Gero eta hurbilago dago Philippe Montanierren erabakia jakiteko unea. Hiru partida behar zituen taldeko jokalari batzuk kanpoan uzteko, eta larunbatean jokatuko dute lagunarteko hori. Tolosa Frantziako taldea izango dute arerio. Aukeraketa Italiako egonaldia baino lehenago egin behar du, han soilik ligan izango dituen jokalariak nahi dituelako.
Horrenbestez, etziko norgehiagokaren ondoren Montanierrek argi izango ditu ideiak, eta jokalariren bati taldea uzteko atea zabalduko dio. Italiako egonaldia abuztuaren 5ean hasiko da, eta ordurako argi egongo da baztertuak zein diren. Egonaldia abuztuaren 12ra arte izango da. Dirudienez, argi dauzka taldea utziko duten jokalarien izenak. Zerrenda horretan dago Paco Sutil. Aurreko denboraldian minutu asko jokatu ez arren, denboraldi-aurre honetan gogoz entrenatzen ari da, entrenatzaile frantziarrari erabakia zail jartzeko asmoz. Antza denez, Sutilez gain, Labakak, Albistegik, Rosek eta Zubikaraik ere zail izango dute talde txuri-urdinean jarraitzea.
Ia taldetik at dagoen arren, Sutilek berean jarraitzen du, Montanierri sinetsarazi nahi dio Realean jokatzeko gai dela. «Gogor entrenatzen ari naiz, hemen geratu nahi dudalako, Erromarako hegazkinean egoteko asmoa daukat», aitortu zuen atzo. Bere helburua betetzeko, denboraldi-aurrea hasi zenetik gogor ari da entrenatzen. Azpeitiko lagunarteko partida da horren lekuko. «Eroso sentitu naiz zelaian, baloiarekin, defentsa lanetan, eta azkenik bi golekin. Beasainen aurka ez nintzen eroso sentitu», esan zuen partida amaitu ostean.
Ordezkariarekin akordiorik ez
Partida ona jokatu arren, azken aldian zeresan gehiago eman du zelaitik kanpo, bere ordezkariak hainbat alditan esan baitu Murtziaren eskaintza duela. Halere, berak ukatu egin du behin eta berriz, Realean geratu nahi duela aitortuz. «Nik ez dut inongo eskaintzarik jaso, ez dut Murtziako inorekin hitz egin. Agian nire ordezkariarekin hitz egin dute, baina berak badaki nik hemen geratu nahi dudala», adierazi zuen Realeko jokalariak. Murtziaz gain, Bigarren Mailako beste talderen baten eskaintza ere baduela aitortu dute talde txuri-urdineko ordezkariek.Halere, bera Realean geratzeko asmoz dago, hori egin ezean, etsipen handia jasango lukeela aitortu baitu.
Han edo hemen, baina berehala argitu nahi du bere etorkizuna. «Taldetik kanpo gera gaitezkeen jokalari guztiak urduri gaude, gure etorkizuna zenbat eta lehenago erabaki, orduan eta hobe izango baita denontzat», esan zuen Sutilek. «Halere, ni hemen geratzeko asmotan nago, Montanierri erabakia zail jarri nahi diot, nahiz eta azken hitza berea izango den».
Zailtasunak zailtasun, itxaropentsu da Italiara joateko. Hasieratik jarri zuen helburutzat Donostian geratzea, eta orain ez du amore emango. Realarekin kontratua duela gogorarazi zuen, eta hori betetzeko asmoa ere baduela. «Italiako egonaldian egon nahi dut, baita hilaren 20an ligaren estreinako partidan ere».
Realean jarraitu nahi duen arren, badaki erabakia ez dagoela bere eskuetan. Jarraitu ezin badu, orduan hasiko da bere ordezkariarekin dituen eskaintzak aztertzen. Ordura arte, Realean jarraitzeko asmoz da erdilaria.
«Geratzeko asmoz nago»
Philippe Montanierrek Tolosaren aurkako partidaren ondoren hartuko du jokalari batzuk taldetik kanpo uzteko erabakiaKanpoan geratzeko aukerak ditu Sutilek, nahiz eta berak geratu egin nahi duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu