Goikoetxea eta Enbil berriz ere elkarrekin ariko dira binakakoan

Egiguren II.a eta Lopez izango dira haien aurkari nagusiak, eta Felix azken aldiz ariko da txapelketan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil elkarrekin seigarren txapela irabazten saiatuko dira gaur hasi eta urriaren 12ra arte Munduko Pilota Batzarraren binakako zesta-punta txapelketan. Euren aurkari nagusiak Mikel Egiguren eta Imanol Lopezek osaturiko bikotea izango da. Bi bikote horiek dira txapela lortzeko faborito handienak, edo agian bakarrak, eta gaur bertan elkarren aurka jokatuko dute, 20:00etan, Noainen (Nafarroa). Binakakoak, era berean, izango du beste protagonista handi bat: Felix Espilla. Berriatuko atzelariaren azken txapelketa ofiziala izango da profesionaletan 32 urte igaro ondoren.

Master Jaiko eta Jai-Aliveko hiruna bikote ariko dira, eta lehen fasean bakoitza beste enpresako hiru bikoteekin neurtuko ditu indarrak. Master Jaiko beste bi bikoteak Beaskoetxea-Irastorzak eta Bereikua-Felixek osaturikoak dira. Jai-Alivekoak, berriz, Foronda-Hernandez eta Erkiaga-Alliez. Ez dirudi txapelketa oso orekatua denik, bi bikote nabarmentzen baitira. Halere, Aitor Totorika Master Jaiko presidenteak atzoko aurkezpenean zehaztu zuenez, bere enpresan bikoteak zozketa bidez eratu dituzte. Bikote kopuruari dagokionez, iaz baino bi gutxiago izango dira, Totorikak gehiago nahi zituen arren.

Lehen fasean bederatzi jaialdi jokatuko dira guztira; heldu den astelehenean azkenekoa, Gernikan (Bizkaia). Eta lehen lau sailkatuak igaroko dira finalerdietara. Jaialdiok Noainen, Markinan (Bizkaia), Gasteizen, Hondarribian (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia) eta Gernikan jokatuko dira. Finalerdiak, berriz, urriaren 9an jokatuko dira, Markinan eta Durangon. Finala, azkenik, Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan izango da. Finala jokatzeko lekuak zeresana eman zuen aurkezpenean, Master Jaikoek adierazi zutenez eurek nahiago zutelako lehia erabakigarria Markinan jokatzea.

Hasteko, faboritoak

Txapelketak puntako hasiera izango du, bi hautagai nagusiek elkarren aurka jokatuko baitute Noainen. Bide batez, 2006ko finaleko errebantxa ere izango da. Ordukoan Goikoetxea eta Enbilek 35-25 irabazi zuten, Gernikan. Bi bikoteak euren enpresetako ikur dira, eta iazko irailean neurtu zituzten azkenekoz indarrak, Markinan, eta Master Jaikoek 35-28 irabazi zuten. Aurten Urrezko Xisterako finalean elkarren aurka aritzekoak ziren, baina Goikoetxeak, min hartuta, ez zuen jokatu, eta Bereikuak ordezkatu zuen. Lehen faseko hurrengo bi partidak etzi gauean jokatuko dira, Markinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.