Euskal Pilotako Nazioen Liga bukatu zenetik, «lasaiago» dabil Joxemari Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1958) Euskadiko Pilota Federazioko presidentea. Baina ez dago geldi. «Beti dago zer egina», esan du.
Egun batzuk pasatu dira Euskal Pilotako Nazioen Liga bukatu zenetik. Zer moduz zaude?
Nahiko ongi nago. Nire ustez, ondo egin ditugu gauzak, bihotzez. Hala ere, beste batzuek jarri behar digute nota.
Gauzak «ondo» egin dituzuela diozu. Beraz, balorazioa ona da?
Bai. Kirol arloari dagokionez, helburua bi finalak jokatzea zen, eta lortu dugu: bat irabazi dugu; bestea, aldiz, ez. Antolakuntzari dagokionez, berriz, lan asko izan dugu, eta xehetasun asko zaindu behar izan ditugu. Gure ustez, itxura ona eman dugu. Horretan, zuek, Euskal Herriko komunikabideok, asko lagundu diguzue. Elkarrekin aritu gara, eta, horri esker, gauzak ondo irten dira.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko hainbat kide egon dira Gernikan. Haiek zer esan dizuete?
Gure alde bozkatu zutenak, gure alde apustu egin zutenak, pozik geratu dira. Guk lehen aldiz antolatu dugu horrelako txapelketa bat, eta, lehen aldiz lehiatu gara horretan. Guretzat erronka izugarria zen txapelketa hau antolatzea. Egin dugu, eta esan diguten guztia ona izan da.
Horrelako txapelketa bat antola zenezaketela erakutsi nahi zenuten. Bete duzue helburu hori?
Bai. Gauzak beste modu batera egin ditugu, eta hori gustatu egin zaie. Azaroan dugu hurrengo erronka: Bilbon jokatuko den 36 metroko frontoiko Nazioen Liga. Ea hori ere ondo antolatu eta lana biribiltzen dugun.
Gauzak «beste modu batera» egin dituzula diozu. Nola egin dituzue?
Irekiera eta amaiera ekitaldi berritzaileak egin ditugu, eta komunikabideok beste era batera kontatu duzue txapelketan gertatu dena; hau da, beste era batera ikusi dira gauzak. Hori guztia mesedegarria izan da.
«Madrildik hamasei komunikabide etorri ziren morbo bila, baina gehienak itzuli egin ziren biharamunean, nahi zutena topatu ez zutelako»
Xavier Cazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak txapelketaren aurkezpenean esan zuen «Euskadiren falta sumatu» dutela garai batean. Hori esan dizuete zuei?
Guri esan digute pozik daudela gu barruan gaudelako; haien ustez, beharrezkoa zen gu barruan egotea. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa izanda, euskaldunok ez egotea gabezia zela esaten ziguten. Orain, euskaldunok barruan gaude berriro. Badakigu ez gaudela denok; guk denok egotea nahi genuen. Baina, behintzat, barruan gaude, eta, haien iritziz, orain osatuagoa sentitzen dira.
Euskadiko Federazioa Nazioartekoan sartzeak mesede egin dio pilotari?
Baiezkoan nago. Kirol maila, gauzak antolatzeko eta telebistan produktu erakargarriagoa egiteko gaitasuna, oihartzun handiagoa komunikabideetan... Hori guztia eman diogu pilotari. Gu barruan egotea askoz hobea da pilotarentzat.
Zer sentitu duzu Gernikako frontoian?
Babes handia. Jendea ikaragarri ondo portatu da: partidak ikustera eta tanto onak txalotzera joan da; txistu oso gutxi egon da, eta jendea errespetu handiz jardun da. Zera esaten ziguten behin eta berriro: «Bazen garaia! Azkenean lortu dugu!». Jende asko hunkituta zegoen. Guztion lorpena izan da.
Uneren bat gogoratzen duzu bereziki?
Euskal selekzioak lehen partida jokatu zuenekoa. Oso-oso berezia izan zen. Baita gizonezkoek irabazi zuten finala ere. Baina pena sentitu nuen emakumezkoek ezin izan zutelako gauza bera egin; batez ere, haiengatik hartu nuen pena.
Hunkigarria izan zen ere irekiera ekitaldian bertsoa kantatu zenuenekoa.
Oso-oso gutxik zekiten bertso bat kantatuko nuela. Hasiera berezia izatea nahi nuen, ez betiko hitzaldi luze eta aspergarria. Gu, euskaldunok, ezberdinak gara, ez hobeagoak, ez txarragoak, baina ezberdinak gara. Hori erakutsi nahi izan nuen.
«Gu, euskaldunok, ezberdinak gara, ez hobeagoak, ez txarragoak, baina ezberdinak gara. Hori erakutsi nahi izan nuen bertsoa botata»
Bertso horretan gogoan izan zenituen euskal selekzioan falta diren herrialdeak: Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Noizko zazpi herrialdeetako selekzioa?
Egungo legedia kontuan izanda, ezinezkoa da hori. Asko dago egiteko horretan, eta ez da erraza izango, baizik eta nekeza eta luzea. Baina gogor saiatuko gara. Hala ere, badago ate txiki bat irekia Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek gurean joka dezaten.
Zer egin beharko lukete?
Nafarroakoek hiru urtez egon beharko lukete erroldatuta Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. Iparraldekoek, berriz, hori egiteaz gain, Espainiako herritartasuna izan beharko lukete. Gauza bat kontatuko dizut: nik dakidanez, gutxienez bi argentinar erroldatu dira jada Gipuzkoako bi herritan, euskal selekzioarekin jokatu nahi dutelako 2030ean Gernikan eta Bilbon jokatuko den Munduko Txapelketa. Ate hori irekia dago, eta batzuk hori aprobetxatu nahi dute, eta jada hasiak dira urratsak egiten.
Zarata egon da txapelketan euskal selekzioaren parte hartzea dela eta. Espero baino handiagoa ala txikiagoa?
Barruan apenas izan den zaratarik. Madrildik hamasei komunikabide etorri ziren euskal selekzioaren eta Espainiaren arteko partidara, morbo bila, baina gehienak itzuli egin ziren biharamunean, nahi zutena topatu ez zutelako.
Historikoa izan da Gernikakoa, baina baliteke ezerezean geratzea Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) arrazoia ematen badio Espainiako Pilota Federazioari. Hark helegitea jarri du Nazioarteko Federazioa Euskadikoa kide gisa onartu izanaren aurka. Baduzue berririk horri buruz?
Bai. TASek beste hamabost egun hartu ditu, ez duelako argi eskumena duen edo ez. Beraz, auzia luzatu egingo da. Albiste ona da TASek zalantza egitea. TASek zera ikusi du, Espainiako Federazioak, gure eskubideen aurkako salaketa jarri arren, onartu egin duela guk antolatutako txapelketa batean parte hartzea. Javier Conde Espainiako Federazioko presidenteak berak sinatu zuen agiri bat txapelketako baldintza guztiak onartzen zituela esanez. Horrez gain, txapelketa aurretik egindako beste bilera baten akta ere sinatu zuten. Ez dakit horrek zerikusirik baduen TASek zalantza egitearekin. Espero dut baietz. Gu itxaropentsu gaude.
«TASek beste hamabost egun hartu ditu, ez duelako argi eskumena duen edo ez. Albiste ona da zalantza egitea. Itxaropentsu gaude»
Zeintzuk dira hurrengo helburuak?
Irailean 23 urtez azpiko Munduko Trinket Txapelketa jokatuko da Argentinan, eta horretan aritzeko lehen deialdia egin dugu. Mutil eta neska pila bat daude horretan, eta bi hilabete daramatzate jada entrenatzen. Saiatuko gara ahalik eta pilotari onenak eramaten, ahalik eta ondoen aritzeko. Ez dugu irabazia domina euskaldunak garelako eta euskal pilotan jokatzen dugulako. Horretarako, azpiegitura bat sortu dugu: hautatzaileak ditugu modalitate guztietan. Gu iritsi aurretik ez zegoen ezer.
Ilusioa nabari duzue pilotariengan?
Bai, handia, eta gu egotea akuilu izan da beste herrialdeentzat: ikusi dute aurkari indartsua garela, eta haien maila igo nahian dabiltza.