Dario Brizuela eta Xabi Lopez Arostegi. Horiek dira azken urteetan ACB ligan eta Euroligan gehien nabarmendu diren Euskal Herriko saskibaloi jokalariak. Etxetik urrun ari dira jokatzen biak, Bartzelonan Brizuela eta Valentzian Lopez Arostegi. Etxean arrakasta izatea, ordea, zailagoa dela dirudi. Baskonian ez dago Euskal Herriko jokalaririk; Bilbo Basketen, aldiz, ilusioa sortu du Bingen Errasti joko antolatzailearen agerraldiak (Arrasate, Gipuzkoa, 2007).
18 urte baino ez ditu, baina gogotsu dago bidea egiteko. Hala ari da. Peristeriren aurka egin zuen debuta lehen taldearekin, FIBAren Europako Kopan. Jaume Ponsarnauk lehen laurdeneko defentsako jokaldi batean atera zuen kantxara. Sei segundo baino ez ziren izan, baina eguna ahaztezina izan zen Errastirentzat. Izan ere, txikitatik dihardu saskibaloian, eta, modu horretan, gorenean aritzeko ametsa bete zuen. Baina zer pentsatu zuen, Ponsarnauk irten egingo zela esan zionean?: «Hamabi urtez Arrasaten eta Bilbon egindako lanak merezi izan zuela pentsatu nuen, eta sari moduan hartu nuen. Profesional izatea da kirolari guztiok dugun ametsa». Gurasoengandik datorkio zaletasuna: «Bai aitak eta bai amak saskibaloian jokatu zuten. Hasieran, futbolean ere aritzen nintzen, baina saskibaloian hobeto moldatzen nintzela ikusi nuen. Ondorioz, horri ekin nion buru-belarri».
Gazte kategorian nabarmendu zen, eta Bilbo Basketek fitxatu zuen harrobian aritzeko. Ofizialki FIBAren Europako Kopan debutatu bazuen ere, denboraldiaurrean ere norgehiagoka batzuk jokatu zituen lehen taldearekin. Jokalarietako batzuk Europako Txapelketa jokatzen ari ziren, eta beste batzuk min hartuta zeuden. Bada, Ponsarnauk jokatzeko aukera eman zion. «Denboraldi hau desberdina izaten ari da, baina, era berean, polita».
Zera onartu du: gorenean aritzearen aldea nabaritu duela: «Fisikoan nabaritu dut alderik handiena. Nahiz eta gimnasioan aritu, gazte kategorian fisikoa desberdina da. Jokalari hauek gogorrak eta garaiak dira, eta abiadura handiz jokatzen dute». Jokamoldeak gehiago eskatzen du, eta, beraz, gorputzaren erreakzioa ere desberdina da. Honela azaldu du lehen taldearekin egin zituen aurreneko entrenamenduetan nola ikusi zuen bere burua: «Itota amaitzen nuen». Baina aldi berean oso gustura dago, Harald Frey eta Melwin Pantzar joko antolatzaileekin entrenatzea ikasgai handia baita.
«Egia esan, ez naiz urduri egon. Presioa kantxa barruan ari garenean nabaritzen da, batez ere defentsan. Gorputza beste modu batera egon ohi da»
BINGEN ERRASTI Bilbo Basketeko jokalaria
Sabelean tximeletak izan arren, ondo kudeatu ditu: «Egia esan, ez naiz urduri egon. Presioa behin kantxa zaudenean nabaritzen duzu, batez ere defentsan. Gorputza desberdin egon ohi da. Baina entrenamenduak eta partidak pilatu ahala gorputza eta burua hobeto egokitu ohi dira».
Errastik taldearen ibilbideari ere erreparatu dio. Iragan denboraldian FIBAren Europako Kopako txapeldun izan ziren, eta denboraldi honetan ere bikain ari dira txapelketa horretan: «Multzoen fasean ikusten ari gara Bilbo Basket lehiaketan dagoen talderik onenetakoa dela. Aurreko denboraldikoa errepikatzeko ahala daukagu, eta horretan saiatuko gara».
Asteazkenean hasiko dute txapelketaren bigarren fasea, Sporting Lisboaren kontra, Miribillan (18:30). ACB ligan, berriz, bihar Kanaria Handia jasoko dute (18:00). Bi taldeek hiru garaipen eta bost porrot dituzte. Bilbo Basket hamabigarren dago sailkapenean, baina garaipen batera ditu Espainiako Koparako sailkatzeko postuak. Gauzak oso estu daude, eta horretan saiatuko dira.
Harrobiko taldea mesede
Bilbo Basketek beste urrats bat egin du denboraldi honetan harrobia indartzeko. 22 urtez azpiko taldea sortu du. Talde hori ACB ligak bultzatutako U ligan lehiatzen ari da. Bertan ACB ligan ari diren hainbat talderen bigarren taldeak lehiatzen dira: Real Madrilena, Bartzelonarena, Unicajarena, Valentziarena, Zaragozarena... Errasti bertan aritzen da nagusiki, eta garrantzi handia eman dio txapelketa horri: «Orain arte hemengo taldeen kontra jokatzen genuen soilik, eta aurkarien maila eta kalitatea ezberdina da: talentu handia dago. Etorkizunari begira inportantea izango da». Horri esker, ACB ligarako urratsa ez da hain handia izango.«Hemen aritze hutsa sari bat da, baina hori irabazi egiten da, eta horretan saiatzen ari gara». Errasti ez da etorkizunari begiratu zalea, baina argi du zer helburu duen: «Ahalik eta maila onena lortu nahiko nuke, eta lehen taldearekin ahalik eta norgehiagoka gehien jokatu».