ESKUBALOIA

«Goian egon nahi dut berriro, onenekin»

edurne elizondo
2005eko urriaren 1a
00:00
Entzun


Kasperrekin batera, Portlanden atea zaintzeko ardura du Tomas Svenssonek. Alemanian aritu ondoren ailegatu da Iruñera, eta gogoz dago. Jokatzeko eta irabazteko gogoz. Emateko asko duela erakusteko gogoz.

Denboraldia martxan da. Zer moduz zaude Iruñean?

Ongi, oso ongi. Taldekide berriekin moldatzeko inolako arazorik ez dut izan. Baina gehiago kosta zait Asobal Ligan berriro eroso sentitzea. Alemaniako Ligarekin aldeak badira. Azkarragoa da jokoa hemen. Alemanian gehiago erabiltzen dira kanpoko jaurtiketak. Egia da lehendik ere ezagutzen nuela Asobal Liga, baina kosta zait apur bat berriro egokitzea. Proiektu berri bat hastea.

Alemaniatik Iruñera. Zer-nolako garrantzia du Portlanden alde egin duzun apustuak zure ibilbidean?

Nik aurrera begiratzen dut beti. Une honetan lan egiteko gogoz nago. Jokatzeko irrikan. Lau urte dira Txapeldunen Ligan ez naizela aritzen. Goian, onenekin egon nahi dut berriro. Horregatik, Portlandekin gauza handiak lortuko ditudala pentsatu nahi dut. Hori espero dut.

Kasper duzu taldekide Portlandeko atea zaintzeko lanetan. Zer moduz?

Luxu handia da. Ongi edo gaizki aritu, Kasperrek beti ematen du %100. Duen guztia. Onena bilatzen du beti bere taldekideentzat eta taldearentzat. Horregatik, luxua da. Eta erraza, gainera. Lanerako grina erraz pizten dio Kasperrek edozeini. Gaitasun hori du. Eta oso pertsona ona da, gainera. Oso ongi moldatzen gara, eta elkarren osagarri garela uste dut.

Asobal, Txapeldunen Liga. Lana erruz izanen duzue. Partida bakoitzean biok aritu zarete orain arte, bat lehen zatian, bestea bigarrenean. Horrela jarraitzea da asmoa?

Dinamika hori da, bai. Joan den sasoian ere hala aritu ziren atezainak. Bi atezain on izanda, sistema ona izan daitekeela uste dut. Arrisku bat badu. Ni, adibidez, gaizki aritu nintzen Valladoliden aurkako lehen zatian. Txanda aldatu genuen, eta kito. Baina bigarrena bada gaizki ari dena, lehenengoaren nekeak eragina izan dezake atean. Baina oraingoz ongi moldatzen ari gara.

Bihar ekinen diozue Txapeldunen Ligari. Gogoz?

Bai, sekulako gogoz. Bai eta Asobalen aritzeko ere. Jokatzeko grinari eusten saiatzen ari naiz, behar baino lehen ez nekatzeko. Neure buruari eta jendeari erakutsi nahi diot ongi aritzeko moduan naizela oraindik. Badudala, oraindik, zer eman eskubaloiaren esparruan.

Aurkariaz gauza handirik ez dakizue. Hori txarra edo ona da?

Aurkariari buruz ahalik eta gauza gehien jakitea komeni da. Guk, hala ere, bestelako arazoak ditugu egun. Gure buruari eskaini behar diogu arreta une honetan. Gure arazoak konpondu, Arrateren kontra gertatu zena errepika ez dadin. Espero genuen abisua izan da. Denon erantzukizuna da hobetzea.

Zer-nolako arazoak dira horiek?

Gauza asko dira. Egia erran, nik uste dut Arrateren aurka Almeriaren kontrako baino hobe aritu ginela, baina biak izan dira partida txarrak. Arrateri dagokionez, Iñaki Malumbresek erabaki zuen partida, neurri handi batean. Baina argi dago horrelakoak ezin direla gertatu. Asko dugu hobetzeko. Erantzukizun handia dugu. Eta min gehien ematen didana da ikusleen aurrean halako irudi eskasa agertu izana. Serioago aritu behar dugu. Jokalari asko oso ongi prestatuta datoz, baina talde gisa hobetu behar dugu.

Bihar izanen duzue irudia hobetzeko aukera. Jose Ignacio San Miguel presidenteak erran du porrota litzatekeela ligaxka ez gainditzea. Zer deritzozu?

Nik ez dut porrotaren inguruan hitz egin nahi. Munduko onenetarikoak gara. Halako talde batek ligaxka gainditu behar du. Ligaxka hasi aurretik porrotaz aritzeak ez du zentzurik. Aurkaria zein den begiratu gabe, argi izan behar dugu etxeko partidak irabazi egin behar ditugula. Horretarako, noski, hobera egin behar du gure jokoak. Eta hori lortzea gure erantzukizuna da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.