Haizeak eta Movistar, Sunweb eta Deceuninck-Quick Step taldeen ahaleginak triskantza eragin dute gaur Espainiako Vueltako 17. etapan. Hiru talde horiek ederki baliatu dituzte etapa hasierako haize babesak tropela hausteko. 30 txirrindularik baino gehiagok egin dute aurrera; tartean, Nairo Quintana (Movistar) seigarren sailkatua eta Wilco Kelderman (Sunweb) zortzigarrena.
Atzean, bakarrik geratu dira Primoz Roglicen Jumbo eta Tadej Pogacarren UAE. Taldekako erlojupekoa bilakatu da etapa, eta lehia horretan aurrekoak nagusitu dira. Hori bai, Astanari esker, etapa salbatu du Jumbok. Helmugan, Deceuninck-Quick Stepi ezin hobeto atera zaio apustua, Philippe Gilbertek irabazi baitu, azken metroetan Sam Bennetti (Bora) aurrea hartuta. Bigarren garaipena du belgikarrak. Bi segundora iritsi da Kelderman, eta hamarrera Quintana. Roglic. Alejandro Valverde eta Pogacarren tropela bost minutu pasatxora ailegatu da. Sailkapen nagusian, Quintana bigarren da orain, Roglicengandik 2.24ra.
Ostegunean, Madrilgo mendietan lehen etapa jokatuko dute. Lehen Mailako lau gain igoko dituzte. 26 kilometro daude azkenaren tontorretik helmugara. Atzokoaren ostean, badago Vuelta. Movistarrek ez du azken hitza esan.