Euskal Herritik Txinara joan-etorrian dabil Asier Etxeberria (Eguesibar, Nafarroa, 1999). Bi bidaia egin ditu orain arte, lasterketen egutegiarekin bat eginez. Talde berriari azkar hartu dio neurria, baita Txinako bizimoduari ere, bertako gastronomiak buruhausteren bat eragin dion arren. «Saltsa eta olio askorekin kozinatzen dute, eta lehen astean kilo bat hartu nuen oharkabean». Lasterketak lehiatzeko moduari dagokionez ere, nabaritu du aldea. «Kaos handiagoa dago Txinan». Euskal Herrian da orain, lehiara itzultzeko zain.
Bi egonaldi egin dituzu orain arte Txinan, eta hiru lasterketatan lehiatu, apiriletik maiatzera. Orain, berriz, abuztura arte itxaron beharko duzu berriro lehiatzeko. Hots, talde aldaketak egutegi aldaketa handia ekarri dizu.
Nahiko egutegi ezberdina da, bai. Debuta Hainango itzulian egin nuen, eta beste biak egun bakarreko probak izan dira. Oraingoz, zazpi lehiaketa egun izan ditut bakarrik. Ordea, lehiatzeko aukera dezente izango da abuztutik urrira bitarte. Lasterketa ugari dago, baina gonbidapenak behar dira, Europan bezalaxe. Txinako talde guztien sailkapen bat dago, eta, aurreko urteko emaitzen arabera, gonbidapen gehiago edo gutxiago dituzu. Lehia handia dago, talde gehienak Kontinental mailakoak baitira.
Nola suertatu zitzaizun hara joateko aukera?
Lehenik eta behin, ez nuen Euskaltelen jarraitzeko aukerarik izan. Taldeek puntuak behar dituzte gaur egun, eta biderik errazena fitxaketak egitea da. Txirrindulari asko tokirik gabe geratu gara puntuen sistemaren ondorioz, eta beste talde bat bilatu behar izan dugu. Niri Txinako eskaintza iritsi zitzaidan. Azken orduan izan zen. Eskerrak eman behar dizkiot Egoi Martinezi, nire kabuz oso zaila izango baitzen ezer lortzea. Estatuan, taldeak osaturik zeuden jada, eta aukerarik gabe ari nintzen geratzen. Bada, pozik nago hartutako erabakiarekin. Oso ondo hartu naute, eta berehala egokitu naiz.
Txinako txirrindularitza sistemaren barruan, zenbateko ahalmena du zure talde berriak, Wuzhishanek?
Talde gaztea da, eta maila hobetzeko apustua egin du denboraldi honi begira, txirrindulari berriak ekarrita. Gure helburua datorren urterako egutegia zabaltzea da; ahal bada, Txinatik kanpo ere aritu nahiko genuke. Nik ekarpena egin nahi dut taldearen hazkunde prozesuan. Adibidez, Europako txirrindularitzan orain arte pilatu dudan esperientzia aberasgarria izan daiteke Txinako taldekideentzat. Mailarik onena Europan dago, eta bertan gauzak nola egiten diren jakin nahi dute Txinan.
«Ezin da alderatu Euskal Herrian dugun pasioarekin, baina Txinan ere jende asko egon ohi da irteeretan eta helmugetan»
Europako taldeek arreta handiagoa jartzen diote orain Asiako egutegiari, bertan ere puntu ugari lor daiteke eta. Ondorioz, gauzak zaildu egin zaizkie Asiako taldeei?
Hala da. Azkenean, Europako talde batek Asiako lasterketa batean lehiatu nahi badu, ezin zaio ezetz esan. Probei prestigio handia ematen diete. Noski, horrek aukerak gutxitzea dakar Asiako taldeentzat. Baina onuragarria ere bada: asko ikasten da Europako taldeen aurka lehiatuz. Eta, lasterketetan parte hartzeko gonbidapenak oso garesti daudenez, taldeek etenik gabe hobetu behar dute. Asiako ziklismoa asko ari da hazten, eta Europako maila ez dago lehen bezain urruti. Hala ere, oraindik gauza asko dituzte hobetzeko.
Zaletasunari dagokionez, Txinan nola bizi dute txirrindularitza?
Nahiko zaletasun handia dute. Hala ere, kirol asko gustatzen zaizkie. Ez dute arreta kirol bakarrean jartzen. Mailari dagokionez, garbi dago beste kirol batzuetan hobeak direla txirrindularitzan baino, baina jendeak gustura ikusten du. Ezin da alderatu Euskal Herrian dugun pasioarekin, baina irteeretan eta helmugetan jende asko egon ohi da.
Lehiatzeko moduari dagokionez, alde handia nabaritu duzu?
Bai; Txinako lasterketetan kaos handiagoa dago. Europan, badakizu talderen batek kontrolaren ekimena hartuko duela, batez ere World Tourreko taldeak lehiatzen direnean. Txinan, badira probak kontrolatzeko gaitasuna duten taldeak, baina askotan uko egiten diote tropelean tira egiteari, eta erasoka ibiltzen dira denak. Hein batean, Euskal Herriko afizionatu lasterketen antza dute. Zalaparta handia izaten da.
Lehen esan duzu taldeari azkar hartu diozula neurria. Txinako bizimodura ere azkar egokitu zara, han izan zarenean?
Zailena ordutegi aldaketa da, baina ohitu egiten zara egunak igaro ahala. Gauzak goizago egiten dituzte; adibidez, entrenamenduak hamarretan hastea berandu dela esaten dute. Baina kanpoko ziklista batzuk ere bagaudenez, erdibideko ordutegi bat finkatu dugu. Janariarekin ere geroz eta hobeto ari naiz moldatzen. Saltsa eta olio askorekin kozinatzen dute, eta lehen astean kilo bat hartu nuen oharkabean. Iradokizun batzuk egin dizkiet; adibidez, pasta eta arroza normal egosi, eta saltsarik gabe jatea. Bestelako ohiturak ditudala ulertu dute.
Orain arte, igarri duzu Euskaltelen falta?
Gogorra izan zen Euskalteletik atera behar izatea. Nahiko egutegi ona neukan, eta oso gustura nengoen taldekide guztiekin. Baina txirrindularitza aldatzen ari da, eta gertatu zena gertatu zen. Kito. Orain gustura nago talde berrian, eta hori da garrantzitsuena. Euskalteli onena opa diot, puntuen sistemak asko estutuko duen arren.
«Hainango itzulian, oso arraroa izan zen taldekide ohiak laranjaz jantzita ikusi eta nik beste maillot bat eramatea»
Taldekide ohiak arerio izan zenituen Hainanen. Zer sentitu zenuen?
Oso arraroa izan zen haiek laranjaz jantzita ikusi eta nik beste maillot bat eramatea. Lasterketan zehar barre egiten genuen. Oso urte politak igaro nituen haiekin, eta sortutako harremana ezin da galdu.
Urte bakarrerako sinatu zenuen talde berriarekin. Noiz arte egongo zara Txinan?
Ez dakit zer gertatuko den. Ikusteko dago, besteak beste, Europara itzultzeko eskaintzaren bat jasoko ote dudan. Denboraldia ahalik eta indartsuen bukatzen saiatuko naiz, eta hortik aurrera, ea zer aukera dudan. Begi onez ikusiko nuke Txinan jarraitzea, baina etxera itzultzea ere ederra litzateke.