Loinatz futbol zelaira ohi bezain adeitsu iritsi da Ane Etxezarreta Realeko eta Eibarreko futbolari ohia (Beasain, Gipuzkoa, 1995). Urte sasoi honetan denboraldiaurre betean egoten zen, eta ohikoa izaten zen giharrak minduta izatea. «Orain ere baditut; bizikletan buelta bat ematera irten naiz hona etorri aurretik, eta antzematen dut. Baina hainbeste urtez egunero kirola egin eta gero, gorputzak hori eskatzen dizu». Duela aste batzuk iragarri zuen erretiroa hartuko zuela. Loinatzeko harmailetatik futbolean egin duen bideaz eta kirol horrek izan duen bilakaeraz mintzatu da.
11 urteko ibilbidea egin izana ametsa izan dela zenioen agurreko bideoan. Behin ametsetik esnatuta, nola zaude?
Lasai, iragartzeak patxada ematen dizulako, batez ere buruz; hartutako erabakia barneratzen. Bizimodu berriari ekiteko ilusioz eta gogoz nago, eta pixkanaka horretara ohitzen.
Erabakia aspaldi hartu zenuen edo azken ordura arte ibili zara segitu edo ez pentsatzen?
Ez da azkenaldiko erabaki bat izan. Aspalditik neukan erdi erabakita, barren-barrenean garbi nuen. Baina egia da kosta egiten dela erabakia erabat hartzea. Hori barneratzea da zailena, 11 urtez hori izan baita nire bizimodua. Nahiz eta argi dudan ondo hartutako erabakia izan dela, oraindik ere neure buruari zera galdetzen diot tarteka: «Ondo egin al dut?». Dena den, ingurukoek aipatu izan didate esaten nuenagatik nahiko argi zutela utziko nuela.
Zerk bultzatu zaitu horretara?
Alde batetik urte asko izan dira, eta goi mailako kirolak sakrifizio handia eskatzen du. Bestetik, esan bezala, bide berri bat hartzeko gogoz eta ilusioz nenbilen.
Gurasoak izan dira zure jarraitzaile finenak. Beti joan dira zure partidak ikustera, batez ere etxean. Haiek nola bizi izan dute?
Haiek ere esan izan didate: «Eta orain zer egin behar dugu asteburuetan?». Eta nik txantxetan zera erantzun izan diet: «Gehiago ez sufritu». Txantxak alde batera utzita, asko gozatu dute haiek ere, eta hori dute gogoan. Nik bezala, bizimodu berrira egokitu beharko dute orain.
Zure taldekide ohiak denboraldiaurre betean daude. Arraro egin zaizu zu egoera horretan ez egotea?
Egia esan, futbolean eman ditudan urte hauetan ere asko gozatu izan dut hortik kanpoko gauzez eta zaletasunez. Beraz, alde horretatik ez dut uste futbolaren hutsunea izango dudanik; ez, behintzat, egunerokoan. Argi dut zerekin gozatzen dudan, eta zerk egiten didan on. Ziurrenik hutsune nagusia talde baten parte ez izatea izango da.
Moduren batera edo bestera futbolari lotuta jarraitu nahi al duzu?
Kirolari lotuta ziur baietz: mendia, bizikleta... oso gustuko ditut. Futbola? Oraingoz ez, baina ez dut erabat baztertzen. Futbola asko gustatzen zait, eskarmentua dut, eta esperientzia hori zabaltzea eta erakustea polita da. Baina orain beste gauza batzuk probatu nahi ditut. Gorputz Heziketa ikasi nuen, eta hori osasunarekin eta prestakuntzarekin lotzen duen alorra oso gustuko dut.
Nola duzu gogoan ametsaren hasiera?
Egia esan, denborarekin konturatzen zara bidea nolakoa izan zen. Lehen Mailan jokatzea lortu nuenean bete nuen ametsa: oso pozik eta harro nengoen lortutakoa ikusita. Baina nik horra iristeko prozesuari eta 11 urte hor goian egon izanari ematen diot balioa. Lorpenek ederragoa egin dute bidea. Baina nik prozesuari ematen diot garrantzia, bitarte horretan bizitzen eta sentitzen duzunari. Uste dut nire nortasunaren parte izan dela hori, eta horrek eman didala modua bidea egiteko. Asebeteta sentitu naiz: egin dudan lanarekin, osatu dudan bidearekin eta izan dudan jarrerarekin. Hasi nintzenean Ane bat nintzen, eta orain beste bat. Urte hauetan berez nituen balio batzuk indartu ditut: diziplina, ahalegina... Gainera, futbolak neure buruan sinesten erakutsi dit.
«Lorpenek ederragoa egin dute bidea. Baina nik prozesuari ematen diot garrantzia, bitarte horretan bizitzen eta sentitzen duzunari. Asebeteta sentitu naiz»
Eta izan dituzun lorpenen artean zein nabarmenduko zenuke?
Momentu bat aukeratu beharko banu, Granadan Espainiako Kopa irabazi genuenekoa izango litzateke, batez ere irabazi genuen moduagatik eta sortu zen giroagatik. Oso berezia izan zen bere osotasunean. Inork ez zuen espero guk irabaztea, baina guk bai. Gure artean sortu zen konplizitatea izugarria izan zen. Finalerdietan Anoetan Sevillari sartu nion gola ere ez dut sekula ahaztuko; ezta bigarren geratu eta Txapeldunen Ligarako sailkatu ginenekoa ere. Asko gozatu genuen.
Eta Realaren agurraz zer oroitzapen duzu?
Oso ederra, batez ere Zubietako azken partidakoa: zaleak, lagunak, etxekoak, taldekideak, klubeko jendea... Denak han izan ziren. Denboraldia ez zen erraza izan, ez niretzat, ez taldearentzat. Baina azken partidetan jokatzeko aukera izan nuen, eta uste dut nahiko maila txukunean aritu nintzela. Hori gogoratuko dut, eta urte hartan taldekideekin bizi izan nituen momentu politak. Ez nuen espero hainbeste urte egingo nituenik Realean. Oso harro nago horretaz.
Azken urtea Eibarren egin duzu. Zer moduz?
Oso ondo. Nahiz eta ez nuen asko jokatu, oso eskertuta nago eman zidaten aukerarengatik. Oso urte ezberdina izan da, helburu ezberdinekin. Nik ere beste modu batera heldu nion denboraldiari. Asko ikasi dut, oso gustura egon naiz, jende oso onaz inguratuta egon bainaiz.
Zein izan da gakoa hainbeste urte gorenean egoteko?
Nire kasuan, eguneroko ahalegina. Izan ere, ez zen ohikoa izaten entrenatzaileek denboraldi hasieratik nire alde apustu egitea. Baina nire eguneroko ahaleginari eta diziplinari esker, lortu izan dut tokia hartzea. Neketsua da hori, baina, aldi berean, asko betetzen zaitu.
Egon zaren multzoetan beti saiatu zara kanpotik etorri direnei euskarazko hitz batzuk eta euskal kulturari eta ohiturei buruzko gauzak erakusten. Hori ere bada multzo batean egin beharreko lana, ezta?
Bai, noski. Beti gustatu izan zait hori, jakin dezaten hemen badugula gure kultura eta hizkuntza, gertu senti daitezen. Izan ere, gure nortasunaren eta balioen parte oso garrantzitsu bat dira. Beti saiatu naiz taldekide horiek beso zabalik hartzen, eta multzoan giro ona egon zedin. Uste dut bertako jendeak hori egin behar dugula taldearen oinarriak sendo egon daitezen.
«Beti gustatu izan zait kanpotik etorritako taldekideei euskarari eta euskal kulturari buruzko gauzak erakustea, gure nortasunaren eta balioen parte oso garrantzitsua baitira»
Nola bizi izan duzu futbolaren profesionalizazioa?
Alde batetik polita izan da, hasi nintzenetik orain arte aldaketa handia izan baita, eta profesionaltasunaren bidean egindako urratsak handiak baitira; eskertzekoa da hori. Baina, aldi berean, batzuetan frustragarria ere izan da. Horrela ibili behar izatea, eta hainbeste borrokatu behar izatea baldintza eta baliabide duin eta oinarrizko batzuk edukitzeko nekagarria izaten da askotan. Emakume izate hutsagatik borroka gehiago egin behar izatea frustragarria da. Gainera, askotan saltzen dute emakumeak aintzat hartzen gaituztela, baina azkenerako ez da horrela. Bestalde, argi dut emakumezkoen futbolak bere bide propioa egin behar duela eta ez dituela gizonezkoenaren gauza txarrak hartu behar.
Ametsa zen, zu hasi zinenean oraindik pentsaezina zelako emakumeak futbolari profesional izatea, ezta?
Ametsa, gainera, ez zihoan harago. Garai hartan ez genuen emakume futbolari erreferenterik. Realaren parte izatea, haren elastikoa janztea, harekin titulu bat irabazi eta Txapeldunen Liga jokatzea... Sinestezina zen hasieran.
Ikusgarritasuna handiagoa da orain, baina presioa eta kritikak ere bai.
Hala da. Gaur egun garrantzi handia ematen zaio fisikoki ondo egoteari eta kalitatea izateari. Baina are garrantzitsuagoa da psikologikoki ondo egotea. Arlo hori asko landu behar da, kanpotik datorrena kudeatzen jakiteko. Zeure buruaren balioa argi izan behar duzu. Izan ere, denboraldian zehar gorabehera asko izaten dira. Gainontzean, mundu honek jan egiten zaitu. Baliteke ingurukoek eta gertukoek ere asko sufritzea.