Aurkari gogorra da Getafe, batez ere Jose Bordalas entrenatzaileak taldea zuzentzeko ardura hartu zuenetik. Baina Alavesek partida serioa jokatu du gaur Coliseum futbol zelaian. Jokoaren ekimena arabarrena izan den arren, Getafek sartu du partidako lehen gola. Kolpearen ostean, baina, azkar erantzutea lortu dute gasteiztarrek, eta korner baten bitartez iritsi da Gebararen gola. Berdindu egin dute, eta Alavesek beste urrats bat egin du salbatzeko bidean, puntu denak baitira baliotsuak helburua lortzeko.
Hamaikakoan aldaketak egingo zituela iragarri zuen Eduardo Coudet Alaveseko entrenatzaileak, ikusita astebetean hiru partida jokatu behar zituztela. Esan eta egin. Aldaketa dezente egin ditu, gainera. Sevillan jokatutako azken partidarekin alderatuta, Sivera, Garces eta Otto soilik izan dira gaur berriz hasierako hamaikakoan. Gainontzean, denboraldi honetan estreinakoz aritu dira hasieratik Pacheco, Gebara, Yusi, Calebe eta Rebbach. Hamaikakoan ez ezik, marrazkian ere aldaketa egin du entrenatzaile argentinarrak. Orain arte ez bezala, aurrean bi jokalari jartzeko erabakia hartu du, eta Mariano Diaz eta Toni Martinez aritu dira punta aurrelari.
Lehen zatia nahiko geldoa izan da, bai jokoari dagokionez, baita gol aukerei dagokionez ere. Lehen minutuetan partida nahiko berdinduta egon den arren, denborak aurrera egin ahala Alavesek hartu du jokoaren ekimena, Pablo Ibañez eta Gebararen bitartez. Gasteizko taldeak 14. minutuan zapaldu du aurrenekoz madrildarren area. Marianok pase luze bat jaitsi du bularrarekin, baina gora joan zaio ezkerrez egin duen jaurtiketa. Hala ere, jokaldia ezerezean geratu da, epaileak jokoz kanpo zegoela adierazi baitu.
Getafe estu hartzeko hurrengo jokaldi arriskutsua lehen zatia amaitzeko bost minuturen faltan iritsi da. Oraingoan ere, Marianok egin du jokaldia. Alaveseko aurrelariak eskuin hegalean baloia jaso orduko, area zapaldu du, eta segituan ikusi du atzetik Rebbach zetorrela. Hari atzera eman dio pasea, baina aljeriarrak ez du asmatu errematean, eta Getafeko atezainak jaurtiketa aldentzea lortu du. Jokaldi horren ostean, kornerra alde izan du Alavesek, eta aurretik jartzeko abagune ederra galdu du. Gertu izan du gola Calebek, baina ez du asmatu bigarren zutoinaren parean egindako errematean.
Getaferen gola, eta Alavesen erantzuna
Bigarren zatian, Coudetek aldaketa bat egin behar izan du nahitaez. Izan ere, Calebek min hartu du, eta haren ordez Carlos Vicente zelairatu da. Lehen zatian ez bezala, Alavesi kosta egin zaio bigarrenean partidan sartzea. Hotz zelairatu dira gasteiztarrak, eta garesti ordaindu dute. Getafek sarean sartu baitu baloia izan duen lehen aukeran. 62. minutuan Millak urrutitik jaurti du, eta baloia arean geratu da, Mayorali jo ostean. Arambarri izan da azkarrena, eta Getafek Siveraren atera jaurti duen lehen baloia sarean sartu du. Getafek ezin zuen gutxiagorekin gehiago egin.
Berehala iritsi da Coudetek zuzendutako taldearen erantzuna. Korner baten bitartez neurketa berdintzea lortu du Alavesek. Lehen zutoinean Toni Martinezek oinarekin baloia atzerantz bidali du, bigarren zutoinean baitzegoen Gebara errematatzeko prest. Taldeko kapitainak baloia gurutzatzea erabaki du, eta Getafeko atezainak ez du ezer egiterik izan. Aurrerantzean, partida zertxobait gehiago hautsi da, baina ez batak ez besteak ez du lortu bigarren gola sartzea.
Getafe-Alaves
Getafe: Soria; Kiko Femenía, Juan Iglesias, Djene, Abqar, Diego Rico (Davinchi, 79. min.); Arambarri, Milla, Mario Martín (Javi Muñoz, 60. min.); Kamara (Sancris,46. min.) eta Borja Mayoral (Coba, 83. min.).
Alaves: Sivera; Jonny, Garces, Pacheco, Youssef; Calebe (Carlos Vicente, 46. min.), Gebara, Pablo Ibañez (Denis Suarez, 79. min.), Abde; Toni Martínez (Aleña, 79. min.) eta Mariano (Boye, 79. min.).
Golak: 1-0: Arambarri (63. min.); 1-1: Gebara (71. min.).