Giltzari bi bira eman dizkio Alavesek

Atea sendo defendatzen ari da Arabako taldea: Lehen Mailako taldeen artean, hari sartu diote gol gutxien. Oztopoak oztopo, Coudetek zirrikiturik gabeko egitura osatu du. Rayoren asmoak ezerezten saiatuko dira gaur arabarrak, etxetik kanpo (21:00, DAZN).

Antonio Sivera baloi bat eskuarekin ateratzen, Atletico Madrilen aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Antonio Sivera baloi bat eskuarekin ateratzen, Atletico Madrilen aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko urriaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Golak sartzeko arazoak ditu Alavesek. Agerian geratu zen hori astelehenean, Valentziaren aurkako partidan. Eta beste hainbat adibide ere izan dira denboraldiko lehen bederatzi jardunaldietan. Azken metroetan, arabarrek ez dute nahikoa argitasun eta eraginkortasun, eta, horren ondorioz, orain arte lortutako puntu kopurua ez da egindako jokoa bezain asegarria izan. Zelaiaren beste muturrean, ordea, oso desberdina da egoera. Izan ere, Lehen Mailako defentsarik indartsuena du Alavesek. Hala diote datuek: zortzi gol sartu dizkiote orain arte, beste inori baino gutxiago. Giltza sarrailan sartu, eta bi bira eman dizkio. Hori horrela, Sevilla izan da orain arte atea behin baino gehiagotan zulatu dion talde bakarra (1-2).

Oroz gain, talde sendo eta borrokalaria izan ohi da Alaves. Harkaitz bilakatuta lortu izan du arrakasta. Joan zen denboraldian, ordea, asko kosta zitzaion ezaugarri horiek erakustea. Luis Garcia Plazarentzat buruhauste bilakatu zen taldearen ahulezia, eta Eduardo Coudetek ere gogotik eragin behar izan zion buruari formula egokia topatu arte. Azkenean, aurkitu zuen: Alavesi lau gol eskas sartu zizkioten aurkariek sasoiko azken bederatzi partidetan, eta atea bost aldiz utzi zuen hutsean. Bada, joerari eutsi egin dio denboraldi honen hastapenean. 4-2-3-1 eta 4-4-2 sistemak erabili ditu orain arte Coudetek, eta modu batean zein bestean, irmoki egituratu da taldea.

Meritu handia du arabarren defentsako jardunak, batez ere aintzat hartzen bada atzeko lerroko jokalari garrantzitsuak joan zaizkiela. Udan, Santiago Mouriñok eta Abdel Abqarrek taldea utzi zuten; Mouriñok zerikusi handia izan zuen denboraldi amaierako hobekuntza defentsiboan, eta Abqar ezinbestekoa izan zen hamaikakoan, harik eta apirilean min hartu zuen arte. Marokoarraren ordezkoa Facundo Garces izan zen. Urtarrilean iritsi zen, eta, urtebetez geldi egon arren —zelaitik kanpo utzi zuen Colon taldeak Alavesekin aurrekontratua sinatu ostean—, oso bikote fidagarria osatu zuen Mouriñorekin batera. Sasoi honetan ere funtsezkoa izan da Coudeten eskeman, jokatzeko aukera izan duen bitartean. Haatik, FIFAk urtebeteko zigorra ezarri dio, Malaysiako selekzioarekin jokatu ahal izateko dokumentuak faltsutu izana egotzita.

Datorren ostegunean jakingo da Malaysiako selekzioak bidalitako alegazioek aurrera egingo duten ala ez. Garces galtzea kolpe mingarria litzateke Alavesentzat, baina, azken partidetan erakutsi duenez, ez dauka argentinarraren beharrik defentsan bide onetik jarraitzeko. Azken hiru partidetan Jon Pachecok jokatu du Garcesen ordez, eta aldaketak ez du ahuldu taldea, ezta hurrik eman ere. Pazientziaz jokatu du Realetik utzita iritsitako jokalariak, eta, behin aukera edukita, bikain ari da. Airean jokatu beharreko baloietan seguru dabil, aurrelariak gertu-gertutik zaintzen ditu, eta baloi irteeran kalitatea darie haren paseei.

Erdiko atzelari gisa dabiltzanak zer moduz jokatzen ari diren baino gehiago, postu horretan zenbat jokalari dauden izan daiteke kezka iturri Coudetentzat. Izan ere, Pacheco da eskuragarri dagoen erdiko defentsa espezifiko bakarra. Nahuel Tenaglia, izatez, hegaleko jokalaria da; halere, ikusgarri dabil atzeko lerroaren ardatzean. Kutsakorrak dira haren energia eta bizitasuna. Nekez egiten du kale, eta arriskua sortzen du geldikako jokaldietan. Moussa Diarra eta Victor Parada ere erdirago joka dezaketen hegalekoak dira. Ziurrenik, Sergio Fernandezek aintzat hartu zuen jokalari horien moldatzeko gaitasuna  taldea diseinatzeko garaian. Bestela, fitxaketa gehiago egingo zituzkeen. Halere, Diarrak eta Paradak ez dute Tenagliak bezainbesteko bermerik eskaintzen.

Siverak, lan gutxi

Hegaletan Jonny Otto eta Yusi ari dira jokatzen. Lehena beteranoa da, eta berehala bereganatu du Alavesen eskuin hegala. Eskarmentua eta lehiakortasuna ematen dizkio taldeari. Erasoan ere ari da ekarpena egiten, dela barrurantz eginda, dela hondoko marrara iritsita. Yusik, ordea, txinparta handiagoa du aurkariaren zelaian. Hasiberria da Lehen Mailan, eta partidaz partida hobetzen ari da. Azkar bete du Manu Sanchezek ezker hegalean utzitako hutsunea.

Edonola ere, defentsako datu onen meritua ez da soilik atzelariena. Izan ere, Alaves bere osotasunean da sendoa. Aurrelarien presio estuarekin hasten da jokaldiak defendatzen, eta erdilariek kokapen ona eta engaiamendua uztartzen dituzte. Baloiarekin talde fina izan nahi du Alavesek, baina, hura gabe, oldarkorra da; 16,3 falta egiten ditu partidako, beste inork baino gehiago. Horiek horrela, aurkarientzat oso zaila da Siveraren atera hurbiltzea. Atezainak heroi mozorroa jantzi izan du azken urteetan, baina. azkenaldian, eskularruak ez ditu askorik zikintzen: sasoi honetako partida guztiak jokatu dituzten atezainen artean, soilik Courtoisek eta Oblakek egin behar izan dute Siverak baino gelditu gutxiago —21 egin ditu Alaveseko atezainak, eta 14 beste biek—. Gaur, Rayoren aurka, sendotasunari eraginkortasuna gehitzen saiatuko dira arabarrak.

OSASUNAK OTSO IZAN NAHI DU BERRIRO SADARREN

Osasunak aspaldiko joerari eusten dio: etxean otso dabil, eta etxetik kanpo uso. Gorritxoek galdu egin zuten azkeneko partida, Atletico Madrilen zelaian, beraz, gaur, otso izan nahi dute Sadarren, eta Celtari irabazi (18:30, Movistar La Liga).

Aukera ona dirudi. Batetik, eskas ari da Celta: ez du partidarik irabazi, eta jaitsiera postuetan dago. Bestetik, Galiziako taldeak ostegunean jokatu zuen Europako Ligan; beraz, atseden gutxi izan du. Horretaz baliatu nahi du Osasunak.

Alessio Liscik gutxienez aldaketa bat egin beharko du hamaikakoan: Valentin Rosierrek min hartu zuen azken partidan, eta urtarrilera arte ez du jokatuko. Baliteke Iker Benito aritzea bere ordez. Aimar Oroz, berriz, ez da osatu. Bai, ordea, Juan Cruz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.