Esku Pilota

Goi mailan lehen urratsak egiten ari dira Marta Gomez eta Alejandra Perez

Bi pilotari gazteak lehen aldiz ari dira jokatzen Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketako maila nagusian. «Ilusioz» hartu dute aukera, eta «pixkanaka» gora egitea dute helburu.

Marta Gomez. EDUARDO AGIRRE
Marta Gomez, pilota jotzear, Binakako Txapelketan jokatutako partida batean. EDUARDO AGIRRE
2026ko otsailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen aldiek urduritasun eta ilusio sentimenduak nahasten dituzte gorputzean. Hori bizitzen ari dira Marta Gomez (Portugalete, Bizkaia, 2007) eta Alejandra Perez (Santo Domingo de la Calzada, Espainia, 2008); izan ere, lehen aldiz ari dira jokatzen Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketako maila nagusian. Biek umetatik izan dute pilotako giroa etxean, haien anaiak arituak baitira. Txapelketa aurrera doan heinean «hobeto» ikusten dute euren burua, eta norgehiagokak jokatu ahala «lasaiago» ari dira kantxan.

Gomez Naroa Agirrerekin ari da jokatzen, eta larunbatean lortu zuten lehen garaipena, Zestoan (Gipuzkoa), Natale Aranbururi eta Ane Mendibururi 22-18 irabazita. Orain arte ez dituzte emaitzak lagun izan, baina bikote moduan nola ari diren kontatu du Bizkaiko aurrelariak: «Elkar ondo hartzen ari gara, eta harreman ona daukagu». Perez, berriz, egungo lau eta erdiko txapeldun Maddi Barrokalekin ari da: «Harekin jokatu behar nuela esan zidatenean, ez nuen haren berririk. Hala ere, jokatu genuen bigarren aldian jada elkarrekin konfiantza bagenuela ikusi nuen, eta horrek lasaiago utzi ninduen. Badakizu pilotari ematea eskatuz gero hark utzi egingo dizula». 

Biek ala biek oso presente eduki dute pilota etxean, anaiek ere jokatu baitzuten. Gomezek nola hasi zen oroitu du: «Anaiaren norgehiagokak ikustera joaten nintzenean, atzeko horman pilota jotzen aritzen nintzen, eta, behin, gerora nire entrenatzaile izango zenak aurreko horman jokatzeko aukera eman zidan, eta horrelaxe hasi nintzen». Perez ere nebaren norgehiagokak ikustera joaten zenean zaletu zen, eta Ados Pilotarekin txapelketa hau jokatzeak sortu dion motibazioa nabarmendu du: «Txapelketa hau jokatzea inflexio puntu bat izan zen, hasi baino hiru hilabete lehenago pilota uzteko zorian izan bainintzen». Taldekideen artean dagoen giroak ere bultzatu zuen jarraitzera: «Ados kluba familia bat da. Oso ongi hartzen dute jendea, eta giro horretan eroso sentitu nintzen».

«Txapelketa hau jokatzea inflexio puntu bat izan zen, hasi baino hiru hilabete lehenago pilota uzteko zorian izan bainintzen»

ALEJANDRA PEREZ Pilotaria

Pilotarekiko ikuspegia ere aldatu egin zaio Perezi txapelketa jokatzen ari denetik: «Pilota ez gustatzetik berriro horretan motibazioa edukitzera igaro naiz. Bi hilabete egon nintzen jokatu gabe, eta orain ahal dudan lekutik denbora ateratzen saiatzen ari naiz entrenatu ahal izateko». Motibazio falta «handia» zuen Perezek orduan, eta norgehiagokak jokatzea beretzat ez zen «gozamena, derrigortasuna baizik». Beti da pozgarria lehen mailako txapelketa bat jokatzeko aukera edukitzea, eta albistea eman zioten unea nola bizi izan zuen oroitu du Gomezek: «Espero nuen txapelketa jokatzea, baina baieztatu zidatenean, aitarengana joan nintzen lasterka, eta ia-ia negarrez hasi nintzen. Harreman ona dut haiekin, eta oso pozik nago». 

(ID_17700397537385) (/EZEZAGUNA)
Alejandra Perez, pilota jotzeko prest, partida batean. EDUARDO AGIRRE
Gauzak hobetzeko

Maila hauetan jokatzen hasterakoan, pilotaria oraindik garapen prozesuan egon ohi da, eta jokoaren alorretan hainbat gauza eduki ohi ditu hobetzeko. Aldiz, zerbaitetan nabarmentzen delako ere iristen da gorenera. Perezek bere indarguneez hitz egin du: «Eskuinez ongi moldatzen naiz. Gainera, urrunetik botatako dejadak ongi atera ohi zaizkit. Beti gustatu izan zaidan jokaldi bat izan da; ederra da». Pilotariak, oro har, esku indartsuenarekin moldatzen dira ondo, eta batzuetan kosta ere egiten zaie beste eskua erabiltzea: «Hobetu eta hobetzen saiatzen ari naizen alorra ezker eskua da. Entrenamenduetan horri gehiago erreparatuta hobetzea espero dut».

Gomezek, berriz, kantxan sartzean duen jarrera aipatu du indargune moduan, eta izen bat ere aipatu du adibide modura: «Kantxan pilotari aktiboa naiz, Unai Laso bezala». Gaztea oraindik fisikoki egiteke egoten da normalean, eta horretan garatu beharra daukala onartu du: «Erresistentzia da hobetu behar ditudan gauzetako bat. Agian ez da hainbeste nabaritzen, baina kantxan batzuetan kosta egiten zait fisikoki».

«Espero nuen txapelketa jokatzea, baina, baieztatu zidatenean, aitarengana joan nintzen lasterka, eta ia-ia negarrez hasi nintzen»

MARTA GOMEZ Pilotaria

Gazteak izanik, bide luzea eta oparoa dute aurrean. Orain ari dira goi mailan lehen urratsak egiten, baina, zer adin duten eta epe luzera nolako maila lor dezaketen ikusita, oraindik denbora luzez ariko dira kantxan. Hala ere, oraina ere hor dago, eta bizi egin behar da. Perezek gaur egun dituen helburuez hitz egin du: «Une honetan, pilotan jokatzen hobetzea eta bertan oreka bat mantentzea; hau da, pilotaz gozatzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Ez nuke nahi berriro derrigortasun moduan hartu frontoira joatea; bertara joan eta pilotarako gosea eduki nahi dut. Funtsezkoa litzateke ilusio hori ez galtzea». Gomezek ere baditu helburuak: «Barruan dudan guztia ematea da nire helburua une honetan. Ez da une erraza Naroarentzat eta niretzat; ni eskuetatik ez bainabil fin, eta hark ez baitu ondo belauna. Baina aurrera egin behar dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.