Realak balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Getafen, azken orduan

Etxekoek 90. minutuan sartu dute berdinketaren gola: 1-1. Baina, 96. minutuan, Aramburuk gola sartu du buruz, korner batean. Hala, txuri-urdinek arnasa hartu dute, eta beste aldarte batean helduko diote txapelketaren bigarren itzuliari.

Kubo eta Aramburu partida amaieran sartutako gola ospatzen. JUANJO MARTIN / EFE
Kubo eta Aramburu partida amaieran sartutako gola ospatzen. JUANJO MARTIN / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko urtarrilaren 9a
23:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tristura zoramen bihurtu da. Sentipen batetik bestera pasatu dira gaur Realeko jokalari eta zaleak Getaferen aurkako partidaren luzapenean. Etxekoek 90. minutuan lortu dute markagailua berdintzea: 1-1. Bazirudien txuri-urdinei berriro ihes egingo zietela hiru puntuek, eta sailkapenaren behealdean jarraituko zutela; beste kolpe bat hartuko zutela. Mamu guztiak azaldu dira, are gehiago kontuan hartuta bigarren zatian partida erabakita uzteko aukera argiak huts egin dituztela. Baina, 96. minutuan, Aramburuk gola sartu du buruz, korner batean, eta txuri-urdinek garaipena lortu dute.

Horri esker, asteburuko emaitzen zain, arnasa hartu dute. Apur bat aldendu dira sailkapenaren behealdetik, eta, guztira 21 puntu bilduta, beste aldarte batekin heldu ahalko diote txapelketaren bigarren itzuliari, baita datozen asteetan izango duten egutegi zailari ere. Baina, horretarako, badute zer hobetua. Izan ere, Matarazzoren aginduetara taldeak gauza batzuk hobetu dituen arren, denboraldi osoan egiten ari den hutsetako batzuk egin ditu gaur ere. Dena den, astelehenetik aurrera erreparatuko diote horri, jokalari eta zale txuri-urdinak aho zapore gozoarekin joango baitira ohera, azken orduan irabazita.

Atletico Madrilen aurka itxura ona eman zutela kontuan hartuta, Pellegrino Matarazzok hasierako hamaikako bera zelairatu du gaur. Beraz, txartelak pilatzearen ondoriozko zigorra bete eta gero, Zubeldiak eta Gorrotxategik aulkian hasi dute neurketa. Getafek jokalari asko falta zituen; besteak beste, erdiko hiru atzelariak. Horrenbestez, Jose Bordalas entrenatzaileak hegalean jokatzen duten lau jokalarirekin osatu du atzealdea.

Hala ere, txuri-urdinek bazekiten neurketa ez zela erraza izango. Izan ere, Getafe harri gogorra da, eta, batez ere, oso talde lehiakorra eta deserosoa. Horiek dira Bordalasek zuzentzen duen taldearen ezaugarri nagusiak. Eta, beste behin, agerian gelditu da hori. Reala zelaia luze egiten saiatu da, eta, gero, erditik zuloak topatzen, kontuan hartuta etxekoen erdiko atzelariak ez daudela ohituta postu horretan jokatzera. Baina ez du lortu. Baloia ez du behar bezain bizkor mugitu, eta jokalariek gehiago mugitu beharra zuten. Baloia beren esku izan duten arren, lehen ordu erdian txuri-urdinek ez dute jaurtiketarik egin Soriaren atera. Getafe, berriz, pare bat aldiz gerturatu da Remiroren atera; beste behin, trantsizioen bidez.

Baina 36. minutuan Realak aurrea hartu du. Brais Mendezek sartu du gola, eta ederra izan da. Oiartzabal pase bat ematen saiatu da, Juan Iglesiasek ez du asmatu baloia aldentzen, eta aldaratzea txuri-urdinen erdilariari iritsi zaio area ertzean. Bitan pentsatu gabe ezkerrez jaurti, eta sareetara bidali du baloia.

Gol horrek neurketa aldatu behar zuen, batez ere bigarren zatiari begira. Getafe aurrera egitera behartuko zuten txuri-urdinek hala, eta hori baliatu zezaketen etxekoen defentsan zulo gehiago topatzeko. Lehen zatia 0-1 amaitu da. Nabarmentzekoa izan da Turrientesek egin duen lana. Euskarriak apenas jokatu zuen Sergio Franciscorekin, baina hasieratik aritu da Matarazzok aulkian daraman bi partidetan, eta bikain jardun du.  

96. minutuan, zoramena

Bigarren zatian, Reala biziago atera da lehenengoan baino. Hasi eta gutxira, Guedesek abagune argia izan du bigarrena sartzeko. Baina errematea kanpora joan zaio, gutxigatik. Presioan ondo aritu dira txuri-urdinak. Jokaldi batean, Getafeko erdiko atzelari batek huts egin, eta baloia Oiartzabali iritsi zaio. Realeko kapitaina bakarrik Soria atezainaren aurrean geratu da. Halakoetan ez du huts egiten, baina, oraingoan, kanpora joan zaio errematea. Behar baino gehiago loratu du baloia.

Matarazzok Sucic, Barrenetxea eta Gorrotxategi zelairatu ditu. Gorrotxategi Turrientesen ordez zelairatu da, euskarriak min hartu baitu. Hain zuzen ere, Barrenetxeak izan du hurrengo gol aukera. Area barruan egin du errematea, baina baloiak Getafeko jokalari bat jo du. Oiartzabalek ere izan du beste aukera on bat.

Realak gehiegi barkatu du tarte horretan. Zelaian zuen nagusitasuna ez du baliatu aldea handitzeko. 0-1ekoarekin, ordea, jakina zen txuri-urdinek sufritu egingo zutela. Eta hala izan da. Etxekoek estutu egin dute, eta Juanmik eta Arambarrik bi aukera on izan dituzte berdinketa lortzeko; baina asmatu ez. Horrek, ordea, hauspoa eman die. Faltak egitera behartzen saiatu dira, geldikako jokaldien bidez arriskua sortzeko. Realak patxada handiagoz jokatu behar zuen, baloia izan, eta jokaldiak gehiago landu. Hori zen modurik onena etxekoek arriskurik ez sortzeko. Baina donostiarrek ez dute lortu, eta, hain zuzen ere, Getafek gola sartu du falta batean, 90. minutuan. Millak urrutitik falta atera, Arambarrik baloia buruz jo, eta Juanmik ez du barkatu area txikian. Beste behin, Realak gaizki zaindu du jokaldia.

Realari ihes egiten ari zitzaizkion eskuan zituen hiru puntuak, Levanteren zelaian gertatu bezala. Berriro ere, futboleko maximetako bat indarra hartzen ari zen: barkatzen duenak garesti ordaintzen du. Oraingoan, ordea, ez da hala izan. Epaileak sei minutu luzatu du neurketa, eta Aramburuk orduan sartu du gola. Balio handiko hiru puntu dira, baina argi geratu da Matarazzok baduela non ari taldeak hobetu dezan. Besteak beste, Realak ezin izan du atea hutsean utzi. Lehen itzuliko hemezortzi partidetatik bakarrean lortu du aurkariak golik ez sartzea: Mallorcaren aurkakoan. Hori aldatuta lor dezakete, besteak beste, hobetzea. 

Getafe-Reala

Getafe: Soria; Femenia, Juan Iglesias (Isma, 78. min), Nyom, Diego Rico; Mestanza (Sancris, 57. min), Milla, Arambarri, Javi Muñoz (Joselu, 78. min), Liso (Juanmi, 57, min); eta Mario Martín (Montes, 64. min).

Reala: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez (Aihen, 83. min); Kubo, Turrientes (Gorrotxategi, 65. min), Soler (Marin, 83. min) Guedes (Barrenetxea, 58. min); Brais Mendez (Sucic, 58. min) eta Oiartzabal.

Golak: 0-1: Brais Mendezek (36. min); 1-1: Juanmik (90. min); 1-2: Aramburuk (96. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.