Puntista ohia

Imanol Lopez: «Gauzarik politena pertsona gisa garatzea eta kirola bultzatzea da, ez txapelak irabaztea»

Imanol Lopezek erretiroa hartu berri du, 42 urterekin, eta zesta-puntaren gorenean 23 urtez aritu eta gero. Etxean txapela irabazita esan du agur. «Pribilegiatua sentitzen naiz horren amaiera ederra izateagatik».

Imanol Lopez. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Lopez. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
Zumaia
2026ko apirilaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astearte goiza da, eta isil-isilik dago Zumaia (Gipuzkoa). Sekulako aldea dago bezperan egon zen burrunbarekin konparatuz. San Telmo eguna izan zen, herriko ospakizun nagusia, eta, festa handia izan zen kalean. Baita Aitzuri frontoian ere. Herriko seme batek azkenekoz jokatu zuen, Imanol Lopez puntistak (Zumaia, 1984). Etxean agurtu zen, 23 urtez gorenean aritu eta gero. Nekez izan zezakeen agur hoberik, etxeko Masters Seriesa irabazi baitzuen Aritz Erkiagarekin batera. «‘Beste egun bat bulegoan’, pentsatu nuen konturatu gabe jokatu aurretik, baina azkar ohartu nintzen azken eguna zela. Oso polita izan zen», azaldu du. Aitzuri ondoko banku batean eseri da elkarrizketa egiteko. Patxadaz mintzatu da. Ia ez dabil inor kalean, baina, hala ere, bi bizilagunek agurtu eta zoriondu dute. 

Kito. Jokatu duzu azken partida. Zer sentitzen duzu?

Ibilbide luzea egin dudala, eta kirolari esfortzu handia eta indar pila bat eskaini diodala. Gertuko askok idatzi didate, eta haien mezuak irakurrita ohartu naiz lan asko egin dudala, baina lan horrek zentzua izan duela.

Etxean, San Telmo egunean, eta txapela irabazita. Ezinezkoa zen hobeto bukatzea?

Eguna, agian, beste bat izan zitekeen, baina lekua ez: Zumaian izan behar zuen. Aurretik, prestaketa txiki bat egin nuen, Gernikan, Mexiko Hirian eta Miamin omenaldiak egin baitzizkidaten. Barneratua nuen azken partida zela, baina, hala ere, ez zen erraza izan. Zorionez, primeran atera zen dena. Pribilegiatua sentitzen naiz horren amaiera ederra izateagatik. 

Horrela bukatu nahi zenuen?

Bai. Ni oso lehiakorra naiz kirolean. Kirolaz kanpo, berriz, lasaiagoa naiz, baina gauzak ondo egitea gustatzen zait. Lehiakor izanda, gauzak ondo eginda eta emaitza onak lortuta bukatu nahi nuen. Eta zoriontsu naiz, horrela izan baita. 

Jokatzen jarraitzeko tentazioa izan duzu?

Beti duzu dudaren bat, baina uzteko erabakia sendoa izan zen hasieratik, asko hausnartu bainuen. Nik badakit gaur oso ondo nagoela, baina, agian, bihar ez. Kirolari guztiok dugu kezka hori. Buruari ez ezik, gorputzari ere entzun behar zaio, eta, askotan ez diogu entzuten, eta estutu egiten dugu, eta gorputzak kito esaten du, eta min hartzen duzu. Lesiorik izan ez dudalako egin dut nik horren ibilbide luzea. Gorputzak lagundu egin dit, baina nik ere kasu egin diot.

«Nire ibilbidean funtsezkoa izan da familiak eman didan laguntza eta babesa. Haien lana nirea baino garrantzitsuagoa izan da»

Konforme zaude eginikoarekin?

Bai. Sekula ez nuen imajinatuko horrelako ibilbidea egingo nuenik. Lehenik, lagunekin batera kirola egiten hasten zara; gero, txapelketak jokatzen hasten zara; eta, azkenik, emaitzek beste toki batzuetara eramaten zaituzte. Deitu inertzia-edo. Hala ere, nire ibilbidean funtsezkoa izan da familiak eman didan laguntza eta babesa. Haiek ez bazaituzte bultzatzen zure ametsa betetzera, ez zara inora iristen. Familiak egin duen lana nik egin dudana baino garrantzitsuagoa izan da. Lan hori egin ez balute, nik ez nuen izango aukera kirol honetaz gozatzeko.

79 txapel irabazi dituzu: besteak beste, zortzi aldiz izan zara munduko txapeldun, bitan Jai Alai ligakoa, eta, behin Nazioen Ligakoa. Adituen iritziz, azken hogei urteetako atzelaririk onena izan zara. Zer diozu zuk?

Ni jakitun naiz emaitza on asko lortu ditudala. Horregatik diote hori nitaz. Baina ni lasai nago: kantxan Lopez naiz, baina kantxatik kanpo Imanol naiz. Irabaztea gasolina da aurrera egiteko, eta nik gasolina asko izan dut. Nolanahi ere, esperientzia pilatu eta heldu ahala, ohartzen zara emaitzak ez direla garrantzitsuena, eta lanaren ondorioa direla. Gauzarik politena pertsona gisa garatzea eta kirola bultzatzea da, ez txapelak irabaztea. Nik beti oso argi izan dut kirola ez dela kantxan bakarrik egin behar eta kanpoan ere lan handia egin behar dela maite dugun kirola zaintzeko. Izan ere, gaur osasuntsu dago, baina guk garai zailak bizi izan ditugu.

Nahikoa diru irabazi duzu txikitan herrian puskatu zenituen kristal guztiak ordaintzeko?

[Barrez hasi da]. Bai, ezin naiz kexatu, ondo joan zait, eta pribilegiatutzat dut neure burua. Hala ere, dirua tartean sartzen denean galdu egiten da gozamena. Oreka topatu behar da.

Garai zailak aipatu dituzu. Zuk ehun ikusle eskasen aurrean debutatu zenuen, Gernikan.

Horregatik baloratzen dut horrenbeste zein osasuntsu dagoen orain zesta-punta. Beti ugaritasunean aritu bazara, ez dituzu baloratzen gauzak behar bezala. Guk gogotik lan egin behar izan dugu, baina oso pozik gaude hori egin behar izanaz, horri esker gaur egun gazteek aukera polita baitaukate kirol honetaz gozatzeko.

Zuri, debutatu eta hiru astera esan zizuten amaitu zela zesta.

Bai, baina hiru astera berriz ari ginen jokatzen. Kirolak gauza on asko ematen dizkizu, baina bidean beti dago harri txikiren bat, eta hori inguratu edo eskalatu beharra dago; ez dago besterik, bai kirolean, bai egunerokoan. Kirola oso tresna ona da bizitzari aurre egiteko: diziplina, talde lanean aritzeko aukera... mila gauza ematen dizkizu, eta hori izugarria da.

«Guk gogotik lan egin behar izan dugu, baina oso pozik gaude, horri esker gaur egun gazteek aukera polita baitaukate»

Disgustua eman zenien gurasoei 20 urterekin esan zenienean AEBetara zindoazela? Herritar batzuek bidea egina zuten.

Ez da erraza horrelakoak kudeatzea, baina ni ez nintzen izan hara joan zen lehena. Aitzindari asko egon ziren, eta horiek lan handia egin zuten guk horren ibilbide luzea egin genezan. Funtsezkoa izan da aitzindari haien lana.

Hamabost urte pasatxo egin zenituen Miamin eta Mexiko Hirian. Espero zenuen halakorik?

Inondik inora ere ez. Ni hara joan nintzen, baina ez nekien noiz itzuliko nintzen. 11 urte egin nituen Miamin, eta lau eta erdi Mexiko Hirian. Pribilegioa izan da kirolari esker etxetik kanpo bizitzea.

Egonaldi horrek arrastoa utzi du zugan?

Bai. Oso lagun handiak egin nituen han, ez bakarrik zestan, baita zestatik kanpo ere. Karrera bat ikasi nuen, eta horrek on egin dit beste ikuspuntu bat izateko. Izugarria izan da Miamin 11 urtez bizitzea. Mexikok ere arrastoa utzi du nigan: emaztea hangoa da, eta familia dut han. Berriro diot: txapelak hor daude, baina ni bizitako uneekin eta esperientziekin geratzen naiz.

Miamin aritu zinen ondoen.

Bai. Han eman nuen nire mailarik onena, 23 eta 28 urte bitarte nituenean. Goiz garatu nintzen, eta orduan ez nuen orain dudan pazientzia kantxan. Jatetxeak kudeatzeak [hiru ditu] eman didate hori. Gaztetan pazientzia izan banu, sekulakoa izango zen. 

Oso zoriontsu izan zinen han, baina 2019an etxera itzuli zinen.

Etxea etxea da. Nik beti diot ez dela erraza kanpoan ibiltzea, baina ezta etxera itzultzea ere. Mexiko Hirian 24 milioi pertsona bizi dira, Miamin zortzi milioi: inork ez zaitu ezagutzen, ez zaude fokupean. Baina etxean jendeak txikitatik ezagutzen zaitu. Familiarekin egonkortzeko, lan egiteko eta zestan aritzeko itzuli nintzen. Horregatik hartu genuen Idoia jatetxearen ardura. Erronka oso handia izan zen niretzat, ostalaritzaren bestaldea ezagutu bainuen, eta esparru oso exijentea baita hori: zerbitzua eman, bezeroekin egon, arazoei segundoero irtenbide bat eman... Iritsi, udan atseden pixka bat hartu, eta jo eta su lanean hasi; horrela izan zen gure itzulera. Eta horrela ibili naiz azken urteetan: familia, lana eta zesta uztartu ditut. 

«Sekulakoa izan da zestak izan duen goraldia. Barruan gauden guztion inertzia negatibotik positibora pasatu izana izan da gakoa»

Etxean harrapatu zaitu zestak izan duen goraldiak. Nola bizi izan duzu?

Sekulakoa izan da; inork ez zuen espero. Hainbat gauzek bat egin zuten: Daniako frontoia itxi zuten, enpresak apustua egin zuen, eta pilotariok lasaitu egin ginen, eta ulertu zestak gora egiteko beste modu batera lan egin behar zela. Lanaz ari naizenean ez naiz bakarrik ari frontoikoaz, kanpokoaz baizik: produktua saldu behar da, zaindu. Hala, gure jarrerari, enpresaren gidaritzari, ETBren bultzadari, erakundeen eta babesleen laguntzari eta komunikabideen goxotasunari esker, gauzak zentzua hartuz joan dira. Barruan gauden guztion inertzia negatibotik positibora pasatu izana izan da gakoa. Hori gertatzen denean, denak positibo gaudenean eta bultzaka ari garenean, ontziak aurrera egin beharra du. Oso pozik gaude gertatu dena ikusita, eta gazteei dei egiten diegu bultzaka jarrai dezaten. Gu bagoaz, baina haiek jarraitu behar dute bultzaka. Gauzak kurioso egin behar dituzte, eta zesta zaindu.

Gustatuko litzaizuke urte batzuk gazteagoa izatea egoeraz disfrutatzen jarraitzeko?

Noski. Gu aritu gara kirol hau bultzatzen, zaintzen, eta gure betiko desioa izan da orain dagoen bezala egotea. Gure ibilbidearen azken txanpan iritsi zaigula? Bai, baina aukera izan dugu hau ere disfrutatzeko. 

Duela bi urte Iñaki Osa Goikoetxea herrikideak hartu zuen erretiroa, eta orain zuk utzi duzu. Badator norbait atzetik Zumaian?

Zumaian zera gertatu da: garai batean ez zegoen frontoirik, eta etena egon zen. Pena da, herriko pilotari asko aritu baitira kanpoan: Goiko, Enbil, Alberdi anaiak, Zinkunegi... Baina, nire ustez, pizkundea dago berriro, gazte asko dabiltza, eta espero dut guk haiek inspiratu izana. Lana gogor egin behar dute, baina badago bidea, eta gaur ez bada, agian hemendik urte batzuetara norbaitek gure lekukoa hartuko du. Hori nahi dugu guk.

Zesta-puntari lotuta jarraitzeko asmoa duzu?

Zesta-punta ez da futbola, tenisa edo golfa; ez dago azpiegitura handi bat. Gustatuko litzaidake gertu egotea, baina gauzek naturalki gertatu behar dute, ez behartuta. Ikusi behar dut non nagoen gusturago kirol honetan, bultzaka jarraitzeko. Argi dut zerbait egiten badut familiarekin eta lanarekin bateragarria izan beharko duela. Nahiko lana badut, baina niri lana egitea eta erronkei aurre egitea gustatzen zait, baita jendea gidatzea ere. Zortekoa izan naiz, jendeak nire alde egin baitu apustu, eta beti izan baitut norbait bultzaka. Asko betetzen nau gazteengan eragin ona izateak eta haiei laguntzeak bizitza eta garapen on bat izan dezaten.

«Lasai nago, eta bakean noa, nirekin batera aritu direnek esan baitute erraza izan dela nirekin talde lanean aritzea»

Zerbait egiteko gogoa duzu?

Beste kirol jarduera batzuk egin nahi ditut, eta familiaz patxada gehiagorekin disfrutatu. Badakit ez naizela geldirik egongo, eta, orain, badut energia pixka bat beste gauza batzuk egiteko. Egunez egun joan nahi dut.

Nola nahiko zenuke gogoratzea jendea zurekin?

Lasai nago, eta bakean noa, nirekin batera aritu direnek esan baitute erraza izan dela nirekin talde lanean aritzea, eta beti saiatu naizela eragin ona izaten eta giro ona sustatzen. 

motzean

Bikotekide bat?
Goiko.

 

Aurkari bat?
Goiko.

Frontoi bat?
Odieta, Zumaian.

 

Partida bat?
Goiko eta Felix Pipertxu Alberdiren eta bion aurka. Bikotekideari esker irabazi genuen.

Idolo bat?
Michael Jordan. 

 

Zer eman dizu zestak?
Dena.

Eta kendu?
Gutxi.

 

Puntista izan ez bazina?
Tenislaria.

Pilota profesionalak duen onena?
Norberaren garapena.

 

Txarrena?
Hor ere norberaren garapena.

Zaletasunen bat?
Padela eta golfa.

 

Bizitzeko toki bat?
Zumaia, Miami eta Mexiko Hiriaren arteko nahasketa bat. 

Oporretarako?
Lagunen bat bizi den edozein.

 

Parrandarako?
Miami.

Jaki bat?
Janari japoniarra.

 

Edari bat?
Ura gasarekin.

Kanta bat?
Sigo siendo el rey [hura abestu zuen agurrean].

ALTUNA III.A ETA DARIO ARIKO DIRA GAUR GERNIKA-LUMON

Buruz buruko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako hiru partida jokatuko dituzte gaurtik igandera bitarte: gaur, Jokin Altuna eta Dario Gomez ariko dira elkarren kontra Gernika-Lumon (Bizkaia), 20:45ean (ETB1). Bi pilotariek irabazi egin zuten A multzoko lehen jardunaldian, beraz, bigarrenez irabazten duenak esku-eskura izango du finalerdietan aritzea. B multzoan, berriz, bihar, Jon Ander Peñak eta Javier Zabalak jokatuko dute elkarren aurka, Iruñeko Labriten (17:15, ETB1). Biek ala biek dute lehen partida ligaxkan. Azkenik, igandean, A multzoko partida jokatuko dute Erik Jakak eta Unai Lasok Gasteizen (17:15, ETB1). Biek galdu egin zuten estreinakoan, beraz, berriro galtzen duena ia aukerarik gabe geratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA