Asko du erakusteko gaur Realak. Bi arrazoirengatik. Alde batetik, etxean aurkari zuzen batekin neurtuko dituelako indarrak aspaldiko partez. Denboraldi honetan neurria hartua dion talde batekin, gainera. Izan ere, Ligan eta Espainiako Kopan Almeriaren aurka jokatu dituen hiru norgehiagoketan puntu bakarra batu dute txuri-urdinek. Eta, bestetik, lehen partida izango duelako Joseba Llorentek min hartu zuenetik. Jokalari guztiek diote taldea jokalarien gainetik dagoela eta inor ez dela nahitaezkoa futbolean. Baina zelaian erakutsi beharra dago hori. Ez bakarrik gaur, itxura guztien arabera zail izango baitu hondarribiarrak sasoi honetan gehiago jokatzea.
Ikusmin handia sortu du gaurko norgehiagokak. Llorenteren lesioak eta azken emaitza txarrek sor ditzaketen zalantzak uxatzeko aukera du Realak. Indartuta aterako da hori lortzen baldin badu, eta badauka beharra. Izan ere, azken sei partidetatik bost galdu ditu. Egia da guztietan nahiko txukun aritu dela, Bartzelonan ezik, eta jokoan ez duela behera egin, baina hutsak garesti ordaindu ditu, Vila-real, Sevilla eta Zaragozaren aurka batez ere. Horietatik bitan, aurrea hartu zuen, baina buelta eman zuten. Zaragozan, berriz, irabazteko zorian izan zen, baina puntu bakar bat ez zuen lortu. Bigarren Mailan zuen joari ez dio eutsi, tamalez. Erraza ere ez zen.
Esan ohi da talde apalek etxean dutela mailari eusteko giltza. Realaren kasua da. Izan ere, azken bederatzi sailkatuetatik, zazpik jokatuko dute Anoetan bigarren itzulian. Almeria da lehena. Talde ahaltsuagoen aurka erasoan emandako itxura onari eutsi, eta hutsak murrizten baditu, asko edukiko du irabazita Realak. Mailari eroso eusteko moduan egongo da. Baina futbola ez da matematika. Batzuetan gehiago sufritzen da halako norgehiagoketan. Presioa eta tentsioa agerikoak dira. Horregatik du garrantzi berezia gaurkoak, bigarren itzulian izango duen erronka nagusiaren lehen atala izango delako.
Gainera, Almeriarekin ordaina hartu nahi du taldeak. Joanekoan bina berdindu zuten eta Espainiako Kopako biak Juanma Lillok zuzendutako taldeak irabazi zituen. Norgehiagoka horiek Realak aurten duen arazo nagusietako bat azaleratu zuten: markagailua alde duela ateratzen duen etekin eskasa. Izan ere, hiruretan aurrea hartu zuen: Ligakoan, bitan; Kopako aurrenekoan, berriz, bi golen aldea atera zion Anoetan Almeriari, baina bigarren zatian hiru gol sartu zizkioten. Ulloak egin du borreroarena, hiru partidetan lau gol sartuta. Bigarren Mailan ere, Castellon, lanak ematen zizkion ia beti. Aurrelari osoa da, gauza asko ondo egiten dituztenetakoa.
Tamudoren aukera
Llorente ere tankera horretakoa da, baina hura gabe moldatu beharko du Realak. Haren ekarpena ez da golak sartzea bakarrik. Zelai erdiko hiruko lerroarekin bikain moldatzen da, goleko pase ugari eman ditu, luze jokatzeko aukera ematen dio taldeari, eta baloia harrapatzen saiatzen da jokaldi guztietan. Erdiko atzelariak finkatzen eta aztoratzen iaioa da. Tamudoren txanda da orain. Lorpen zerrenda ikusgarria du, baina zail izango du Llorentek egiten zuena egitea, beste tankera bateko jokalaria delako. Presio lanean ez da hura bezain saiatua, eta jokoan eragin txikiagoa du. Hori bai, errematatzaile sena du, eta ezerezetik sartzen ditu golak maiz. Ehiztaria da. Zenbait ohitura aldatu beharko ditu Realak, beharbada.
Mikel Gonzalez ere faltako zaio Martin Lasarteri, baina beste hiru jokalari garrantzitsu berreskuratuko ditu: Elustondo, Carlos Martinez eta Zurutuza. Aurreneko biak osatu egin dira, eta Zurutuzak bete du zigorra. Ohi bezala, uruguaitarrak ez zuen eman bere asmoen berri atzo. Jokatzeko moduan dauden hemeretzi jokalariak sartu ditu deialdian, tartean Demidov eta Agirretxe. Aranburu sasoiko dagoela ikusita, ezin da baztertu denboraldi hasierako zelai erdiko jokalariak berriz aukeratzea.
Irabazteak lasaitasuna emango lioke Realari, Bernabeura joan aurretik. Almeria da jaisteko postuetan dagoen lehen taldea, 17 punturekin—txuri-urdinek baino zortzi gutxiago—. Hala ere, ez da komeni gutxiestea, dirudien baino talde sendoagoa delako. Realari baino bederatzi gol gutxiago sartu dizkiote etxetik kanpo. Zelai erditik aurrera, gainera, talde aberatsa da, jokalari biziak eta gorpuzkera handikoak uztartzen baititu: Piatti, Uche, Goitom, Ulloa, Crusat… Ikusi beharko da aste honetan Nou Campen jokatutako Kopako partidak kalte egiten dion. Izan ere, izar gehienak zelairatu zituen Oltrak.
Geroaren aurrerapena
Bigarren itzulian Anoetan hartuko dituen aurkari zuzenei irabazteko prest dagoela erakutsi nahi du Realak Almeriaren aurkaLlorente gabe taldea zer moduz moldatzen den ikusteko lehen aukera izango da gaurkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu