Derbia jokatuko dute Espainiako Kopako lehen kanporaketan: Getxo eta Alaves elkarren aurka ariko dira txapelketa horren aurreneko saioan. Alde handia dago bi taldeen artean: Espainiako Lehen Mailan ari da Alaves, eta Bizkaiko Ohorezko Mailan Getxo; hau da, bost maila daude baten eta bestearen artean. Arabako taldea da faborito argia bigarren kanporaketarako sailkatzeko, baina Getxo bezalako talde apal batentzat sekulako oparia da maila goreneko klub baten aurka jokatzea, eta are gehiago klub hori Euskal Herrikoa baldin bada. Horrek xarma gehiago emango dio. Getxok Valladolideko (Espainia) Betis taldea kanporatu du. Joanekoan, hutsean berdindu zuten bi taldeek Faduran, eta itzulikoan 1-2 irabazi zuen Getxok.
Euskal Herriko beste zazpi taldek jokatuko dute Kopako lehen kanporaketa. Alavesez gain, Lehen Mailako beste bi euskal talde ariko dira: Osasuna eta Reala. Maila goreneko taldeak izanik, aurkari samurrak izango dituzte biek, bost maila beheragokoak: gorritxoek Sant Jordi Mallorcako (Herrialde Katalanak) taldearen kontra jokatuko dute; txuri-urdinak, berriz, Negreira Galiziako taldearen aurka ariko dira. Bestalde, Jon Gorrotxategik 2030era arte berritu du.
Hauek dira beste bost euskal taldeek jokatuko dituzten kanporaketak: Naxara-Eibar, Numantzia-Arenas, Portugalete-Valladolid, Mutilvera-Zaragoza eta Eguesibar-Andorra.
Urriaren 28an, 29an eta 30ean jokatuko dituzte partidak. Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute ligan azaroaren 1ean, Anoetan; beraz, txuri-urdinak urriaren 28an edo 29an ariko dira. Beste horrenbeste gertatuko zaio Eibarri, hark ere azaroaren 1ean baitu ligako partida, Almerian (Espainia).
Urtarrilean Espainiako Superkopa jokatuko duenez, Athletic ez da ariko Kopako lehen bi kanporaketetan, eta final-hamaseirenetan ekingo dio lehiari.
Emakumezkoetan, berriz, hirugarren kanporaketa zozkatu dute: Alavesek Levante izango du aurkari, eta Osasunak Levante Badalona. Biek etxean jokatuko dute, azaroaren 4an, 5ean edo 6an.