ESPANYOL 0. OSASUNA 3

Gehien behar zutenean

Jose Luis Mendilibarren lana ezbaian zegoenean, aspaldiko partidarik onena jokatu du Osasunak Espanyolen zelaianAzken postuan jarraitzen dute gorritxoek, baina itxaropena piztuko du garaipenak

Iruñea
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak: 0-1: Cejudok (22. min.). 0-2: Kike Solak (63. min.). 0-3: Omwuk (77. min.). Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Espanyoleko Stuani eta Hector Morenori; eta Osasunako Damia, Timor eta Armenterosi. Bestelakoak: 20.523 ikusle Cornella El Praten.

Jose Luis Mendilibarren azken partida izan zitekeena Osasunaren etxetik kanpoko lehen garaipen bilakatu zen. Atzo itxura kaskarra eman eta galduz gero, Mendilibar kargutik ken zezakeen Miguel Artxanko presidenteak, baina Osasunako jokalariek bikain erantzun zioten entrenatzaile zaldibartarrari, eta aspaldiko partidarik onena jokatu zuten Espanyolen zelaian. Osasunak eta Mendilibarrek berak gehien behar zutenean iritsi zen sasoiko bigarren garaipena. Atzokoak ez du balio sailkapeneko azken postutik alde egiteko, baina salbazioa gertu ikusten da orain; taldearen inguruko ezkortasuna uxatzeko ere balio beharko luke garaipenak. Jokalariei ez zaie ahaztu futbolean jokatzen, eta taldea ez dago hilda; oso bizirik dago. Atzo ondo baino hobeto erakutsi zuen hori.

Jokoan zegoena ondo barneratuta zelairatu ziren Osasunako jokalariak Cornella El Prateko berdegunera. Hiru puntu baino zerbait gehiago zeuden jokoan atzo Bartzelonan, eta hasiera-hasieratik kementsu, gogotsu eta beldurrik gabe jokatu zuten nafarrek. Espanyol ezustean harrapatu zuten gorritxoek lehen minutu horietan, eta lehen hiru minutuetan hiru korner behartzeko gai izan ziren Mendilibarren jokalariak. Ondo hasi ziren. Ordu laurdena betetzear zenean, Kike Solak eman zuen lehendabiziko abisua. Ondo errematatu zuen, buruz, hegaletik bidali zioten erdiraketa, baina Cristian Alvarez atezainak kornerrera desbideratu zuen baloia.

Bosgarren kornerrean sartu zuen Osasunak lehen gola, 22. minutuan. Espanyoleko atzelariek ez zuten asmatu baloia urruntzen, aldaratzea Sisik jaso zuen area ertzean, eta haren jaurtiketak Cejudoren oinetan amaitu zuen Espanyoleko atzelari baten gorputzean jo ostean. Cejudo bakarrik zegoen penalti puntuaren parean, eta ezkerrez, dotore bidali zuen baloia sareetara. Esanguratsua izan zen Cejudoren ospakizuna: gola sartu orduko ordezkoen aulkira gerturatu zen, Mendilibarri bostekoa emateko.

Jokalariak entrenatzailearen ondoan daude, eta atzo ederki nabaritu zen hori futbolarien jarreran. Zailena eginda, Osasunak nagusi jarraitu zuen jokoan, eta Raoul Loek egindako erremate batean aldea handitzea ere lortu zuen ia-ia. Halere, Espanyolek estutu egin zuen lehen zatiko azken txanpan; Stuanik, Verduk eta Sergio Garciak gertu izan zuten berdinketaren gola.

Bigarren zatian are eta aukera argiagoak izan zituzten kataluniarrek. Longok langara bidali zuen baloi bat zelairatu orduko, eta Verduk zutoinera handik gutxira. Espanyol gehien estutzen ari zenean, ordea, Cejudoren pase sakon on bat ondo baino hobeto baliatu zuen Kike Solak atzelari bati eta atezainari iskin egin eta Osasunaren bigarren gola lortzeko. Partida erabakita zegoen, ia-ia. Badaezpada, ordea, Armenterosen pase zoragarri baten ondotik Manu Omwuk hirugarrena egin zuen beste kontraeraso batean. 77. minutua zen. Hortik aurrera batere sufritu gabe, aurrerapauso itzela eman zuen Osasunak atzo. Gehien behar zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.