Koikili Lertxundi. Futbolari ohia

«Gaztetan hautatzen ez bazaituzte, zaila da Lehen Mailara iristea »

Ekainean hartu zuen erretiroa, Mirandesekin Bigarren B Mailara jaitsi ondoren. Taldeak Bigarren Mailan iraungo du azkenean, baina Athleticeko jokalari ohiak bere garaia amaitu dela «sentitu» du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Azpeitia
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Koikili Lertxundi (Otxandio, Bizkaia, 1980) jokalari ezberdina da. Fokuetatik urrun, burua bere lekuan duten horietarikoa. Futbola pasio du, eta ez ofizio. Atzeko atetik iritsi zen futbol profesionalera, Athleticera, eta 5 urtean jokatu zuen han, kemenaz eta lanerako grinaz zaleen bihotzak irabazteraino. Futbol ibilbidearekin batera aurrera atera dituen proiektuei eutsiko die orain. Futbolari bista gainetik kendu gabe, hala ere.

Akabo futbolari bizitza?

Futbol profesionalean presio handia dago jokalariaren gainean. Garai bat iristen da benetan beti gogoko izan duzun hori hain gogoko ez duzuna. Eta bihotzak esaten dizu gertu zaudela erretiroaren ordu zail horretatik. Nik beti egin dut kirola barruko motibazio batengatik, eta ez, profesionala izateagatik. Nahiz eta gero horregatik borrokatu. Eta jada galdu egin dut motibazio hori.

Mailaz jaitsiz utzi duzu futbola. Horrek ere izango zuen eragina zure erabakian.

Egia da hor arantzatxo bat geratzen zaizula eta ez dela uzteko modurik onena. Baina argi nuen ez nintzela itzuliko erabat profesionala ez den maila batera. Gainera, Bigarren Mailatik jaitsita, oso jokalari gutxik aurkitzen dute taldea maila berean. Nahiz eta arantzatxo horrekin utzi, zazpi urtez maila profesionalean aritu ondoren, konforme nago.

Futbol profesionalera ez hain gazte iristean, 26 urterekin, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten dira?

Argi dago. Adin horretan iritsita, ordurako bizi izan dituzu esperientzia eta bizipen batzuk 18-19 urterekin debuta egiten duenak ez dituenak. Nire kasuan, ordura arte maila erdi profesionalean jokatu nuen futbolean, baina aldi berean ikasketak bukatu nituen, enpresa sortu nuen...Beste esperientzia batzuk izan nituen futboletik kanpo, eta uste dut horrek asko aberastu ninduela eta ikuspegi zabalago bat eman zidala.

Toqueroren edo zure kasuek frogatzen al dute maila ez-profesionalean badirela 1. Mailan ondo aritu daitezkeen jokalariak?

Baietz uste dut. Zoritxarrez, denbora jokalari horien aurka doa. Futbol taldeek apustu egiten dute etengabe, jokalari bat edo beste hautatuz; gaztetan hautaketa horren barruan ez bazaude, gerora zaila da maila horretara iristea. Baina uste dut maila badagoela. Baina ez dago denentzako tokirik.

Mirandesen sasoi gogorra izan zen aurrekoa. Azken egunean bildu zenuten taldea Bigarren Mailan mantentzeko behar zen dirua. Hori bizi izan duen pertsona bati zer datorkio burura talde handiek 100 milioi euroren fitxatu izan dituztela jokalariak?

Futbolak holakoak dauzka. 100 milioi jokalari batengatik, eta beste batzuk, bizirik jarraitzeko gorriak ikusten. Diru arazoak administrazio arloaren ardura dira, eta jokatzeko guk dirua jarri beharra nahiko deigarria da. Baina aurrera egin genuen, eta harro sentitzen ginen. Geure buruari esaten genion: gu ere klubaren parte gara.

Bizitzaren ironiak, antzeko arrazoiengatik Murtzia jaitsi da Bigarren B mailara, eta Mirandesek hartuko du haren lekua?

Bai, aukera hori aipatu izan dugu egunotan taldekideok. Asko pozten naiz. Hala, behintzat, albiste on batekin bukatzen dut. Sasoia oso gogorra izan zen hasieratik, kirol arloan ere oso gorabeheratsua izan zen, eta, azkenean, gaizki bukatu zen. Asko pozten naiz Mirandako jendeagatik. Halako zaleak ez dira leku askotan ikusten, eta haiengatik merezi du taldeak bigarren mailan egotea.

Zure erretiroak Athleticen denboraldi bikain batekin egin du bat; nola ikusten duzu taldea?

Erronka polita izango dute sasoi honetan. Bilbon exijentzia handia da, eta, zerbait handia lortzen denean, hurrengo denboraldian zaleek lortutakoa errepikatzea edo hobetzea espero du, eta langa hain goi dagoenean zaila izaten da. Nik uste dut denboraldi zaila izango dela alde horretatik.

Futbolak erakutsi dizu ezer baliagarria bizitzarako?

Futbolak balio oso garrantzitsuak ematen dizkizu: laguntasuna, elkartasuna, konpromisoa, diziplina, parte izatearen sentimendua... Futbolak pertsona gisa aberasten zaitu. Erakusten dizu zure bidea zein den, zure helburuak oso argi daudela eta horiek lortzeko borrokatu beharra daukazula.

Euskal selekzioaren aldeko konpromisoa erakutsi izan duzu. 2020ko Eurokopan ofizialki jokatzen ikusiko dugu?

Zaila ikusten dut. Asko aldatu beharko lukete gauzek. Badirudi 2020 oraindik urrun dagoela, baina horrelako erronka baterako ez da denbora tarte oso handia. Egun, zoritxarrez euskal selekzioaren kontua nahiko trabatuta dago; orain dela 5-10 urte geunden antzeko egoeran gaude. Egoera okerragoa dela ere esango nuke. Orduan gizartean zegoen ilusio eta esperantzarik ez dut ikusten gaur egun. Gustatuko litzaidake oker egotea. Euskaldunontzat, pena handia da nazioarteko halako torneotan beste selekzioren baten alde egin behar izatea, gureak parte hartzen ez duelako.

Oinarri futbolean euskara sustatzeko proiektua martxan jarri zenuen. Maila profesionaleko taldeetan euskara normalizatzea ezinezkotzat jotzen duzu?

Ez, posible dela uste dut. Euskal talde profesionalek euren izaeran barneratu beharko lukete euskararen sustapena. Hori lortuz gero, euskara erabiltzea normala izan daiteke taldeen egunerokoan.

Etorkizunean futbolarekin lotuta jarraitzeko asmorik bai?

Badut asmoa. Ez orain, baina etorkizunean gustatuko litzaidake, nik ikasi dudana gazteei erakusteko. Egia da, halaber, aholkularitza bulegoaren aldetik badudala dagoeneko harremana futbolarekin. Futbola euskaraz proiektuarekin eta hor ibiliko naiz koordinatzaile eta entrenatzaile gisa. Oraingoz, nahiago dut bide hori jorratu, eta ez entrenatzaile profesional mundu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.