Txirrindularitza

Gigante gailendu da Giroko etapa nagusian, eta Longo Borghini jarri da lider

Reusserri maglia arrosa kendu dio italiarrak, eta 22 segundoren aldea defendatu beharko du bihar, lasterketako azken etapan. Gigante iritsi da lehena Nerone mendateko helmugara, eta, halere, Ostolazak aurrea hartu dio mendiko sailkapenean.

Elisa Longo Borghini. ITALIAKO GIROA
Elisa Longo Borghini, maglia arrosa janzten. ITALIAKO GIROA
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 12a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Sarah Gigante da aurtengo Italiako Giroko igotzailerik onena. Izan ere, mendate batean bukatu diren bi etapak irabazi ditu. Asteazkenean indartsuena izan zen Pianezzen gora, eta gaur, are nagusitasun handiagoa erakutsi du Neroneko igoeran. Alabaina, igotzaile gisa parekorik ez izanagatik, maglia arrosa ez dago haren esku. Marlen Reusser (Movistar) izan da liderra azken hiru egunetan, eta gaur, aurrea hartu dio Elissa Longo Borghinik (UAE). Italiarra bigarren izan da etapan, 45 segundora, eta Giroa bigarrenez jarraian irabazteko aukera izango du bihar. 22 segundoren aldea atera dio Reusserri.

Neronen nagusituta, sailkapen nagusian hirugarren jarri da Gigante. Haatik, mendiko maillota erantzi egin behar izan du, Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) jantzi zezan. Zarauztarrak uzta ederra lortu du mendatez mendate, ihesaldia baliatuta. Nerone ez da eguneko zailtasun bakarra izan, aurrez bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako beste bat igo baitituzte. Aurtengo etaparik gogorrena izan da. Ostolazak aurretiaz egin du lan, jakinda bukaeran ia ezinezkoa izango zela puntuak batzea. Hirugarren etaparen ostean ere mendiko sailkapenaren buru jarri zen, baina Gigantek berehala aurreratu zuen. Orain, puntu bakarraren aldea du Laboral Kutxako txirrindulariak.

Ostegunean ia bi minutu galdu zituen Gigantek haize babesetan; bestela, haren soinean izango zen maglia arrosa. Itzuli handiak, ordea, ziklistarik osoenek irabazten dituzte. Eskarmentua ere dohain preziatua da, eta hori sobera dauka Longo Borghinik. Gaur 30 segundoren aldea atera dio Reusserri, nahikoa lidergoa bere egiteko. Reusser laugarren izan da gaur, Giganteren, Longo Borghiniren eta Isabella Holmgrenen (Lidl) atzetik. Nagusian bigarren da orain suitzarra, 22 segundora. Mendekua hartzen saiatuko da bihar, azken etapan; ibilbide gorabeheratsua izango dute Forli eta Imola artean. Giganterentzat zaila izango da hirugarren postutik gora egitea, 1.11ra baitago. 

Milanek madarikazioa hautsi du Tourrean

Egun zoriontsua izan da Italiako ziklismoarentzat. Longo Borghinik urrats garrantzitsua egin du Giroa irabazteko, eta hori gutxi balitz bezala, Jonathan Milanek (Lidl) irabazi du Tourreko zortzigarren etapa. Luze jo du italiarren madarikazioak Tourrean: sei urte eta 113 etapa pasatu dituzte garaipenik lortu gabe. Azken etapa irabazlea Vincenzo Nibali izan zen, eta gaur, Milanek hartu dio lekukoa, esprintean nagusituta. Wout van Aert (Visma) gurpilean itsatsi zaio, baina ez du aurreratzerik izan. Kaden Groves (Alpecin) izan da hirugarren. Tadej Pogacarrek (UAE), berriz, arazorik gabe eutsi dio lidergoari.

Eguneko ihesaldia oso berantiarra izan da, tarteko esprintaren ostean osatu baita, helmugarako 80 kilometro gelditzen zirela. Total Energies taldeko bi ziklistak egin dute alde: Matteo Vercherrek eta Mathieu Burgaudeauk. Azken horrek iraun du gehien; bederatzi kilometroren faltan harrapatu dute. Lehenago, matxura izan du Tim Merlierrek (Soudal), eta ezin izan du esprinta behar bezala lehiatu. Mathieu van der Poelek (Alpecin) bikain gidatu du Groves, baina azkarragoak izan dira Milan eta Van Aert. Bihar beste abagune bat izango dute esprinterrek, Chinon eta Chateauroux artean jokatuko den etapan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.