Gogorrenak irabazi du

Arratek ezin izan du Granollersen defentsa gogorrarekin, eta azken jokaldian galdu du bigarren partida

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Arratek bere neurria ezagutu zuen atzo, etxean, Granollersen aurka. Eibarko taldea sailkapeneko erdi aldetik gora lehiatu beharko luke, beti ere porrotak ez badira pilatzen hasten eta larritasunak jokalariak lotzen ez baditu. Atzo azken jokaldian galdu zuen ligako bigarren partida, aurrenekoa etxean, eta ondo merezitako puntu batek egin zion ihes. Hurrengo partidetan eibartarrek aurkari gogorrak dituzte, eta punturik gabe iristea ez die lagunduko ustekabea ematen.

Granollersek gogorrago jokatu zuelako irabazi zuen. Arratek lehen lerroko hutsuneak nabaritu zituen, normalean baino gehiago bilatu baitzuen sei metroko lerroa. Garcia nabarmendu zen erasoan, hamabi golekin, horietatik zazpi penaltiz. Penalti ugariak eta kanpotik ezin jaurtitzea, ordea, kanpokoen defentsaren eragina izan zen. Kanpokoen entrenatzaileak egurra banatzeko agindu zuen, eta gogotik aritu ziren. Granollerseko jokalari ugari egotzi zituzten bi minutuz, baina baita baloi ugari lapurtu zituzten ere kontra erasoan irteteko.

Defentsen eragina asko sumatu zen hasieran, baina minutuak igaro hala jokoa arindu egin zen. Arrate atzetik joan zen ia partida osoan,bigarren zatiaren erdi aldera aurretik jartzea lortu bazuen ere (20-19, 44. min.). Granollersek, baina, berriz ere hartu zuen aurrea, baita bi goleko errenta Reixachi esker (22-24). Partidako azken txanpa urduria izan zen, eta defentsak gogortu egin ziren berriz. 30 segundo falta zirenean Kobinek partida berdindu zuen (29-29), baina Granollersek zuen azken jabetza. Garciak falta eginez gelditu zuen jokaldia, baina Cuturak -Arrateko jokalari ohia-ondo baliatu zuen falta jaurtiketa bi segundo falta zirenean.



Arrate 29

Granollers 30

Arrate. Malumbres; Arrieta, Berrios, Kobin (1), Rudovic (1), Cutura (5), Matias (1) -hasierako zazpikoa- Vujcinic, Diaz (7), Marc Garcia (12), Vargas, Arroyo (1) eta Salaberria (1).

Granollers. Ohlander, Svitlica (4), Forns, Cutura (4), Linuesa (1), Reixach (7), Candau (6) -hasierako zazpikoa- Reverter (2), Apelgren (2), Salcedo, Ferrer (1) Puig (2) eta Cantalosella.

Markagailua. 1-2, 2-5, 4-8, 6-9, 9-11, 13-14 (atsed.); 15-17, 18-18, 20-20, 22-24, 25-25, eta 29-30.

Epaileak. Fernandez eta Rios. Bi minutuz egotzi zituzten Arrateko, Diaz (2), Vargas, Garcia, Beljanski eta Berrios, eta Granollerseko Reverter, Campos (2), Reixach (2), Cutura (1) eta Puig Albert (3).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.