
Oso pozik nago egin didaten harrerarekin. Hori bai, taldekide askok ingelesez hitz egiten dute haien artean, eta komunikatzeko arazoak izan ditut. Adibidez, azken egunetan Liane Lippert izan dut gelakide, eta ingelesez hitz egiteko arazoak ditudanez, gazteleraz hitz egiten saiatu gara. Ni eroso sentiarazten saiatu dira taldekideak, eta eskertua natzaie. Dena den, serio hasi behar dut ingelesa ikasten.
«Orain garbiago dut zer eta noiz jan behar dudan lasterketan zehar, eta jada ez dut karranparik»
Movistarrek zer helburu jarri dizkizu?
Horren inguruan ez gara oraindik mintzatu. Egonaldia urrian dugu, eta orduan esango didate zer asmo duten. Ziurrenik, taldekideei laguntzea izango da nire zeregina. Gauza asko dut ikasteko, eta ez dut emaitzak lortzeko presarik izan behar.
Hala ere, espektatiben zama sentitzen duzu? Azken finean, munduko onenen artean izan zara junior kategorian, eta berehala eman dizute World Tourrera jauzi egiteko aukera.
Uste dut txirrindulari bakoitzak bere bidea egin behar duela. Batzuk gai dira oso gazterik jauzi hori egin eta emaitzak nahiko azkar lortzeko. Baina denen ibilbideak ez du zertan horrelakoa izan. Alde horretatik, nik ez dut korrika eta presaka ibili nahi.
Zein da, zure ustez, elitera horren goiz iristearen alderik txarrena?
Txirrindularitzan murgiltzean, oso gutxi ikusten dituzu zure betiko lagunak. Txirrindularitzari lotutako jendearekin nago ia beti. Hala ere, bada zure alboan irauten duen jendea, eta horri balio handia ematen diot. Izan ere, garrantzitsua da ondo inguratua egotea gauzak okertzen direnean. Zorionez, inguru osasuntsua dut nik.
Datorren astean, sasoi honetako hitzordu nagusia izango duzu Ruandan: Munduko Txapelketa. Mentalki, nola egingo diozu aurre halako erronka bati?
Aukera polita da, baina ez dut neure burua estuegi hartu nahi. Beste lasterketa bat balitz bezala hartu nahi dut. Lasai egon behar dut, eta gerta dadila gertatu beharrekoa. Baina aldez aurretik urduritzen hasten banaiz, arrisku handiagoa dago gauzak nik nahi bezala ez ateratzeko.
Iaz zilarrezko domina lortu zenuen errepideko proban, baina ez zinen konforme geratu. Duzun mailaren eta anbizioren erakusgarri da hori.
Irabaztea daukat buruan, eta garbi daukat: urrezko dominak bakarrik nahi ditut. Ez badut lortzen, ez da aski izango. Errepidean zein erlojuaren aurka urrezko dominak lortuko banitu, biribildu egingo nuke juniorretako aroa. Erlojupekoan makal moldatu nintzen iaz [zazpigarren izan zen], baina irabazteko gai naiz. Bi diziplinak oso ongi prestatu ditut, eta uste dut aukera handia dudala urrezko dominak lortzeko.
«Txirrindularitzan murgiltzean, oso gutxi ikusten dituzu zure betiko lagunak. Halere, inguru osasuntsua dut»
Ezohiko Munduko Txapelketa izango da; batik bat, Afrikan lehiatuko delako. Nolako eragina izan dezake horrek?
Ez dakit klimak nolako eragina izan dezakeen, baina ez diet askorik begiratu nahi nire baitatik kanpo dauden faktoreei. Zirkuituari dagokionez, dena goitik behera aztertu dut Google Maps-en, baina onena bertatik bertara ikustea da. Lehen begi kolpean, esango nuke oso aproposa dela niretzat. Indartsu sentitu naiz Movistarrekin lehiatutako lasterketetan, eta oso sasoiko iritsiko naiz.
Eta behin Munduko Txapelketa igarota, zer etorriko da hurrena?
Europako Txapelketa, eta errepideko proba irabazten saiatuko naiz bertan [iaz urrea lortu zuen erlojuaren aurka]. Gero hiru klasiko izango ditut Italian, eta hor amaituko da sasoia niretzat. Gutxi iraungo du atsedenak, berehala hurrengo denboraldia prestatzen hasiko bainaiz.
Aurrerantzean, zer amets bete nahiko zenuke ziklista profesional gisa, eta noren ereduari erreparatuko diozu?
Alde batetik, eta nagusiki, klasikorik garrantzitsuenetan parte hartu nahiko nuke. Horrez gain, hurrengo Olinpiar Jokoetan parte hartzen saiatuko naiz, eta emaitza ona lortzen. Elite mailako Munduko Txapelketa irabaztea ere gauza handia litzateke, noski. Baita Frantziako Tourrean lehiatzea ere. Erreferenteei dagokienez, asko gustatzen zaizkit Lotte Kopecky eta Demi Vollering. Batez ere, haien mentalitatea gustatzen zait.